Usurbil KE: "Gure kirola ezin da izan gutxi batzuen frustrazioen azaleratze eremua"

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko urtarrilaren 30a

Ohi bezala, izerdi patsetan datorkigu asteburu hau ere, futbol, eskubaloi eta pilota partidekin. Baina, adi, ezohiko irudia ikusiko da haietako hainbat neurketetan; zehazkiago esanda, futbol eta eskubaloi partidetan. Minutu erdiko isiluneak iragarri dituzte Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k Haranen eta Oiardo kiroldegiko partidetan.

Deialdiarekin bat egin dute, aipatu moduan, Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k. Eskubaloi taldeen bilguneko lehendakari Jon Loidik adierazi duenez, "Usurbil Kirol Elkartetik Gipuzkoako Federazioek sinatutako adierazpen instituzionalera batu eta bertan zehaztutako ekimenetan parte hartuko dugu. Gure kirola, eta bereziki adin txikikoek parte hartzen dutenean, ezin da izan gutxi batzuen frustrazioen azaleratze eremua. Kanpokoei zuzentasuna eskatzeaz gain, gure zaletuei ere zuzentasuna eskatu behar zaie: Usurbilen kiroltasunaren eta jarrera onaren eredu izan behar dugu". Gaineratu duenez, "asko pozten gara Usurbil KE ere dinamika honetara batzeagatik. Azkenaldian behintzat, ez naiz kontziente ezer larririk gertatu denik Usurbilen, baina inor ez gaude libre eta denok erne egon behar dugu indarkeria egoerak saihesteko".

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko lehendakari Arantxa Arzak esandakoa ekarri du gogora. "Kirola eta indarkeria ez dira bateragarri. Beharrezko ikusi dugu Gipuzkoako kirol federaziotako ordezkariok gure ekosistema osatzen duten eragile guztiak eta gizartea orokorrean arazo honetaz kontzientziatzea."