Amets Aburruza: “Herria txikia, erronka handia”

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko martxoaren 4a

Denboraldi berria erronka handia izaten ari da Usurbil Kirol Elkartea-ko senior taldearentzat. Iaz Euskal Ligan aritu ondoren, aurten Lehen Nazionalean murgilduta dabil taldea, erritmo biziago eta exigentzia handiagoko mailan. Aldaketak nabariak izan dira: aurkari indartsuagoak, fisikoki prestatuago dauden jokalariak eta akats txikienak ere garesti ordaintzen diren partidak.

Testuinguru horretan, Amets Aburruzak argi dauka bidea: lana, sakrifizioa eta taldearen batasuna. Herri txiki bateko taldea izanik, harmailetako babesak indar berezia ematen diela azpimarratu du, eta mailari eustea dela denboraldiko helburu nagusia. Kategoria berrira egokitzeko prozesuaz, aurkari indartsuen kontra bizitako momentuez eta etorkizunari begirako ilusioaz aritu zaigu, baita aldagelako barruko giroaz eta Usurbilgo gazteei bidali nahi dien mezuaz ere.

Nola doa denboraldia orain arte?

Denboraldia gogorra izaten ari da, baina hori espero genuen. Maila oso lehiakorra da eta partida bakoitzean daukagun guztia eman behar dela argi dago. Hasieran kostatu zitzaigun erritmoa hartzea, baina taldeak lanean jarraitzen du, eta gurea bezalako herri txiki bateko talde bat izanik, nahikoa erakusten ari garela iruditzen zait, nahiz eta beti dagoen gehiago erakusteko aukera. Helburua argi dugu: mailari eustea, eta horretan zentratuta gaude.

Zer moduzkoa izaten ari da kategori berrira egokitzea? Iaz Euskal Ligan aritu zineten eta aurten Lehen Nazionalean zaudete; zer desberdintasun ikusten dituzu bi mailen artean?

Aldaketa oso nabaria da. Lehen Nazionalean erritmoa azkarragoa da, jokalariak fisikoki indartsuagoak dira eta akats txikiek asko baldintzatzen dute partida. Kontuan izan, kategoria honetan jolasteagatik ordainsaria jasotzen duten jokalariak ere badaudela, eta horrek asko esan nahi du. Egia da, aurreko urtea borobila atera zitzaigula eta asko konpetitu behar izan genuela gauden lekura iristeko, beraz, sufritzen badakigula esango nuke, eta sakrifizioa zer den ere ondo dakigula. Entrenatzaile aldaketa ere egon dela kontuan izan behar da, eta horrek ere egokitzapen bat suposatu duela denentzat. Gainera, gure aurkariak diren talde gehienak, urteak daramatzate lehen nazionalean jolasten, eta gu baino ohituago daude erritmo horretara. Hala ere, iruditzen zait taldeak erakutsi duela maila honetan lehiatzeko gai dela, eta esperientzia hau pertsonalki zein talde bezala hazteko aukera handia dela guretzat.

Etxeko partidetako giroa nolakoa izaten da? Zer suposatzen du zuentzat harmailetan jendea animatzen egoteak?

Etxean jokatzea beti da berezia. Nahiz eta partidak ikusteko ordaindu egin behar den, harmailak beti daude goraino beteta eta hori oso pozgarria da. Ikusleek guk bezain beste sufritzen dutela nabari da, eta irabazten dugunean gu bezainbesteko poza hartzen dutela ikusten dugu. Gazte eta haur asko ikusten dira, eta horrek harrotasun puntu bat ere ematen du, heurek etorkizun batean hor jolasteko aukera dutela erakusten baitiegu. Momentu zailetan bultzada bat ematen digu harmailak, eta ez etxeko partidetan bakarrik. Hain herri txikia izateko, kanpoko partidak ikustera ere jende asko etortzen da, eta hori ere eskertzekoa da, jasotzen dugun berotasuna izugarria baita.

Nola bizi izan zenuen Amenabar Zarautz-en aurkako partida? Halako talde indartsu baten kontra atsedenaldira aurretik joatea zer moduzkoa izan zen?

Amenabar Zarautz ZKE bezalako talde baten aurka jokatzea erronka handia da. Badakigu zein maila duten eta lidertza postuan kokatzea ez dela kasualitatea. Gainera, Zarautz beti izan da gure aurkari zuzena, aurreko denboraldian, Txiki-Polit taldearen aurkako bi partidetan berdinduta amaitu genuen, pentsa. Eta atsedenaldira aurretik joatearena oso pozgarria izan zen, taldeak egindako lanaren seinale. Egia esan, inork espero gabekoa. Amenabar oso talde indartsua da, ligako partida guztiak irabazi ditu eta ez nolanahi gainera, baina gure aurkako partida horretan ezustekoa hartu zuten, ez baitzuen inork horrelakorik espero. Partida eskasak jolastetik gentozen, eta guztia emanda gauzak lortzen badakigula erakusteko balio izan zigun lehen zati horrek. Baina, maila eta erritmo hori mantentzea zaila dela badakigu, eta bigarren zatian garbi ikusi zen. Baina gu, oso pozik geratu ginen, batez ere, lehen zatian egindako lanarekin.

Larunbat honetan partida oso garrantzitsua duzue Zumaian, 18:30etan, Labarra Nikol Pulpo EK taldearen aurka. Gainera, aurkariaren entrenatzailea Xabat Beloki Segurola da, iaz Usurbil mailaz igo zuen entrenatzailea eta zure lehengusua. Nola ikusten duzu partida eta nola biziko duzu lehengusuaren aurka jokatzea?

Jajaja! Lehengusuaren galdera batek baino gehiagok egiten didana da. Partida oso garrantzitsua izango da, hemen irabazi egin genuen eta oraingoan ere ez dugu gutxiago nahi. Bi taldeen artean ezagutzen garela uste dut, eta zer esanik ez Xabatek gu nola ezagutzen gaituen… beraz partida detaile txikiek erabakiko dutela uste dut. Baina, argi dugu, geure buruari erakusteaz gain, Xabati ere erakutsi nahi diogula aurreko urtean gurekin egin zuen lanak merezi izan zuela. Eta lehengusuaren aurka jokatzea polita da; kirolak aukera ematen digu kantxan aurkari izateko eta hortik kanpo familia izaten jarraitzeko. Familiako beste kideek gehiago sufritzen dutela uste dut, talde bakoitzean kide bat egonda emozioak gestionatzen zaila baita. Hala ere, polita izango delakoan nago, kantxan bakoitza bere taldearen alde egongo da guztia emanez, baina partida lehengusuon arteko besarkada batekin amaituko da, eta gero 3. denbora etorriko da, bi taldeak elkarrekin afaltzera joango gara.

Nola ikusten duzu taldea datorren denboraldiari begira?

Oraindik denboraldi honetan zentratuta gaude, baina talde honek oinarri ona dauka. Gazteak eta esperientziadunak ditugu, eta maila honetan jarraitzea lortzen badugu, kide guztiok jarraitzea izango litzake garrantzitsuena, eta jende gehiago animatzea ere gustatuko litzaiguke. Aurtengo denboraldian izugarrizko zortea izaten ari gara lesioekin, inork ez baitugu lesio larririk izan. Baina beste taldeekin alderatuz, jokalari “gutxi” gara, horregatik jendea animatu nahi dugu gurekin jolastera, aldaketak izatea beti izaten da eta garrantzitsua.

Galdera arinagoak: zein da aldagelako giroa gehien animatzen duen jokalaria? Eta broma gehien egiten dituena? Entrenamenduetara beranduen iristen dena? Musikaren arduraduna? Zein da taldeko isilena, baina gero kantxan gehien hitz egiten duena? Nor da galtzen duenean gehien haserretzen dena?

  • Aldagelako giroa gehien animatzen duena Manex Irazabal dela esango nuke.
  • Bromazaleena Aimar Vazquez iruditzen zait.
  • Beranduen iristen direnak bat baino gehiago izan daitezke, baina gehienetan beranduen iristen dena Gorka Arroyo.
  • Beroketan musika jartzen duena Iker Nazabal, baina aldageletako eta autobuseko DJ-a Hamadi izaten da.
  • Taldean denak gara hiztunak, isilena zein den esatea kosta egiten zait, baina kantxa barruan gehien hitz egiten dutenak Iker Nazabal eta Oier Eleta direla esango nuke.
  • Inori ez zaigu galtzea gustatzen eta denok haserretzen gara, baina gehien haserretzen dena, ni neu naizela esango nuke.

Usurbilgo neska-mutilei zer esango zenieke eskubaloia probatu nahi dutenei? Zergatik animatuko zenituzke Usurbil Kirol Elkartea-ra etortzera?

Hasteko, berdin dio aurretik inoiz eskubaloian aritu ez izana, garrantzitsuena gogoa izatea da. Herriko klub bat gara, herriko jendearekin, eta familia honetako kide izatea ederra da. Eskubaloia ez da korrika egitea eta indartsu jaurtitzea bakarrik. Abiadura da, ausardia da, talde-lana da, gol bakoitza azkena balitz bezala ospatzea da. Denek erasotzen eta defendatzen duten kirola da. Usurbil Kirol Elkartean ez duzu soilik ikasiko jaurtitzen, fintatzen edo gorago salto egiten; lagunak egingo dituzu, zerbaiten parte zarela sentituko duzu. Zure herriaren ordezkari izango zara kanpoan jolasten duzunean. Hemen inor ez da hasten jakinda. Gogoz hasten da. Eta hortik aurrera, dena hazten da: konfiantza, abiadura, indarra... eta taldea. Eskubaloiak harrapatu egingo zaitu. Dinamikoa delako, partida bakoitza abentura bat delako eta taldea familia txiki bat bihurtzen delako. Zerbait berria probatu nahi baduzu... hau da unea! Usurbil Kirol Elkarteak saiatu eta probatu nahi duten gazteak behar ditu. Eskubaloia zuen zain dago!