Zeruak eta lurrak (21)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain

Katalina ahizpa zaharraren burutik ez zen inondik inora ere pasatuko Helena ahizpa txikia akabatzea. Lepoko zaina handitu zitzaion amorrazioz. Kolokan ikusten zuen eskura zeukan guztia. “Honetarako heldu da hona?” Eskritorioari sekulako kolpea eman zion. Eskerrak zur oneko altzaria zela. Hala ere, gaineko paperak tintaz zikindu ziren.

Aholkularia alboan zeukan. Adi-adi, ez zuen zirkinik ere egiten. Zakur leiala zen, Madrilgo onenetakoa. Horregatik kontratatu zuen Katalinak, baldin eta berezko hoztasuna irakinetan zen odolak desagerrarazten bazion, bidea argitzeko. “Non ibili ote da orain arte? Aitaren heriotza egunetik desagertuta zebilen, inoiz ez zuen bizi arrastorik eman, eta orain, bat-batean, nire sudur puntan, eta ez bereziki nahiko nukeen eran”. “Hori aurki jakingo duzu, ez zaitez kezkatu. Desagertuek ere kaka egiten dute behar dutenean”. “Kakaztuta amai dezala kaka guztiarekin!” Leiho handira gerturatu zen, eta hoztasun eta haserrez begiratu zuen Urdaiaga aldera.

Leihoan zen Helena bera ere. Usurbil ikus zitekeen oso-osorik han goitik. Markesak berak baino goragotik zelatatzen zuen, baina hura ez bezala, ez zuen Usurbildik alde egiteko asmorik. Katalinaren bizkar egindako tratu eta harremanak fruituak ematen ari ziren. Munduak erakutsi zion nola jokatu behar zuen gradu bereko jendearekin lehiatu nahi bazuen, eta pixkanaka-pixkanaka Katalinaren indarra gutxitzen joan zen. Haren zerbitzura zeuden baserritarrei ordainpeko hobeak eskaini, galtzear zeuden soroak eta lurrak eskuratu, batzarrean esku hartu. Horrela jokatzen zuten guztiek, baina horrela jokatuta haien mailara bakarrik ailegatu zitekeen. Negozioen munduak beste begirada bat eskatzen zuen, eta hura bere egin zuelakoan zegoen Helena.

Garai bateko inozentzia galtzea ezinbestekoa zen. Hori esaten zioten guztiek. Aitak urkamendiak esana gogoratzen zuen behin eta berriro: “Handitzen zarenean ulertuko duzu”. Ulertu zuen, bai, baina bihozgabea iruditzen zitzaion. Eta bihotzik gabe ez dago bizitzarik, ezta? Gorpu mugikor batean hara eta hona ibiltzea litzateke, inertziari jarraitu lehengoak oraingo egiten. Horrela ikusten zuen bai aita, baita Katalina ere. Bizirik gabeko gorputzean lehengoak errepikatzen. Ahaztu zitzaien, baina, munduak aurrera jarraitzen zuela, eta haiena hilobia zulatzea zela. Aitarena, jada ez. Hark ja zulo ilunean ondo bermatuta zeukan. Eta Helenaren ustez, Katalina ere bidean zen.

“Zure ahizpa hori bere onetik ateratzen ari zara”, esan zuen sala nagusitik emakume ahots batek

Azkar asko izan zituen Katalinaren zerbitzukoak ateari kolpeka. Ahizpa zaharrak inoiz jantziko ez lukeen Paris estiloko soinekoarekin agurtu zituen abokatu itxurako gizaseme haiek. Bidegabeko jokaera egozten zioten, eta horrela jarraitzekotan, epaiketan amaituko zuten mehatxua egin zioten. Egun onak opa eta atea itxi zuen.

“Zure ahizpa hori bere onetik ateratzen ari zara”, esan zuen sala nagusitik emakume ahots batek. “Hori da asmoa. Ez nizun kontatu?”, erantzun zion Helenak. “Hori bai. Baina Troiako gerraren ondoren zer gertatu zen Helenarekin ez”. “Hori kontatzea nahi duzu, nire katu errusiarra? Ba, Agamenonek barkatu egin zuen, eta harekin itzuli zen Espartara”. “Hori zen guztia?” “Bai, nik ere gauza bera pentsatu nuen hori irakurtzean. Seguru beste amaiera bat izango zuela, baina ez zen ordukoen atsegin izango”. “Eta zuk nola amaituko zenuke, ba, Helenaren istorioa?” Parez pare jarri zitzaion Helena. Emakume liraina zeukan aurrean, azal zuri eta ile beltzekoa. Begiak, aldiz, urdin distiratsukoak ziren. Hurbildu, eta muxu eman zion. “Ez ditzagun amaierak aurreratu”.