Zeruak eta lurrak (17)

Erabiltzailearen aurpegia Zeruak eta lurrak (17) 2026ko martxoaren 18a

Troia sutan kiskali zen. Haren barnean zeudenak errauts egin ziren. Arimarik ere ez zen geratu bertan.

Saroeko markesak harrotasunez begiratzen zituen zeru goietarako altxatzen ziren sugarrak. Berriro ere basapiztia esnatu zen, eta usurbildarrek oroitu zituzten ahaztuak nahi zituzten oroitzapenak. Keak zeru urdina estali zuen. Kilometroetatik ikus zitekeen, hekatonbea zirudien. Errautsa euriaren pare erori zen herriko kaleetan. Inork ez zuen ezertxo ere esan. Mutu mantendu zituzten ahoak, ito egiten zituen ikarak desesperazio oihuak. Kanpairik ez zen jo hildakoen omenez, hiletarik ere ez zen egin. Samina barruan eraman zuen norberak ahal bezala.

Saroeko jauregian bildu ziren goi graduko guztiak. Garaipena ospatzekoa zen, baina inork ez zuen txintik esaten. Hileta zirudien, aurpegi serioak. Helenak ezin izan zuen gehiago, eta aitari aurre egin zion: “Munstro hutsa zara!” Markesak ez zion erantzun, eguneko emozioak borborka zeuzkan alaba txikiak, eta normala zela pentsatzen zuen. Loaldiaren ondoren, lasaiago egongo zen. Konbentzituta zegoen mundua argi ikusiko zuela denborarekin, menpekoek menpeko izaten jarraitu behar zutela, eta horretarako bortxa erabili behar bazen, eskua ezin zuela dar-dar egin.

Afari erdian ihes egin zuen alaba txikiak garrasi betean. Markesak ez zuen hatzik mugitu. “Pasatuko zaio”, horretara mugatu zen. Amak atzetik jarraitu zuen, halere, eta mahaiaren bueltan markesa eta Katalina geratu ziren, isilik. Ardoa edaten ari ziren biak ala biak, garaipenaren zaporea dastatzen ari ziren. Begirada konplizeak gurutzatu zituzten: biek zekiten ondo egin zutela. Bakoitzaren posizioa are sendotuago geratu zen. Markesak herritarrek berriro ere beldurra izatea lortu zuen eta Katalinak familiako oinordetza esku-eskura zeukan. Bazekien aitak maitasun berezia ziola Helena txikiari, baina inondik inora ez zion titulua emango. Ahulegia zen horrelako titulua eramateko. Norbait hotza, kalkulatzailea behar zuen, enbor bereko ezpala, eta Katalina horixe zen, aitarena baino hoztasun handiagoa zuen emakumea. Senargaiaz ederki libratu zen, gainera. Hura ere sugarrek kiskali zuten. “Suarekin jolasteko sua ezagutu behar da”, esaldiak eman zion amaiera hari buruzko hitz trukeari.

“Troiako gerraz idatzi egin behar da inork ez dezan ahaztu herri honetan nork agintzen duen eta zer gertatzen zaien aurre egin nahi digutenei”

“Bertsoak jartzeko eskatu beharko diozu norbaiti, aita”, jarraitu zuen Katalinak. “Troiako gerraz idatzi egin behar da inork ez dezan ahaztu herri honetan nork agintzen duen eta zer gertatzen zaien aurre egin nahi digutenei”. Gustatu zitzaion ideia markesari. Antzinako heroien pareko ikusten zuen bere burua, eta hala ikusi behar zuten gainontzekoek ere. Biharamunarekin jarriko zen horretan. Nekeak eta emozioak jota zeukaten, eta atseden hartzera erretiratu zen. “Helenarekin hitz egitera zoaz, ezta?” Buruarekin ezetz egin zion alabari. “Handitzen denean ulertuko du”. Horixe esan ondoren utzi zuen jangela.

Korridorean aurrera, alaba txikiaren gelako atea erdi irekita nabaritu zuen. Argia piztuta zegoen, eta neskatoa mukiak zerizkiola nabari zuen. Ate ertzean pixka bat geratu bazen ere, aurrera jarraitu zuen. “Handitzen denean ulertuko du”, errepikatu zion bere buruari. Logelara joan zen, lotarakoak jantzi eta izara artean bildu zen garaipen zaporea ezpainetan.

Biharamunean aieneka zegoen mundu guztia. Iskanbila haren erdian zerbait ulertzen saiatu zen Katalina, baina zerbitzariak shock egoeran zeuden. “Baina zer gertatu da horrela esnatzeko?” Familiako sakristauak eman zion berria hitz bakoitzeko aitaren egiten zuen bitartean. Markesa hilda zegoen ohean eta Helena alaba txikiaren arrastorik ez zegoen jauregi guztian.