Zer moduz doa denboraldia maila pertsonalean? Lesioen kontua agian izan da okerrena zuretzat…
Denboraldi hau niretzat nahiko zaila izan da. Aurreko urtetik ezkerreko sorbaldarekin arazoak izan ditut, eta azkenean abenduan ebakuntza egitea erabaki nuen. Horren ondorioz, ezin izango dut denboraldi honetan partida gehiagorik jokatu. Lehenengo bi hilabeteak gogorrak izan ziren, baina nahiago nuen lehenbailehen operatzea, hurrengo denboraldia hasieratik eta bete-betean hasteko.
Eta talde mailan trantsizio urtea izan duzue, ezta? Iazko taldekide batzuk utzi egin zuten, eta Urnietatik taldekide berriak etorri dira…
Bai, aurten belaunaldi-aldaketa handia egon da senior nesken taldean. Gehienok, Urnietatik etorritakoekin batera, 2007ko jokalariak gara; hau da, gure lehenengo urtea da senior mailan jokatzen. Hala ere, urte gehiago daramatenekin oso harreman ona mantendu dugu. Adina ez da arazo izan gure artean. Pena bat izan zen aurreko denboraldian jokalari askok jokatzea uztea.
Beraz, zuen kasuan lehentasuna denboraldi honetan talde gisa koordinatzea eta datorren denboraldira begirako oinarriak jartzea izan da, ezta?
Bai. Denboraldia hasi aurretik oso argi genuen helburu nagusietako bat: harreman oneko taldea sortzea. Jende nahasketa berria izan denez, beldur ginen hori ez lortzea. Kontuan hartuta Urnietatik lau jokalari berri etorri direla, ziurtatu nahi genuen Usurbilen ongi etorriak sentitzea. Talde giro ona sortzea zen gure lehentasuna, eta, noski, elkarrekin jokatzen jarraitzea.
Hala ere, orain Gipuzkoako Kopa izango duzue jokoan. Zeintzuk dira zuen espektatibak? Iaz Kopa irabazi zenuten…
Gure kasuan, helburu nagusietako bat Gipuzkoako Kopan jubenilekin bat egitea da. Bi taldeak elkar ezagutzen hasteko eta elkarrekin jokatzen ohitzeko aukera ona izango da. Aurreko urtean irabaztea lortu genuen; ikusiko dugu aurten zer gertatzen den.
Aurrera begira, datorren denboraldian senior nesken taldeak arrakasta handia izan dezakeela aurreikus daiteke?
Ezin dut ezer ziurtatu, baina aurtengoa baino hobea izango dela esango nuke. Espero dut gero eta jende gehiago erakartzea eta jubenilak gogo handiz igotzea. Nahiko itxaropen onak ditut hurrengo denboraldirako. Eta nire sorbaldaren errehabilitazioa ondo badoa, guzti hori haiekin batera, kantxan, bizitzea gustatuko litzaidake.
Usurbilen eskubaloia oso errotua dago. Familia oso eskubaloizaletik zatoz. Zu zeu ere oso eskubaloizalea zara, eta haur txikien monitore gisa ere ari zara. Zer esaten dizu familiak zure eskubaloi zaletasunari buruz?
Amaren aldetik nire familia osoa egon da eskubaloiarekin lotuta, baita nire aitona Paco Agudo ere. Gehienek jokalari edo entrenatzaile gisa jardun dute. Txikitatik bizi eta ikusi izan dut eskubaloia haiei esker, eta horrela jarraitzea espero dut. Gainera, oso pozik nago aurten haurrak entrenatzen hasi izanaz. Haiengan ikusten dudan ilusioa eta eboluzioa izugarria da.
Familiak, noski, euskarri handia ematen dit kontu guzti hauetan, beti ere presiorik jarri gabe. Asko eskertzen diet guztia.
Eskubaloia orokorrean ikusita, nola ikusten duzu Usurbilgo eskubaloia gaur egun? Eta zer espero duzu etorkizunari begira?
Aurreko eta oraingo denboraldian senior mutilek lortutakoa ikaragarria izan da. Alde horretatik, Usurbilgo jendea berriro ere eskubaloia indar handiz bizitzen ari da.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako haurrek lortutako guztia ikusita, esan daiteke Usurbilgo eskubaloia etorkizunean ere mantenduko dela. Gero eta ume gehiago ditugu taldean, eta espero dugu gehiago etortzea. Astero haur berri baten bat etortzen da entrenamenduetara, eta Libe Garcia de Eulatek eta biok beti beso zabalik hartzen ditugu.
Dakizunez, eskola-kirolaren Gipuzkoako eredua zalantzan dago gaur egun hainbat epairen ondorioz. Kluben kirol-eskolei egotzi izan zaie ez direla inklusiboak, haurrak merkantzia bihurtzen direla edo espezializazio goiztiarra sustatzen dutela… Usurbilgo eskubaloi-eskolako monitore zaren heinean, zer iruditzen zaizkizu kritika hauek?
Nire eskubaloiko haur taldeari dagokionez, ziurtatu dezaket ez dugula soilik eskubaloia lantzen. Jolas eta jarduera ezberdin asko egiten ditugu, kontuan izanda haien trebetasun orokorrak garatzen ari direla.
Horrez gain, ume guztiak parekidetasunean hezten ditugu: neska edo mutil izan, zaharrago edo gazteago izan, gaitasun batzuk edo besteak izan… Denen artean errespetua eta elkarrengandik ikasteko gogoa sustatzen saiatzen gara
Hau guztia esanda, bukatzeko, animatuko al zenituzke Usurbilgo neska-mutilak eskubaloia praktikatzera?
Noski baietz! Usurbil Kirol Elkarteak neska-mutil guztiei eman nahi die eskubaloian jokatzeko aukera. Gero eta gehiago gara, batez ere oso ondo pasatzen dutelako, gaitasun asko garatzen dituztelako eta hori nabaritu egiten dutelako. Eta hala izan dadila!