Zorionak CORTES Usurbil K.E. eta zorionak BILAGUN Usurbil K.E.!

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko apirilaren 16a

Zuen mailako bi taldeak kopako finalera iritsi zarete, CORTES Usurbil K.E. taldeak 2010ean jaioak zarete eta BILAGUN Usurbil K.E. taldean 2011koak. Eta denboraldia bukatzen ari den honetan, bi taldeek Kopako final bana jokatu duzue. CORTES Usurbil K.E. taldeak Tolosaren aurka, Elgoibarren eta BILAGUN Usurbil K.E. taldeak Pulporen aurka Zumaian. Kadete A taldeak zilarra lortu du eta kadete B taldeak urrea. Ez da gutxi. CORTES Usurbil K.E. taldetik Amaiur Errekondo eta Nora Jauregi elkarrizketatu ditugu, BILAGUN Usurbil K.E. taldetik Intza eta Lide Sarasola ahizpak. Hemen elkarrizketa:

Nola sentitzen zarete Koparen ondoren?

Amaiur eta Nora: Penaz. Irabaztea eta urrea lortzea genuen helburu, baina ezinezkoa izan zen, hala ere gogoz jolastutako eta sentsazio onekin amaitutako partidua izan zen.
Intza eta Lide: Oso pozik. Azkenean iritsi garen lekura iristeko lan asko egin dugu, eta pozik gaude ikusi delako egindako lanak emaitzak eman dituela.

Kopa honek bereziki irakaspenik eman dizue?

Amaiur eta Nora: Mugak guk geuk jartzen dizkiogula geure buruari ikasi dugu, eta talde lana beharrezkoa dela guztiok disfrutatu eta ahal den urrutiena iristeko.
Intza eta Lide: Nik aurkakoa agian, mugak guk jarrita ere, apurtzeko daudela.

Nola joan da denboraldia?

Amaiur eta Nora: Asko gara taldean eta egia da taldekideen arteko oreka mantentzea zaila dela askotan, baina orokorrean gustura.
Intza eta Lide: Irakaspen handiko denboraldia izaten ari dela uste dut; infantil izatetik kadete izatera pasa gara, eta gauza asko aldatu dira, baina hala ere denboraldia joan ahala taldeak aurrera pausoak eman dituela ikusi dut.

Zein desberdintasun dituzue bi taldeen artean?

Amaiur eta Nora: Adinaz gain, joko-forma desberdina dugu. Eurena askoz "teknikoagoa" da. *Guk berriz … egin nahi izaten dugu.*
Intza eta Lide: Bai ados, gure aurkari gehienak lehen urtekoak ziren, eta maila txukuna eman dugula uste dut. Agian zorte gehiago ere izan dugu infantil-kadete adaptazio horretan eta aurkari apalagoen aurka jokatu dugu, orokorrean.

Zer ikasi duzue elkarrengandik, hitz batean?

Amaiur eta Nora: Esfortzua.
Intza eta Lide: Konstantzia.

Nola bizi zenuten finala bukatzeko 5 minutu falta eta irabazle/galtzaile aterako zaretela antzematen denean.

Amaiur eta Nora: Gogorra da. Buelta ematen saiatzen zara, gauzak aurkariari zail jartzen... Baina jokoa horrela da. Norbaitek irabazi, eta norbaitek galdu behar du, eta guri txanponaren alde itsusia egokitu zaigu.
Intza eta Lide: Ba ia aurkakoa. Baietz baietz pentsatzen hasi eta tartea zabaltzea duzu buruan. Adrenalina...Irabaztea beti da polita eta irabazle pixkana bihurtzen joatea are politagoa da.

Bi taldeen arteko harremana zer moduzkoa da?

Amaiur eta Nora: Taldekoon harremana bikaina da. Beraiek irabaziz gero gu pozten gara. Kasu honetan horrela izan da, baina alderantziz izango balitz beraiek ere poztuko liratekeela badakigu, ez dugu zalantzarik.
Intza eta Lide: Bai, pena. Azkenean guk ere badakigu beraiek esfortzu asko egin dutela bertara iristeko, eta bi finalak irabaztea asteburu berean eta biek irabaztea zoragarria litzake. Baina oraingoan horrela izan da.

Noiz hasi zineten eskubaloia eta zergatik?

Amaiur eta Nora: Taldekide gehienok infantilen lehen urtean apuntatu arren, gerora hainbat pertsona gehitzen joan ginen, oraingo talde handia osatu arte. Gure kasuan, betidanik egon ginen eskubaloiaren munduan murgilduta, eta gehienbat horrek bultza izan gintuen kirol hau aukeratzera. Hala eta guztiz ere, talde mailan arrazoi ezberdinak daudela pentsatzen dugu. 
Intza eta Lide: Nire kasuan eskola kirolean hasi nintzen lehen aldiz eskubaloian bi urte egin eta ondoren futbola ala eskubaloia erabaki behar nuen eta eskubaloia gehiago gustatu zitzaidanez hura aukeratu nuen.

Zein helburu dituzue datorren denboraldirako?

Amaiur eta Nora: Denok jarraitzea. Hala bada, maila berrian (jubenila) hazten jarraitzeko oinarri sendoak izango genituzke.
Intza eta Lide: Guk baita! Baina lehiakortasun maila handia mantendu nahiko nuke, baita balioak, eta neska eta mutilen arteko berdintasuna kirolean ere.

Zer esango zenioke Usurbilgo neska-mutil bati eskubaloia proba dezan?

Amaiur eta Nora: Kirol hau probatzeko, LH5-6 mailan aukera paregabea dute, eta garai horietan kirola gustuko izanez gero, urtez-urte adrenalina bikoizten joaten da, eta gehiago disfrutatuko du kirolaz. Beraz, probatzeak merezi duela esango genuke, ondoren gustuko baduzu jarraitzeak bezainbeste. Klubekoek esku zabalik hartuko zaituztegu!
Intza eta Lide: Ba oraintxe dutela momentua probatzeko,  eta animatzeko eskubaloian ateak zabalik ditugula denontzat.