“Zure laguntza behar dut”, esan zion alabari: “Gaur erabakiko da gure etorkizuna”. Oraina hankaz gora egotean, edonork beldur izaten dio etorkizunari. Kontserbadore jokatu ohi dute koldarrek, galtzekoari gehiago erreparatzen diote. Aldiz, irabaztekoari lerdea dariela begiratzen diote anbizio handikoek, nahiz eta sugarrak ezkutatuta egon begirada hotzen atzean. “Fusil bat aski dut”, erantzun zion alabak.
Troiako belazeetan aurrera, fusilarekin senargaia apuntatuta zeukala, baserrirantz gerturatu zen. Baserrian bertan gotortuta zirenei oihu egiten zien. Helena haren senargaiaren trukean nahi zuen. Negozio penagarria zela argudiatzen zioten, alproja hark ezer gutxi balio ziela. “Ez izan inozoak!”, jarraitu zuen Katalinak: “Gizatxar honen trukean urrea emango dizuete batek baino gehiagok. Urkamendiko sokatik zintzilik nahi dute. Ondo jokatuz gero, aberatsak zarete”.
“Engainatu nahian dabil, ez egin kasurik!” Azpijokoan erortzea nahi zuela esaten zien Alaitzek gainerakoei, diruaren hotsarekin erosi nahi zituela. “Herriarengatik ari gara borrokan hemen. Judas baino okerragoak izan nahi al duzue?”
Bere baitarako, harrotasunez so egiten zion alabari markesak. Belardi berdearen erdian su armarekin gizonari apuntatu eta etsaiarekin negoziatzen. Batere begiko ez zuen alproja hura Troiara sartuz gero, irarik bortitzena zabaldu zezaketen. Errautsetaraino txikituko zuten aurre egin zien oro. Bat-batean, baina, tiro hotsa. Troiatik egin zuten Katalinaren oin ondora. Zaina lehertzekotan zeukan markesak, hotz jokatzeko garaia zen, ordea.
"Desadostasunak laster batean hasi ziren Troiako hormen barruan. Alaba txikia han egoteak arazoak besterik ez zizkien ekarri"
“Beste pauso bat, eta kopeta erdira joango da hurrengoa!” Halaxe oihukatu zuen Alaitzek Troiako leihotik. Gehiegi hurbildu zen hizketaren erdian. “Txolina izan behar da horrelako tratua ez onartuta!”, erantzun zion Katalinak. Madrilgo negozio handi guztietan sartuta zeukan muturra haren senargaiak, eta guztietan bete zituen sakelak gainerako sozioen kaltetan. Babes beharrean hurbildu zitzaion Katalinari. Aristokraziaren parte izateak pribilegioak emango zizkion, eta hala, banku gizon eta gainerakoen akusazioetatik libratuko zelakoan zegoen. Katalinak ondo zekien hori guztia, ez tuntunarena egin zuen, baina bere onurarako erabiltzeko aproposa zen. Momentu egokia izan behar, eta hura ezin hobea zen. Interesagatik hurbildu zitzaion gizonarekin amaituko zuen, eta aitaren onarpena izango zuen azkenik. Guztiaren jabe egingo zen, hori zen nahi zuena betidanik. “Zer gehiago jakin behar duzue tratua onartzeko?”
Desadostasunak laster batean hasi ziren Troiako hormen barruan. Alaba txikia han egoteak arazoak besterik ez zizkien ekarri. Dirua egiteko aukera paregabea zeukaten ia-ia esku artean. Alaitzek berean jarraitzen zuen, ordea, ezin zuten ordura arteko guztia diru faltsuaren truke aldatu. “Zer dela eta egon gara orain artean borrokan? Zuek aberasteko erori al dira gaur arteko anai-arreba guztiak?” “Orain moralista jarri behar al duzu?”, erantzun zioten. “Gainera, nork izendatu zaitu gure buru?” Gizonetako batek Helena heldu zuen, trapuaz itxi zion ahoa. “Zentzudunak izan, inoiz ez dugu halako aukerarik izango, eta mundu honetan dirua behar da dirudunen aurka egiteko”.