Zeruak eta lurrak (14)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2025eko abenduaren 10a

Jon Azpilikueta zuen izena Donostiatik etorritako mertzenarioen buruak. Makina bat gerratan parte hartua zen, odol gose baino, altxor gose beti. Afrikatik etorri berritan, taktikarik basatienak zituen gustuko, eta gainerakoak azpiratu behar bazituen, erreparotik gabe egingo zuen egin beharrekoa.

Hurbildu zitzaion markesari graduak eskatutako erreberentzia eta errespetuarekin. Denaren jakitun, kanpin denda nagusian bildu ziren estrategia definitzeko asmoz. Alaba zaharrena ere bertantxe zegoen. Markesak haren hoztasuna ere nahi zuen. Baserriaren planoak guztien erdian, ahulguneak iparraldean nabaritu zituzten. Normalena hegoaldetik erasotzea litzateke. Halere, ezusteko erasoak inork gutxik espero izaten ditu. Hori dela eta, Azpilikuetatarren semeak hartu nahi izan zuen iparraldetik erasotzeko ardura. Ez zuen bakar bat bizirik utziko, eta markesaren alaba txikia hark salbatuz gero, sakelak ondo beteta itzuliko zen etxera. Hegoaldeko erasoa markesak berak zuzenduko zuen, hark esango lukeen bezala: “harrapakinari begietara begiratu behar zaio lepoa moztu bitartean”.

"Tiroek jarraitzen zuten egunak aurrera egin ahala. Inoren garaipen oihurik ez zen entzuten, eta pixkanaka, suminduraren antzeko zerbait zabaltzen zebilen ezkutuan"

Troian bertan ongi prestatuta zeuden matxinoak. Horrela deitu zituen prentsak. Kazetarien joan-etorriak galanki areagotu ziren herrian. Edonork esan zukeen eskuetatik ihes egindako eszena zela, beste era batean konpontzeko moduko liskarra zela, edo agian, usteen mutazio surrealista. Halere, ezer gutxi egin zitekeen zentzuak ihes egin ondoren. Udazken berritan eskopeteroen hotsak entzun nola entzuten ziren fusilak Usurbilgo periferian. Itolarrian zeuden kalabozoetan, inor gehiago ez zen sartzen bertan. Funtzionarioari, hura ere herritarra, zelda irekitzeko agintzen zioten barrukoek. “Manu, ezin diagu hatz bakar bat ere mugitu! Markesari berriro joan zaiok burua!” Manuk, ordea, ez entzunarena egiten jarraitzen zuen, bai baitzekien hark ere zeldaren bestaldean amai zezakeela goikoen aginduei kontra eginez gero. Markes eroaren irudia nagusitu zitzaion, baina, memoriaren iruditegian, eta hotzikara batek gurutzatu zion bizkarrezurra.

Tiroek jarraitzen zuten egunak aurrera egin ahala. Inoren garaipen oihurik ez zen entzuten, eta pixkanaka, suminduraren antzeko zerbait zabaltzen zebilen ezkutuan. Zaharrenek markes gaztea oroitu zuten, markes eroa, markes doilor eta bilaua. Gerora, San Jose eguna bera hautatu izan zuen haren irudia garbitzeko. Aita ona, herriaren zaindaria, hori izan nahi zuen. Herritarrek, beldurrak moldatutako errespetua medio, men egingo zioten, eta horrela, biak ala biak elkarri lotuta, aurrera egingo zuten.

Gazteek ez zuten ezagutu markes hura, soilik sorbaldaren gainetik begiratzeko ohitura zeukana. Podiumetik, denen gainetik, paternalismo higuingarriaren kiratsa zerion. Horregatik, minutuak igaro ahala, bat baino gehiago batu zen Troiara, eta konturatzerako bigarren frontea zabaldu zitzaion markesari Anaerrekako sakonean. “Zer ari da gertatzen herri honetan? Hain leial orain artean, eta bat-batean, denak nire aurka?”, zioen markesak haserre. “Gehiago luzatzen bada Azpilikuetatarren seme hori, herri osoa altxatuko da!” Alaba zaharra hurbildu zitzaion markesari. Hotz besarkatu zuen. Plan baten berri eman zion xuxurlaka. Galdetu ere ez zion egin zer ote zen, horrelakoetan fede itsua zeukan alabarengan. Besarkadatik urrundu berritan, alabaren begiei erreparatu zien, eta haren burua ikusi zuen islatuta haietan. Begirada bera zeukan denbora atzera. Askotan mespretxatu izan zuen, erdikoa izateagatik izango zen, baina une hartantxe ulertu zuen bazter utzitakoa.