Helburua beteta: bi jardunaldiren faltan, SAIZAR Usurbil K.E.k Lehen Nazionalean jarraituko du 2026-2027 denboraldian

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko apirilaren 15a

Usurbil Kirol Elkarteak historia egiten jarraitzen du. Denboraldiaren azken txanpan sartuta, eta bi jardunaldi falta direnean, taldeak matematikoki bermatu du Lehen Nazionalean jarraitzea — hasieratik jarritako helburu nagusia betez.

Lehen urtea izan da kategoria honetan, eta erronkaz betetako bidea izan da. Hasieratik argi zuten helburua: mailari eustea. Baina bidea ez da erraza izan. Denboraldi gogorra, une zailak, lesioak eta presioa… hala ere, taldeak erakutsi duen konpromisoa, lana eta batasuna erabakigarriak izan dira helburua lortzeko. Partidaz partida, pausoz pauso, taldeak bere nortasuna sendotu du eta azken emaitzek argi utzi dute egindako lanaren balioa.

Lorpen hau ez da soilik zelai barruan lortutakoa. Harmailetatik bultzaka egon diren zaleek ere berebiziko garrantzia izan dute. Astez aste, etxeko zein kanpoko partiduetan, jasotako babesa ezinbestekoa izan da taldearentzat. Klubetik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu zale guztiei: zuen animoak, zuen presentzia eta zuen konfiantza gabe, bidea askoz zailagoa izango zen.

Denboraldia amaitzear dago, baina oraindik badago zertaz gozatu. Asteburu honetan jokatuko da denboraldiko etxeko azken partida, larunbatean 19:00etan, Barakaldoren aurka. Hitzordu berezia izango da, ez bakarrik zelai barruko lehiagatik, baita harmailetan biziko den giroagatik ere. Taldeak garaipen batekin agurtu nahi du etxeko zaleen aurrean egindako denboraldi bikaina.

Eta festa borobiltzeko, partidu amaieran sorpresa berezi bat izango da klubeko jarraitzaile txiki eta gazteentzat. Giro ederra eta familia osoarentzako eguna izatea espero da, beraz, ezinbestekoa izango da bertan egotea.

Horrez gain, klubetik dagoeneko buru-belarri ari gara lanean Apirilaren 16tik 19ra ospatuko den Garagardo Azoka prestatzen. Aurten ere helburua argia da: herrian giro paregabea sortzea. Musika, kirola, jan-edana eta lagunartea uztartuko dituen asteburu berezia izango da. 

Larunbatean, guztiok batera, azken txanpa honi merezi duen amaiera ematera. Ez galdu!