Zeruak eta lurrak (22)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain

Inork gutxik zekien zertan, non, norekin ibili zen Helena desagertutako egunetik. Prentsan zenbait artikulu agertu ziren, zein baino zein harrigarriagoak, zeren ez jakintasuna irudimen libreenarekin bete ohi zituzten erredakziokoek.

Parisen ikusi omen zuten. Italiako gaztelu batean omen zegoen hango duke baten adopzioan hartu ostean. Atlantikoa zeharkatu eta Argentinako Panpara deserriratu omen zen munduarekin nazkatuta. Ingalaterrako lord batekin ezkontzekotan zenik ere idatzi zuten, edota Asia urruneraino ihes egin omen zuela gizonez jantzita. Kontuak urte pare bat iraun zuen. Handik aurrera, inor gutxi gogoratzen zen Helena txikiaz, eta fantasiaren nebulosa horretan geratu zen, errealitatea eta fikzioa elkar lotzen diren horretan.

Eta jendearen oroimenean geratutako argazkia markesa jaunaren besoetakoa zen. Pinpirin eta apain jantzia, musuak gorri, begiak dir-dir, ikusitako guztiak txundituta eta liluratuta uzten zueneko begirada inozentearekin, irribarre eztia hortz zuriak lotsati bistaratuta zituela. Tragediak kolpatutako familiaren esperantza frustratua. Usurbilen aingeru baten pare gogoratzen zuten, baina oroimenak traizio behin baino gehiagotan egiten du. Tabernan, eliza atarian edota soroan bisita katastrofiko hura gogoratzen zuten aldiro, haur txiki baten pare irudikatzen zuten denek, nahiz eta Helenak bazituen ordurako 16 urte. Hiru anai-arrebetatik gazteena izatearen drama, agian. Aitaren begikoa zen, mundua suntsitzeko gai izango zen inork hatzik jarriz gero alaba txikiaren gainean. Eta horixe egin zuen ia-ia. Alabaren hobe beharrez egiten zuen, hark bazekien eta nolakoa zen mundua: eskua luzatuz gero, prest eduki behar zen aiztoa beste eskuan inor ausartuko bazen besotik heltzera.

Afalorduko kasketari ez zion garrantzirik eman, bai baitzekien berandu baino lehen ulertuko zuela bere jokabidea. Horregatik, markesaren logelan agertu zenean Helena, bere ekintzak ulertu zituela onartu, eta barkamena eskatzera sartu zela ulertu zuen. Markesa ordurako ohean zegoen, eta alabak edalontzi bat zekarren bi eskuekin helduta. Esnez beteta zegoen. Begitartea ilun sartu zen, lotsatuta nolabait, ez zen ausartzen aitari begietara begiratzera. Aitak goxotasunez tratatu zuen. Ohean eseri, eta hurbiltzeko eskatu zion. “Zer duzu?”, galdetu zion. Alabak, halere, distantziara jarraitzen zuen, aitaren albora hurbiltzeko baimenik izango ez balu bezala. Hark keinu egin zion, eta ohearen ertzean esertzeko keinu egin zion. Burumakur gerturatu zen.

“Ni zure alaba naizen bezala, usurbildarrak ere zure seme-alabatzat dituzula esan didazu. Zergatik ez dituzu ni bezala zaintzen?”

“Barkatu lehengoagatik”, hasi zitzaion hizketan. “Ez nuen horrela jarri behar. Ez nizun horrelakorik esan behar. Ez nuen...” Moztu zion markesak: “Ixo, laztana, ixo. Ez ezazu ezer gehiago esan. Egun mugitua izan da gaurkoa, eta oraindik ere dena baretu arte, egunak pasatuko dira. Zure anaiaren hileta ere egin behar dugu. Baina eskerrak zurea ez dudan egin beharko”. “Badakit nigatik egiten duzula guztia, baina... Utziko didazu galdera bat egiten?”. “Esadazu”. “Ni zure alaba naizen bezala, usurbildarrak ere zure seme-alabatzat dituzula esan didazu. Zergatik ez dituzu ni bezala zaintzen?”. Irri txiki bat atera zitzaion markesari. “Haiek pozoituak ziren, sagar ustelak ziren, eta badakizu bat aski dela gainerakoak usteltzeko. Pozoia erabat atera behar da bizirik jarraitzeko. Badakit ikasiko duzula egunen batean”. Buruarekin baiezko keinua egin zion. Baita irribarre bat eskaini ere. “Hau zuretzako ekarri dut, aita, lasai lo egiten laguntzen du”. Edalontzia luzatu zion, eta markesak edan egin zuen artsenikoaz ohartu gabe.