Hiart Zubeldia: “Gipuzkoako txapeldun gara. Orain Euskadiko txapeldun izan nahi dugu eta Estatuko txapelketa jokatu”

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko apirilaren 22a

Hiart Zubeldia (Usurbil, 2010), Usurbil Kirol Elkarteko kadete mutilen taldeko atezain eta kapitaina da. Urtarrilean Gipuzkoako txapeldun izatea lortu zuten. Euskal Ligara igotzeko fasean ere txapeldun izan ziren, eta Euskal Ligan ere emaitza bikainak ari dira lortzen: bi jardunaldiren faltan jada Euskal Ligako lau onenen artean daude eta “Final Four”-ean parte hartzeko sailkatu dira apirilaren 24, 25 eta 26an Barakaldon, Estatuko txapelketa jokatzeko txartela lortzeko. Solasaldi txiki bat izan dugu berarekin egindakoa eta etortzeke dagoenaren inguruan.

Arratsalde on, Hiart. Zer moduz zaude eta zer moduz dago taldea?

Maila pertsonalean ni lasai nago baina egia da data gerturatu ahala urduritasun puntu bat nabarituko dudala. Taldea ere antzeko esango nuke. Hala ere badakigu nor garen eta nora joan nahi dugun. Ez da lehen aldia guk talde gisa horrelako formatua duen lehiaketa batean parte hartzen dugula, eta iraganean klubeko beste taldeek ere “Final Four” hauek askotan jokatu izan dituzte. Beraz, badakigu zer nahi dugun, badakigu zer datorkigun… Urte osoan lanean sendo ari gara, parte fisikoari garrantzi handia emanez. Ahalik eta ondoen lehiatzea dagokigu orain, eta horretara goaz!

Zein izango dituzue aurkari “Final Four” honetan? Zer esan zeniezaguke euren inguruan?

Aurkariak, Barakaldo, etxeko taldea, eta bestetik, Bidasoa eta Zarautz dira. Barakaldoren aurka bi aldiz jokatu dugu aurten, bat irabazi eta bestea galdu egin dugu. Teorian eurek dira faborito, gainera etxean antolatzen baitute “Final Four” hau, eta irabazi genien partidan, Ander Gude, euren izarretako bat, lesionatua zegoen. Zarautzen kontra aurredenboraldian jokatu genuen eta garaitu egin gintuzten: badugu zer ikasi. Eta Bidasoa… Han ere badago izarren bat bai, ez daude kasualitatez final honetan. Laugarren postua jadanik sari bat bada, baina hori bermatua dugunez, gehiago nahi dugu. Iraganean, klub honetan talde askok egin zuten eta guk ere uste dut taktikoki aukerak izango ditugula aurkarien defentsak gainditzeko. Aprobetxa ditzagun besteek egin zuten bezala. Aurtengoan guk zergatik ez?

Zenbat txartel daude Espainiako txapelketarako zuen mailan?

Hiru. Azken sailkatua bakarrik geratuko da Espainiako txapelketara joan gabe. Eta hor ere ez da gauza bera lehena edo hirugarren geratzea: lehena geratuz gero, teorian aurkari errazagoak direnak edukiko genituzke, eta hirugarren geratuz gero alderantziz, zailagoak: baina hau teoria da, gero jokatu egin behar…

Kontatu pixka bat nola joan den denboraldia zuen taldean.

Gipuzkoako txapelketan hasi ginen lehia. Partida guztiak irabazi genituen Gipuzkoa luze eta zabaleko hainbat txoko bisitatu ostean, eta Gipuzkoako txapeldun titulua lortu genuen. Horren ondoren, Euskal Ligara igoera talde gisa… Igoera fasea Usurbilen jokatu genuen, eta Tolosa, Loyola eta Corazonistas izan genituen aurkari, eta han ere partida guztiak irabazi genituen. Euskal Ligan ere etxeko partida guztiak irabazi ditugu, Barakaldo eta Zumaiako Pulporen aurka izan ezik etxetik kanpo. Euskal Ligan egon garen 12 taldeak kontuan hartuta, herri txikiena biztanle aldetik gu gara (Loiuk Urdaneta du ordezkari, baina ikastetxea da, Bizkaiko handienetakoa). Kluba osatzen dugun guztiok meritua badugula uste dut.

Eta Final Four honen ondoren, zer datorkizue, Hiart?

Ba ez gara geratuko. Beste fase bat prestatzen jarriko gara buru-belarri. Jubenilak Gipuzkoako bigarren geratu zirenez, kadete-jubenil batuta ere Gipuzkoako txapeldun izan gara baita, eta horrela bada, maiatzaren 8, 9 eta 10ean Usurbilen kadete-jubenil mailako igoera jokatuko da (kadeteen zatia bakarrik nola nahi ere; jubenilek maiatzaren 15, 16 eta 17an izango dute Gasteizen). Klub aurkariak Tolosa, Corazonistas eta Muskiz izango dira, kadete zein jubenilentzat. Bi taldeen artean sei partida jokatuko ditugu eta nik uste lau irabaziz gero, nahikoa izango genukeela datorren urtean hasieratik Euskal Ligan jokatu ahal izateko.

Baina hor ez gara geratuko, aste honetako “Final Four” delakoan lehen hiru postuetan geratuz gero, maiatzaren 15, 16 eta 17an Espainiako txapelketa jokatuko genukeelako.

Eta hor ere irabaziko bazenute?

Zaila da hori oso! Euskadiko 3. izatea lortuko bagenu, ez dela erraza, baina posible da, Espainiako 32 onenen artean sartzea da! 32 onenen artean egotea Usurbil bezalako herri txiki batentzat, jokalari guztiak herrikoak garela jakinik… zoragarria litzake. Eta hura ere irabaztea Estatuko 8 onenen artean geratzea da… Iraganean lortu zuten klubeko beste taldeek, aurten guk? Usurbilen, zein beste kiroletan lor dezakezu hau? Nola nahi ere, egia esan, oso urrun ikusten dut diozuna. Goazen pausoz pauso.

Zein da zuen arrakastaren gakoa beraz?

Faktore asko daude: alde batetik, gure artean dugun giroa. Herrikoak gara denok, elkar ezagutzen dugu aspalditik eta elkar ulertzen dugu, jokatzeko forman baita. Horrez gain, gure belaunaldian gutako asko gerturatu ginen eskubaloira, oso erakargarria egiten zitzaigulako eta bloke on bat mantenduz gero, Usurbilen beti aterako ditugu emaitza onak. Hemen ez da kontua “izarrak” bakarrik egotea, ez! Denok dugu gure lekua eta denok goaz hazten eta hezten, jokalari baina baita norbanako gisa ere. Bukatzeko, konstantzia aipatuko nuke. Ez etsitzea eta etengabeko hobekuntza bilatzeak emaitza onak eman dizkigu.

Gaiz aldatuz, harritzekoa da Euskal Selekziorako deirik ez jasotzea zuen taldeko inork, Euskadiko lau onenen artean zaudetela jakinik. Emaitza txarrak izan ditu Euskal Selekzioak CESAn (selekzioen txapelketa), usurbildarrik gabe. Zer duzu esateko?

Hasieran Manex Manterola deitu zuten, baina lesioek jarraikortasuna kendu zioten eta beste inor gehiago ez dute deitu. Emaitzen inguruan egin duzun balorazioan, ulertuko duzun bezala, ez dut iruzkinik egingo.

Kadete nesken taldeak txapeldun eta txapeldunorde Kopan, jubenil mutilak txapeldunorde Ligan, 1. Nazionaleko taldeak maila mantendu du… Eskubaloiak Usurbilen badirudi arrakasta duela, ezta?

Bai, hala da. 6.000 biztanleko herri batean horrelako emaitzak lortzea galanta da. Mutiletan adibidez, bere maila baino gorago Gipuzkoa mailan Usurbilek Bidasoa bakarrik du. Gainontzekoak maila berean edo azpitik daude. Non lor dezakezu hori? Usurbilek eskubaloian altxor preziatu bat du. Manten dezagun. Hobetu dezagun. Eta hau belaunaldi berriei zuzenduta doa: zuek ere ez zarete gu, edo gure aurretik etorritakoak baino gutxiago. Gauza on asko deskubrituko dituzue, eta jada bertan bazaudete, zuen lagunei ere animatu etortzera. Zenbat eta gehiago, hobe!

Hori diozunez, gaztetxoekin ere ikusi zaitugu, eurei animatzen, partida batzutan epaile gisa…

Bai, Usurbil Kirol Elkartea, kluba, familia bat bezala da. Denok jartzen dugu gure aletxoa ondorengoentzat, gure aurrekoek gurekin egin zuten bezala. Adibidez, datorren urtean benjamin, alebin eta infantil mailan lehiatuko diren neska-mutilengan ilusio eta potentzialitate handia ikusten dut. Horrelako jendearekin, haria ez da etengo, gurpilak biraka jarraituko du!

Bukatzeko, zein mezu helaraziko zenioke herriko haurrei?

Ezagutzen ez duenari, eskubaloia probatzeko. Dabiltzanak oso gustora daude, eta horiei, euren lagunei ere gonbidatzeko. Batzuk esan dezakete “baina nik ez dakit”, besteek “baina nik ez dut balio”… Eta batzutan amorrarazi ere egiten naute: 1) inor ez da jakinda jaiotzen eta 2) eskubaloian denek balio dute. Eta bestalde, kaletik ikusten banaute, lasai etortzeko niregana eta zalantzak badituzte, argituko dizkiet.