Irinak imajinatutako neska pertxentaren irudia ere aski azkar lausotu zen basamortuko harea bezala. Inozentzia aurpegi horrek piztiaren silueta ezkutatzen zuen, eta gutxitan kentzen bazuen ere oihala, begi gorri distiratsu haien zirrara ez zion inori opa. Inteligentzia agentziaren bateko kide zela esan zezakeen, eta inork ez zuen zalantza izpirik egingo. Horregatik, maltzurkeria hura nondik zetorren jakin nahian, genealogian atzera egin zuten ustekabean. Planifikatu gabekoak dira horrelako bidaiak. Halere, atzera bueltarik gabekoak. Izan ere, konplize izatera pasatu zen Irina, jakin gosea asebetetzetik harago. Emakumeak, ordea, ez zuen keinua okertu ere, eta konplize lanetan Helena jarraitu zuen beste ezer hoberik izango ez balu bezala. Hala iritsi zen Usurbilgo lurretaraino Ekialdeko basamortuak atzean utzita.
“Eta zure ahizparekin zer egin nahi duzu?”, galdetu zion. Besaulkian buruz behera jarrita zegoen Irina. Auskalo zein lekutan ohitu zen postura bitxi hartan egotera.
“Bera bakarrik eroriko da... Aita bezalakoa da”.
Irinak askotan ikusi zituen halako familia gatazkak. Tituluen jokoak izango ziren. Baina bi ahizpa hauen artean ulertzen ez zuen osagai bat zegoen. Helenak ez zion inoiz kontatu txikitako traumaren bat edo halako gorrotoa sorrarazteko zerbait. Maltzurkeria hutsa ikusten zuen, haurren ipuinetan edo propaganda politikoan bezalaxe. Onak onak dira onak direlako eta gaiztoak gaizto gaiztoak direlako. Ez zegoen beste azalpenik. Eta Irinaren irudira, horixe bera zegoen Helenaren kasuan. Neska kaskarina izatetik urrun zegoen, haize gutxi zebilen haren ganbaran, helburua garbi zeukan. Eta hala ere, lehen begiratuan edonor liluratzeko gaitasuna zeukan.
“Eta ez eman horrenbeste buelta kontuari, Irina. Gehiegi pentsatzen duzu”.
Esperientzia izango zen, baina horrelakoak ez ziren oso ondo amaitzen normalean. Halere, familia barruko gatazkek liluratzen zuten, haien artean akabatzen baziren beste inori kalterik egin gabe, bost axola zitzaion. Kontua beste bat zen, ordea: herritarren artean faboreak eta indarrak batzen ari zen Helena, eta behin Txokoaldeko palaziora gonbidatu zituen garai batean Saroeko markesaren aurkako disidenteak.
“Ia-ia Troiaren antza dauka honek”. Irri egiten zuen Helenak. Baserri hartan ustez bahitua izan zen, markesaren aurkakoekin inguratua. Hura bakarrik salbatu zen, gainerakoak hauts egin ziren sugarrek kontsumituta.
"Huraxe zen Helenaren asmoa: markes eta markesondo guztietatik libratzea"
Orain disidente berriak zeuden, asko eta asko gertaera fundazional haren ostean erradikalizatuak. Ez zeukaten zer eginik, ordea. Hormetan idaztetik aparte, bolbora zeharo zahartua egongo zen biltegiko zakuetan. Akaso errepresioen beldur ziren, eta gainera, markesak nahiko bakean uzten zituen usurbildarrak. Dena kontrolatzen zuen, bai, baina eskuzabal jokatzen zuela esan ohi zen herrian.
“Engainatuak zauzkate”, esan zuen Helenak mahaiaren bueltan. “Garrasi pixka bat egiten duten arratoiak zarete harentzat, eta nahi izango balu, denak garbituko zaituztete”. Horren aurrean, proposamen bat egin zien markesaren ahizpak: hauteskundeetan alkategai izango zen. Baina horretarako, herriaren babesa behar zuen, bando guztien babesa. Huraxe zen Helenaren asmoa: markes eta markesondo guztietatik libratzea.