Bera Beraren lehen taldeak Oiardo Kiroldegian burutuko du prestakuntza saioa datorren ostegunean
Datorren martxoaren 19an, osteguna (jai-eguna), Super Amara Bera Beraren lehen taldeak goizeko 11:00etan hasiko du entrenamendua Oiardo Kiroldegian (Usurbil).
Julen Nazabalek, Usurbil Kirol Elkarteko kirol arduradunak, nabarmendu duenez, “oso berezia da guretzat halako talde bat Usurbilen entrenatzen ikustea. Bera Berako jokalari askok nazioarteko mailan jokatu dute eta mundu mailako txapelketetan parte hartu dute; beraz, maila goreneko eskubaloia gertutik ikusteko aukera paregabea izango da”.
Entrenamendu publiko honek aukera ederra eskainiko die eskubaloi zaletu guztiei, eta bereziki haurrei, taldeko jokalariak nola entrenatzen duten gertutik ezagutzeko. 12:30etik aurrera, entrenamendua amaitutakoan, zaleek aukera izango dute argazkiak ateratzeko, baloiak sinatzeko eta jokalariekin momentu bereziak partekatzeko.
Gainera, taldeko jokalariak ez ezik, Jon Begiristain (gaur egun 2. entrenatzailea eta datorren denboralditik aurrera lehen entrenatzailea izango dena) ere bertan izango da, eta eskubaloi zale guztiek gure herrikidea agurtu eta zoriontzeko aukera izango dute.
Nazabalek zorion mezua ere bidali nahi izan dio Begiristaini: “Herriko kirolarientzat eta gazteentzat erreferente handia da Jon. Urte askotan lan handia egin du eskubaloiaren alde, eta oso pozgarria da datorren denboralditik aurrera Bera Beraren lehen entrenatzaile izatea. Hemendik zorionik beroenak bidali nahi dizkiogu”.
Azkenik, Oiardora gerturatzeko gonbita luzatu du: “Animatu nahi ditugu herritarrak, eta bereziki etxeko txikiak, entrenamendua ikustera etortzera. Halako egunak inspirazio handia izan daitezke gazteentzat: jokalari profesionalak nola entrenatzen diren ikusi, argazkiak atera eta kirolaz gozatzeko aukera izango dute”.
Aukera bikaina da eskubaloi zaletuentzat eta etxeko txikienentzat batez ere, Gipuzkoako emakumezkoen talde onena hurbiletik ikusteko eta animatzeko! Ez galdu!