Bera Beraren etorkizuna gidatzeko prest: Jon Begiristainen jauzi handia

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko martxoaren 25a

Super Amara Bera Berako aulkian aro berri bat hastear da, eta haren gidaritza Jon Begiristainen esku egongo da datorren denboralditik aurrera. Usurbildarrak urteetako ibilbidea egin du eskubaloian, oinarrizko kategorietatik hasi eta eliteko taldeetan esperientzia pilatuz, azken urteetan Imanol Alvarezen alboan bigarren entrenatzaile gisa aritu ondoren. Ilusioz, erantzukizunez eta proiektuarekiko konpromiso sendoz helduko dio erronka berriari: garaipenetara ohituta dagoen talde baten gidaritza hartzea eta bere nortasuna ezartzen hastea.

Lehenik eta behin, zorionak entrenatzaile kargu handi honetan! Zein izan ziren lehen sentsazioak? Eta orain denbora pixka bat pasa ostean, Usurbildarra zara, herrian hasi zinen, Bidasoa eta Zarautzen ibili zinen eta Bera Berarekin lotura estua izan duzu.Zer suposatzen du zuretzat irabaztera ohitua dagoen talde batean lehen entrenatzaile izateak?

Nire 1go sentsazioak...? Urduritasuna! Imanolek denbora bat bazeraman ohartaraziz hori gerta zitekeela, baina ez nuen espero hain azkar etortzea, batez ere Imanolek (Alvarez, egungo lehen entrenatzailea) berez denboraldi bat gehiagorako baitzuen kontratua. Baina bere konfiantza osoa adierazi zidan eta baita Tatik (Garmendia, Bera Berako Kirol Arduraduna), eta beraz, eskaintzea onartu nuen.

Erronka oso polit bat. Aurreko bi denboralditan bi "triplete" (Liga, Kopa eta Superkopa irabaztea) egin ditugu eta hirugarrenaren bila goaz oraindik bukatu ez den denboraldi honetan! Eta nahiko nuke Imanoli agur polit bat emateko aukera izatea horrela eta datorren denboraldian estilo berri batekin maila altuan jarraitzeko ilusioa mantendu egin nahi dut.

Zure ibilbidean (kadete/jubenil taldeak, zilarrezko mailan, bigarren entrenatzaile gisa Imanol Alvarezen ondoan...) zein izan dira funtsezko uneak entrenatzaile gisa hazteko?

16 edo 17 urterekin hasi nintzen, Estherren (Arrojeria) taldearen entrenatzaile gisa, eta urtero egon nintzen talderen batekin Usurbilen. Ondoren Zarautzera joan nintzen, eta hor Martinekin (Larrañaga) bigarren entrenatzaile gisa egon nintzen Zilarrezko Ohorezko mailan, gero Ohorezko mailara igo ginen eta asko ikasi nuen: talde amateur bat gidatzen genuen, baina profesionalen aurka jokatzen genuen eta esperientzia oso aberasgarriak ematen dizkizu. Ondoren Zilarrezko Ohorezko mailan taldea nik zuzendu nuen, ondoren beste esperientzia batzuen bila joan nintzen: jubenil mailan 3 urte egin nituen Bidasoan, han ere ikasten jarraitu nuen. Eta ondoren... Imanolek, izan dudan maisurik onenak berarekin joateko eskatu zidan Bera Berara eta etengabeko ikasketa prozesu horretan jarraitzen dut!

Zer-nolako entrenatzailea izatea gustatuko litzaizuke? Defentsan oinarritua, erasoko joko azkarra, jokalari gazteen garapena lehenetsita...? Zein izango da zure taldearen "DNA" nagusia datorren denboraldian?

Ba orain arte bezelako entrenatzailea izaten jarraitu nahiko nuke. Jokalariekin asko hitz egiten duen entrenatzailea eta horrela segi nahiko nuke: konfiantza guztia eskaintzen diet jokalariei eta bueltan euren konfiantza guztia ere nahi dut. Bestalde, defentsa lana oso garrantzitsua iruditzen zain, defentsan irabazten baitira eskubaloi partidak nire iritziz eta lan horrekin aukerak izango ditugu erasoan aukerak sortzeko, jokalari oso onak baititugu horretarako. Zentzu honetan, jokaldiak lantzea oso polita izango da. Eta gauza bat ez dut ahaztu nahi: Aukera badago, gazteei minutuak eman nahi dizkiet.

Jokalari gazteekin lan handia egin duzu azpiko kategorietan. Zenbat eta nola pentsatzen duzu haien minutuak eta aukerak handitzea lehen taldean?

Bai, aurretik esan bezala, aurten Zilarrezko Ohorezko mailan izan ditudan gazte batzuei lehen taldean jokatzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Ez dute erraza izango, maila handiko taldekideak izango baitituzte, asko selekzio absolutuekin dabiltzanak... Ea noraino irits gaitezkeen!

Xabat Beloki laguntzaile izango duzu datorren denboraldian. Zure eskaera izan zen bera ekartzea. Zer ekarpen espero duzu berarengandik eta nola banatuko duzue lan-karga?

Bai, ea ba... Xabat aspalditik ezagutzen dut, infantil mailan zebilela bere entrenatzailea izan nintzen! Bere laguntza asko nabarituko dudala ez dut zalantzarik, konfiantza guztia dut berarengan. Lan-kargaren banaketaren inguruan ez dugu oraindik asko hitz egin, baina bion artean taldea eramatea gustatuko litzaidake. Bai, entrenatzaile ofizialaren izena nik edukiko dut, baina biok pisua edukitzea nahiko nuke jokalariengan. Ez dadila izan dena nik bakarrik agindu. Nik bera ere protagonista izatea nahi dut. Xabat orain egiten ari den lan hori maila profesional batean egitea da nire helburua berarekiko.

Zeintzuk dira taldearen eta zure helburu pertsonalak 2026-27 denboraldirako lehiaketa ezberdinetan?

Nire helburu pertsonala, indibidualki, pertsona bezala haztea da, beste aurrerapausu bat ematea konfiantzaz, talde profesional bat aurrera eramateko gai naizela demostratzea, eta ez edonolako talde bat: Bera Bera hain zuzen! Talde mailako helburuak oso argiak dira: lehiaketa guztietan borrokatu behar dugu baina politena Europan talde fasera pasatzea izango da. Aurten penaltietan kanpoan geratu gara, iaz sekulako ibilbidea egin genuen: finalera iristear egon ginen eta hor ere penaltietan kaleratu gintuzten. Beraz, jokalariek eta klubak oso argi dugu Europan aurrera egitea oso garrantzitsua izango dela.

Bera Berak Estatuko emakumezkoen eskubaloiaren erreferente izaten jarraitzea posiblea al da betiko baliabide berdinekin eta zure proiektu propioarekin?

Klubak horretarako egiten du lan: erreferente gisa jarraitzeko Estatu mailan eskubaloian, baliabide oso onak ditugu, beste taldeekin alderatuz, eta errespetu guztiz, baina profesional mailan profesionalenak garela esan genezake. Zaila da nola nahi ere, jokalari onak ditugu, kanpoko ligetatik eskaintza oso onak egiten dituzte eta kanpora joan ohi dira hemengo jokalariak ere, baina lasai eta seguru gaude egin dugun taldearekin eta lan polita egiteko aukera izango dugula uste dut.

Usurbilen zentratuz, nola ikusten duzu Usurbilgo eskubaloia? Zer ikusten duzu ondoen eta zer hobetuko zenuke?

Nik oso ondo ikusten dut Usurbilgo eskubaloia. Egia da gazteek kirol aukera zabalagoa dutela orain dela urte batzuekin alderatuz, baina nire lehengusua (Julen Begiristain, 1. nazional mailako Saizar Usurbil KE taldeko jokalaria) ikustera joan naizenean harmaila beti betea egon izan da. Kanpora partidak ikustera joateko autobusa antolatzean beti bete ohi da, beraz, hori lortzea seinale ona da eta ez da gutxi, beraz, ondo ikusten dut. Horrez gain, pare bat aldiz izan naiz Bera Berako txikienekin Usurbilen klubak antolatutako topaketetan eta poza ematen du hainbeste ume ikustea eskubaloian jokatzen. Jarraipena izango duela dudarik ez daukat eta urte politak etorriko dira, ziur naiz.

Usurbilgo neska-mutilek eskubaloia probatzeko baldintza onak dituztela uste al duzu? Zergatik probatu beharko lukete eskubaloia? Zein mezu zabaldu nahiko diozu Usurbilgo herriari?

Eskubaloia probatzeko baldintza oso onak daude Usurbilen, zalantzarik gabe. Usurbil beti izan da eskubaloi herri bat. Beste herrietan galdetuko bazenu, Usurbil beti eskubaloiarekin. Ni eskubaloiarekin hazi naiz, eskubaloiak asko eman dit: esperientzia asko, momentu on asko, momentu txarrak baita (lesioak...), baina pertsona bezala hezten bizipen hauek asko lagundu didate eta oso eskertuta nago Usurbilgo eskubaloiari eta Usurbil KEri. Beti esan izan dut hau, noan tokira noala. Eta zalantzan dagoen edozein neska-mutili edo euren gurasoei argi esan nahi diet probatzeko beldurrik ez izateko, ez zarete damutuko!