USURBILGO HERRIARI GUTUNA

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko apirilaren 20a

Usurbil Kirol Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, boluntarioei, udalerriari eta babesleei, azken egunotan ospatutako Garagardo Azoka arrakastatsuagatik. Lau egunez luzatu den ekimenak kirola, musika eta aisialdia uztartu ditu, giro bikaina sortuz eta parte-hartze handia lortuz. Antolatzaileek azpimarratu dute halako ekimenak herritarren elkarlanari esker direla posible

Bihotz-bihotzez idazten dizkizuegu lerrook, azken egunotan bizi izan dugun Garagardo Azoka berezi eta ahaztezinagatik eskerrak emateko.

Ostegunean eman genion hasiera azokari, eta ezin modu hobean gainera: Eneko Furundarena, Bidasoako jokalari usurbildarrak, hasiera eman zion harrotasunez. Eta Anuk eta Eleneren kontzertua izan genuen ondoren.

Ostiralean ere musikak hartu zuen lekukoa, Lua Matheus eta Rodrigoren emanaldiarekin, beste behin ere herritarren elkargune bilakatu zen frontoia.

Larunbata egun handia izan zen. Lehenik, 1. nazional mailako Usurbil KE eta Barakaldoren arteko partida ikusi ahal izan genuen. Eta ondoren, askok irrikaz espero genuen unea iritsi zen: Atletico Madril eta Realaren arteko final handia. Emozioz beteriko partida izan zen, tentsioz eta ilusioz bizitakoa, eta amaiera ezin zirraragarriagoa izan zuen, penaltietan Realaren garaipenarekin. Une ahaztezinak bizi izan genituen elkarrekin.

Igandean, azken ukitua eman genion azokari mus txapelketarekin. Giro ederrean jokatutako lehia izan zen, eta azkenean Jon Ander Peña eta Ander Imaz pilotariek eskuratu zuten garaipena.

Hori guztia ez litzateke posible izango zuek gabe. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu:

Usurbilgo herriari eta usurbildar guztiei, parte hartzeagatik eta sortutako giroagatik.
Bolondres aritu zareten guztiei, zuen lan eta dedikazioagatik.
Usurbilgo Udalari, emandako babesagatik.
Herriko ostalari eta babesleei, ekimen hau aurrera eramaten laguntzeagatik.

Zuen guztien artean egin dugu posible Garagardo Azoka hau, eta beste behin erakutsi dugu herri gisa zer egiteko gai garen.

Orain, balantzea egiteko garaia dugu eta zuen ekarpenak jaso ditugu eta jasotzen jarraituko dugu. Horrelakorik berriz egin behar bada, zuek gabe ezingo da izan.

Mila esker guztioi.

Bihotzez,

Usurbil Kirol Elkartea