Zeruak eta lurrak (19)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain 2026ko maiatzaren 27a

Madrileko palazio eder bateraino ailegatu zen Saroe jauregiko mamuaren zurrumurrua. Katalina markesak segituan egin zuen maletak, gogoz kontra izanda ere, Usurbila itzultzeko. Aitaren heriotzatik ez zuen herria zapaldu, eta haren asmoetan ez zen itzultzeko asmorik ere. Egoerak, ordea, beste erremediorik gabe utzi zuen, eta markesari zegozkion gradu guztiekin, iparralderako bidean jarri zen.

Bost urtetik gora igaro ziren historiako orri beltz haietatik. Herrian inork hitz egiten zuen horren inguruan. Ahaztu nahi zuten guztiek minak han nonbait zirauen arren. Zurrumurruen kontuak ez zuen onik ekarri egia esan. Amesgaiztoak eragiteko modukoa zen. Markes zaharrak ez zuen gupidarik izan inorekin, eta agian, zekenkeria haregatik, heriotzak ere ez zuen gupidarik izan harekin. San Jose egunez aita babesle eta justuaren jantzipean agertutako hura jada ez zen berriz itzuliko. Inork ez zuen nahi herrian. Eta Katalina itzuliko zela zabaldu zenean, ezinegona ere halaxe zabaldu zen.

Esan nizun ez zela ideia ona, kexatu zitzaion zerbitzaria Helenari. Baina Helenak jada ez zituen hemezortzi urte, jada ez zen inozentziaren irudia. Hark bakarrik zekien non ibili zen urte haietan, zer egin zuen, eta ilunpean, erdi ezkutuan atea jo zuenean, zerbitzariak ezin zuen sinetsi. Herriko gizon zahar bat zen, familiatik zetorkion Saroeko zerbitzari izatea. Gizon isila, menekoa, halaxe gustatzen zitzaien markesei. Halakoxeak gustatzen zitzaizkien denak.

Egunez, liburu zaharrak irakurri ohi zituen lasai-lasai. Gramofono bat ere bazeukaten jauregian, baina soinua ateratzea ez zen asmoa. Nazka-nazka eginda zegoen, ordea, lau hormen artean, eta behin atera zen kalera. Inork ez zuen ezagutuko, baina holako herri txiki batean, ezin oharkabean ibili. Aurpegi ezezagun bat are nabarmenagoa zen aurpegi ezagun baten aldean. Jauregiko garbitzailea zela esan zion galdetu zion lehenari. Muturra okertu zuen emakumeak, baina ezer gutxi aterako zion neskari. Saroeko garbitzaile gaztearen kontua azkar asko zabaldu zen Usurbilen, baina Helenak lasaitasuna izan zuen egun batzuetan lasaiago ibiltzeko.

Iritsi zen Katalina markesa Usurbila. Aitaren azken etorrerako ongi etorriaren aztarnarik ez zegoen. Alkatea, zinegotziren bat, bi enpresa gizon eta apaiza ziren elkartuak Saroeko atarian. Jakin-minez edo inertziaz, beste bospasei gizaseme. Jarrera hotzez eta ezinegon aurpegiz jaitsi zen autotik. Gogo txarrez konplitu zituen aitarengandik ikasitako erreberentzia eta protokoloak. Azkar bukatu nahi izan zuen, eta jauregira sartu. Gizon haiek, ordea, hoztasun hain ikusgarri hura goxatu asmo zuten. Erabat gogaitu zenean, nekea argudiatuta sartu zen barrura, hitz egiteko kontuak beste uneren batean hitz egingo zituzten. Katalinak ez zeukan horretarako interesik, baina, eta ahal zituen guztiak egiten saiatuko zen. Usurbil ez zitzaion erakargarria aitari bezala.

"Parez pare jarri zitzaion markesa, begietan mespretxua eta amorrua nabari zitzaizkion, eta gizonaren isiltasunak gogaituta, kolkotik heldu eta astindu zuen"

Jauregira sartu orduko eskatu zuen zerbitzariaren presentzia. Zer gertatzen zen jakin nahi zuen, eta ez zuen aitzakiarik edota bestelako gezurrik onartuko. Gizon isil hura lurrari begirik kendu gabe zegoen. Bi ahizpak erabat ziren ezberdinak, eta Katalina behetik gora ikusi zuen hartan, haren aitaren gaztetako irudia etorri zitzaion gogora. Torturatzeko gai imajinatzen zuen emakumea, modurik bortitz zein krudelenean gainera. Parez pare jarri zitzaion markesa, begietan mespretxua eta amorrua nabari zitzaizkion, eta gizonaren isiltasunak gogaituta, kolkotik heldu eta astindu zuen.

Zein da formarik egokiena zuri zuzentzeko, Katalina?, galdetu zion Helenak salako atearen ertzetik.