Zeruak eta lurrak (18)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2026ko apirilaren 30a

Ponpaz hasitako bisita ponpaz amaitu zen. Hiru egunez egon zen markesaren gorpua Saroe jauregiko sala nagusian, eta usurbildarrek azken agurra eman zioten. Hala ere, gogoz kontra bat baino gehiago joan zen, askok imajinatu zezaketena baino gehiago. Zeren Troian egindakoak sumin ikaragarria eragin zuen, eta jada ez zen markesa ez zen babes hura. Berriro ere gaztetako munstroa esnatu zen, eta ez zuen erreparurik izan sugarretan usurbildarrak kiskaltzeko.

Troian hildakoen senideak etxean geratu ziren. Ez zioten errespeturik zor. Haien etxeetan bazen nahikoa sumin. Seme-alabak han geratu ziren betirako hauts bilakatuta. Katalinarengan ere ez zeukaten esperantzarik. Aitaren kalkoa zela uste zuten, silueta bat. Berdin-berdin jardungo zuen ziurrenik, eta herria bere nahieran ibiltzeko espazioa izango zen.

Inork ez zuen Helenaren arrastorik. Mapatik desagertu zela zirudien. Konspirazioen zaleek Katalinaren azpijokoren bat zela pentsatu zuten. Ahizpa txikia ekuaziotik kenduz gero, Saroeko lurrak berarentzat izango ziren inolako traba edota kontrakorik gabe. Besteren batzuek pentsatu izan zuten familiatik bereizteko nahian, norabait hanka egin zuela familiaren diruarekin. Esanak esan eta kontuak kontu, Helena desagertu egin zen, eta urteen poderioz, jendearen oroimenetik ere desagertzen joan zen.

Izan ere, Katalinak inoiz ez zuen gustuko izan, eta egin zituen bidaietan, ahizpa txikiaren oroitzapena ahazten saiatu zen. Gutxitan azaldu zen Usurbila, eta azaldu zenetan, apenas zapaldu zuen kalea aitak ez bezala. Gerora, nahiago izan zuen ez itzuli. Eta jauregiko leihoak eta pertsianak itxita ikustera ohitu ziren usurbildarrak.

Ohitu ziren bai, harik eta behin, Troiako gerra gertatu zenetik hamabost urtetara, gela bateko argia piztuta nabaritu zuten Patrinetik. Azkar asko zabaldu zen zurrumurrua herrian gaua izan arren. Mamuei buruz hizketan hasi ziren bat baino gehiago. Morroiarekin hitz egin zuten jauregira hurbildu zirenek, baina marroiak gezurtatu egin zuen hori dena. “Ni hemen etxea zaintzeko nago, eta benetan esaten dizuet hona ez dela inor sartu” “Zin egin!” “Zin degizuet!” Buelta erdia eman zuten, baina susmoak ez ziren itzali. “Ardoa goxoa behar diat dardara hau kentzeko”.

"Eszena guztia ikusi zuen morroiak lorategiko iluntasunean ezkutatuta. Inaxiok berak etxerako bidea hartu zuenean, lasterka sartu zen jauregian"

Tabernako elkarrizketek hipotesi posible eta inposible guztiak ukitu zituzten. Baita markesaren itzulerarena ere. Hilobitik altxa, eta forma etereoan usurbildarrak ikaratzera itzuli zela pentsatzeko gutxi behar zuten batzuek. “Hago ixilik! Nola itzuliko duk, ba, hilen artetik? Hura Mesias baldin bazuan, deabrua nolakoa izango duk?” Tabernariak etxera bidali zituen denak txorakerien kupoa bete zenean. Baina etxerako bidean, Inaxiok bost aldiz igurtzi zituen begi biak argia ikusi ala imajinatzen zuen ziurtatzeko. Goiko solairuko argi bat piztuta zegoen; halere, ardoari bota zion errua, zeren nahiago mozkortzat hartzea erotzat baino.

Eszena guztia ikusi zuen morroiak lorategiko iluntasunean ezkutatuta. Inaxiok berak etxerako bidea hartu zuenean, lasterka sartu zen jauregian. Eskailerak binaka igo zituen, eta goiko solairura iritsi zen arnasari buelta ezin eman. Atea jo zuen oraindik ere arnasestuka. Mantso-mantso zabaldu zuen atea, eta zabaltzen zen zirrikitutik sartu zuen burua. “Susmoak areagotzen ari dira. Honek ez du luzaroan iraungo, Helena” “Baina ezin dut argirik gabe egon!” “Zergatik ez zara nire etxolan geratzen? Agian arrazoi zenuen hori esan zenidanean”.

Helena alaba gazteena, zeren txikia esatea ez litzateke oso egokia, Saroe jauregira itzuli zen ezkutuan. Zertara itzuli zen, ordea, inork ez zekien.