Alebin eta benjamin mailako Gipuzkoako eskubaloi topaketarik handiena Usurbilen igande honetan

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko martxoaren 5a

Igande honetan, martxoak 8 (Emakumeen Eguna), Usurbilen alebin eta benjamin mailetako Gipuzkoako eskubaloi topaketa handia egingo da, Usurbil Kirol Elkarteak eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak antolatuta. Guztira Gipuzkoa osoko 41 talde ariko dira (horietatik 4 usurbildarrak), modu ludiko eta ez-lehiakorrean, eta 62 partida labur jokatuko dituzte.

Guztira 400 neska-mutil inguru eta 800 ikusle espero dira, mila lagunetik gora elkartuz. Helburua da gazteek beste taldeetako jokalariekin harremanak egin eta errespetua, parte-hartzea, laguntasuna eta parekidetasuna bezalako balioak sustatzea.

Igande honetan, martxoak 8, emakumeen eguna izateaz gain, Usurbilen alebin eta benjamin mailetako Gipuzkoako eskubaloi topaketarik handiena ospatuko da, Usurbil Kirol Elkartearen eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren gidaritzapean.

Guztira Gipuzkoa osoko 41 talde ibiliko dira jolasean Usurbilen, horietako 4 talde usurbildarrak, modu ludiko, ez-lehiakorrean (markagailuan golak apuntatu gabe) eta guztira 62 partidatxo labur ospatuko dira. Talde bakoitzak orokorrean 15 minutuko 3 partidatxo izango lituzke, aurkari desberdinen aurka kasu guztietan.

Klub hauetako taldeak etorriko dira:

  • Hernani
  • Saieko (Donostia)
  • Bidasoa (Irun)
  • Urola (Zumarraga/Urretxu)
  • Sanlo (Elgoibar)
  • Arrasate
  • Mundarro (Astigarraga)
  • Ereintza (Orereta)
  • Orio Eragin (Orio)
  • Aloña Mendi (Oñati)
  • Zarautz
  • Pulpo (Zumaia)
  • Leizaran (Andoain)
  • La Salle Legazpi

Aukera ezinhobea dute gure neska-mutilek beste taldeetako jokalariekin harremandu eta lagunak egiteko. Guztira 400 neska-mutil inguru Usurbildik pasatzea espero da, eta beste 800 bat ikusle (gurasoak, osaba-izebak, anaia-arrebak gehienbat). Mila lagunetik gora igande goiz eder batean, errespetua, parte-hartzea, laguntasuna, parekidetasuna eta beste hainbat balio sustatu ahal izateko.

Taberna, irekita

Ohikoa den moduan, sarrera-irteerak kanpoko zelaitik egingo dira (ez kiroldegiko sarrera nagusitik) eta taberna irekita egongo da, nahi duenak eztarria freskatu edota pintxo goxo bat dastatzeko.