Zeruak eta lurrak (23)

Erabiltzailearen aurpegia Ugaitz Agirre Zapirain

Mundua ezagutzeak ba omen du halako indar bat, botere bat, gainontzekoen gainetik jartzen zaituena. Zer da, baina, mundua ezagutzea? Leku exotiko zein urrunenak bisitatu izana?

Ezezagun batekin tea konpartitu izana? Norberaren amildegian behera egitea ere mundua ezagutzea dela dio batek baino gehiagok. Akaso bidaiarik zirraragarriena da, bai eta beldurgarriena ere. Ustez ezaguna, baina munstroak agertzen hasten direnean, ezin sinetsi geratzen da bidaiaria.

Halako zerbait gertatu zitzaion pixkanaka Helenari. Aita akabatu ondoren, ihesa prestatu zuen, eta trenbideari jarraiki, haren oinatzak desagertu nahi izan zituen inork ez zezan segi. Ihes hartan, ordea, ihesera eraman zuen keinu xume hura zehaztasun milimetrikoz aztertu nahi izan zuen. Zergatik erabaki aita hiltzea? Hark akabatu arazi zituen Troiako baserrian zeuden guztiak, baina Helena bera ez zen aita bezalakoa, ez zuen horrelakoa izan nahi. Ez zuen nahi ingurukoak haren beldur izan zitezen. Eta halere, esnea artsenikoarekin pozoitzera ausartu zen inoiz imajinatu gabeko hoztasunarekin.

 

"Pakistaneko goi mendietatik zuzenean herri zutela errepikatu zion merkatariak, ez zuela hoberik probatuko"

 

Enbor beretik sortuak. Hala zioten herritar askok genealogiak justifikatzeko. Gurasoetako baten umore bera izan zuten seme-alabek, hori ere odolean zeramaten denek, eta inork ezin zion ihes egin patuari. Sorgin gurpilaren sorginkeriatik ezin eskapo egin bizi omen dira gizakiak, eta Helenak hari ihes egin nahian, aitaren eta ahizparen enborretik bereizi nahian, istripu bat zela esaten zion bere buruari. “Ez nintzen ni. Ez nintzen ni. Ez nintzen ni”. Eta errepikapenaren oihartzunak amildegian gora egiten zuen aire zabalaren bila.

Pakistaneko goi mendietatik zuzenean herri zutela errepikatu zion merkatariak, ez zuela hoberik probatuko. Kalitate hartako opioagatik herentziak ordaintzeko kapaz izango litzatekeela bat baino gehiago, baina neskaren edertasunagatik beherapen berezia egingo ziola. Gaiaz ez zuela ulertzen, eta merkatari abilak iruzur egiteko edozein trikimailu erabiliko zuen Helenarekin. Istanbul zaratatsu eta kaotikoan edozer topa zitekeen. Asiarako atea: merkatari britainiarrak eta iruzurgile turkoak elkartzeko plaza. Edo bestela ere pentsatuko zuen besteren batek. Merkatariak turkoak zirela eta iruzurgileak europar zikinak. Eferbeszentzia nabari zen giroan. Eta Helena txanpon zorroa ateratzekotan zegoenean, esku batek geldiarazi zuen. Belarrira xuxurlatu zion ekialdeko azentuan: “Ni zu banintz, pauso bat atzera emango nuke”. Urduritasunagatik, metafora hitzez hitz ulertu zuen, eta merkatariaren postuan egotetik bazar ero hartako masan galdu zen bat-batean. Bere onera itzuli zenean inor mehatxatzen ez zeukala ondorioztatu eta gero, tuntun baten pare sentitu zen. Aitaren hitzak zetozkion burura: “Handitzen zarenean ulertuko duzu”. Heldutara jolasean ari zela sentitzen zuen, helduen gauzak egiten ideia putarik eduki gabe. Eta Istanbuleko bazar jendetsu eta zoroan harrapatuta ikusi zuen bere burua, masa bizidun baina amorfoak irentsita zeukala, alde batera edo bestera, korrontearen menera. Antsietateak bereak eta bi egin aurretik, ordea, esku batek heldu zion, eta masatik atera zuen.

Kale kantoi hartan airea pisutsua eta hezea zen. Emakumearen parean, txiki sentitzen zen Helena. Ikara aurpegia disimulatzen saiatu bazen ere, hankek dar-dar egiten zioten, eta ihesa hantxe bertan amaituko zela sinetsi zuen. “Hau ez da zu bezalako neska pertxenta batentzako lekua. Hobe duzu zure erosotasunera itzultzea”. Berandutxo zen horretarako. Halere, Irinak ez zuen han bakarrik utziko trafikatzaileen esku amaitzeko aukera asko baitzituen.