Zein txapelketa mota da?
Txapelketa internazionala da, hainbat herrialdetatik etortzen da jendea, eta noski, euskal taldeak ere bertan egoten dira.
Aurrez ere izan zarete bestelako txapelketetan; zein da bidaia edo txapelketa honen helburua?
Helburu nagusia ondo pasatzea eta betirako oroitzapenean geratuko den txapelketa bizitzea da. Hala ere, argi daukagu ez goazela denbora pasatzera bakarrik: ahal dugun urrutiena iristen saiatuko gara.
Zenbat kide zoazte?
Aukera izan duten guztiak joango gara, taldea nahiko handia izango da. Pena da taldekide batek ezin izango duela etorri, baina, oro har, taldearen gehiengoa bertan izango da, eta giro bikaina sortuko dugu.
Nola uztartzen dituzue kirola eta aisia txapelketak irauten duen bitartean?
Txapelketako partidei garrantzia handia ematen diegu, baina aisialdiari ere bai. Helburua ondo pasatzea denez, partidaz gain beste hainbat ekintza egingo ditugu, esperientzia ahalik eta osatuena izan dadin.
Nola eragiten du horrelako bidaia batek talde kohesioan? Harreman berriak sortzen al dira beste taldeetako jokalariekin?
Talde barruko harremanak nabarmen sendotzen dira. Elkarrekin hainbeste denbora pasatzeak lotura estuak sortzen ditu, eta askotan txapelketa amaitzean nostalgia puntu bat ere agertzen da. Gainera, beste taldeetako jokalariekin harreman berriak sortzeko aukera ere egoten da.
Zer eragin izan dezake esperientzia honek jokalarien etorkizunean?
Esperientzia bikaina da beste herrialdeetako jokalarien aurka aritzea. Asko ikasten da, bai kirol mailan bai pertsonalki, eta esperientzia horrek etorkizunerako balio handia du.
Eskubaloiaz haratago doan esperientzia dela esango zenuke? Horrela bada, animatuko zenituzke hurrengo belaunaldiko haurrak eskubaloian aritzera?
Bai, zalantzarik gabe. Eskubaloiaz haratago doan esperientzia da, lagunak egiteko, bidaiatzeko eta bizipen bereziak izateko aukera ematen duena. Horregatik, guztiz animatuko nituzke gazteak kirol honetan aritzera; sekula ahazten ez diren esperientziak bizitzen dira.
Joan zinen lehenengo urtean, jubenil mutilekin Calella Txapelketako txapeldun geratu zinen; aurtengoan, zein helbururekin zoaz?
Alde batetik, helburu nagusia Usurbilen izena ahalik eta gorenean uztea da. Bestetik, kirol mailan ahal dugun urrutiena iristea nahi dugu, eta, aldi berean, eskubaloiaz ikasten eta gozatzen jarraitzea.
Zure azken bidaia dela esango zenuke talde honekin?
Sekula ez da jakiten, baina espero dut azkena ez izatea. Horrelako esperientziak errepikatzeko modukoak dira.