Zeruak eta lurrak (16)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2026ko otsailaren 18a

Probintzia osoan zabaldu ziren Usurbili buruzko berriak. Aldundian ere ez ohiko batzarra antolatu zuten politikariek. Hitzetik hortzera zebilen jauntxoen gaia. “Muga guztiak gainditu ditu Usurbilgo markesak, eta hori ezin da ukatu”, adierazi zuten batek baino gehiagok.

Boterea mugatzeko proposamenak mahai gainean jarri zituzten. Hori bai, Troiako baserriaren bueltan gertatzen ari zena konpontzeko ez zuten ezer egin. Akaso, justizia arduratuko zen etorkizunean, baina une hartan, zortearen esku utzi zituzten gertakizunak.

“Zerbait lortzekotan, neskato honekin lortuko dugu; ez beste tipo horrekin!” Katalinak oihuka jarraitzen zuen, eztarria utzi beharrean zegoen, baina barruko inork ez zion erantzuten. Diruaren kiratsak bat baino gehiago nahasi zituen, ordea, eta trukea egiteko eskatzen zuten. “Orain arteko guztia diru zikinagatik aldatu nahi duzue?” Eskutik eskura zebilen neskatoa, harik eta garrasi ozen batek zeruak ere ebaki zituen arte.

Garrasi hark bere onetik atera zuen markesa. Zer ari ote ziren egiten haren alaba txikiarekin? Odol beroak gudu zelaiaren erdiraino eraman zuen. Harresia gainditu, eta barruko guztiak ezpataren zorrotzaz garbitzeko prest zegoen. Arimarik ez zuen utzi nahi han, denak infernura bidaliko zituen. Katalinak geldiarazi zuen, baina. Biek ala biek antza bazuten ere, emakumearen hoztasuna ez zetorren aitarengandik.

“Ezin dut gehiago! Zertan ariko dira hor barruan?”, galdegin zion alabari. Hark ez zuen ezpainik mugitu, senargaia suzko armaren puntarekin mehatxatzen jarraitzen zuen. “Azken aukera daukazue. Trukea onartu ala bertan akabatuko zarete!”, oihukatu zien Katalinak. Isiltasuna nagusitu zen. Haize ufadek su kea zabaltzen zuen belazean. Atea zabaldu zen, eta mutil gazte batek alaba gaztea zekarren. Bost metroko distantziara jarri ziren biak. “Trukea onartzen dugu. Orain utziguzue bakean”.

Katalinak barre egin zuen. Oinarekin bultza zuen senargaia, eta Troia barrura sartzera behartu. Bitartean, alaba txikia besarkatu zuen markesak. Negar betean hastear zegoen, baina emozioei gainjarrita, leku segurura urrundu ziren hirurak.

Behin kanpalekuan, Azpilikuetaren esperoan geratu ziren. Jada zaldia Troia barruan zegoen, suntsipena bakarrik falta zen. Ke zutabeak zeruraino igo zirenean, plana aurrera zihoala jabetu ziren. Den-denak kiskaliko ziren bertan. Barruan, ordea, oraindik ez ziren hartaz ohartu.

“Zenbat irabaziko dugu tipo honekin?” “Ondo lotu ez dezan alde egin!” “Erriberako lurrak erosi, eta negozio ikaragarria muntatuko dut!” Etorkizun oparoa ikusten zuten gehienek, baina Judasen pareko ikusten zituzten besteek. Alaitz zen horietako bat. “Ez izan apaiza!”, iseka egiten zioten gainerakoek. “Horiek ere patrikak bero-bero izaten dituzte sermoiak eskaini artean”. “Gu ez ginen horrelakoak!” Mundua ezin omen zela fantasiekin konpondu erantzun zioten. Boterea behar, eta diruak horixe omen. “Infernuan amaituko duzuelakoan!”

Eta halaxe izango zen. Sugarrak behetik gorantz ari ziren. Kanpotik begira zeudenentzat, ikuspegi paregabea zen: Troiako baserria suak irentsiko zuen, eta barruko arratoi eta zomorroak hauts egingo ziren ihesbiderik gabe. Helena izu-ikara handiak hartu zuen. Nola zen posible horrelakorik? Ihes egin nahian hasi zen, baina markesak ez zion utzi. Haren eskutzarrek sendo eusten zuten alaba txikia, ez zuen berriro ere galduko, ez zion ihes egingo. “Handia zarenean ulertuko duzu”. Urkamendiko hitz berak ziren, baina sugarren argipean, are krudelagoak eta ikaragarriagoak ziruditen.

Garrasiak eta txilioak aditzen ziren Troia barrutik.