Itziar Aldaburu (Eskubaloi Federazioa): "Esther Arrojeriaren teknifikazioan parte hartuko dute Usurbilgo kadete neskek"

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko apirilaren 27a

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak antolatu eta koordinatuta, Esther Arrojeria eta Alba Menendez Bera Berako jokalari ohiek teknifikazio saio bat zuzenduko dute datorren apirilaren 29an Bidebietako kiroldegian. Saio horretan Usurbil Kirol Elkarteko kadete nesken taldeko partaide batzuk parte hartuko dute. Zehazki, 1x1 defentsa eta erasoaren inguruan jardungo dira bereziki saio honetan. Honen inguruan hitz egiteko Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko zuzendari teknikoa den Itziar Aldaburu (Zarautz, 1998) izan dugu solaskide.

1. Egun on, Itziar. Zer landuko da Esther Arrojeria eta Alba Menendezek zuzendutako teknifikazio saio honetan? Zer dela eta aurreikusi duzue Federaziotik horrelako saio bat?

Azken urteetan bezala, Erreginaren Kopa etxera ekarri dugu. Horen harira, Gipuzkoako klub ezberdinei saio bereziak eskaintzeko aukera sortu da. Beti da interesgarria gure erreferente izan diren jokalariek saio bat zuzentzea, are gehiago Esther eta Alba bezalako jokalariak. Saio hauetan, egunerokotasunean ikusten ez ditugun gauzak ikusi eta ikasi ditzakegu, beti ere, beste ikuspuntu desberdin batetik. Kasu honetan, sesio honek 1x1 lanketa espeziala egiteko aukera emango digu, bai eraso aldetik eta bai defentsa aldetik. Jokoko situazio berezi hau sinplifikatu, eta ekintza espezifiko hau nola landu eta hobetzeko ikuspuntuak emango dizkigute. 

2. Saio horrek Usurbil Kirol Elkarteko hainbat neskengan interesa piztu du eta Usurbildik neska asko joango dira saiora. Usurbildarrek bereziki horrelako saioetan parte hartzeko beharra ikusten al duzu?

Beti da interesgarria jokalari gazteek horrelako saioetan parte hartzea, are gehiago etxetik hurre antolatua izan denean. Gutxitan izaten dira aukera hauek. Bera Berako bi jokalari ohi izango dituzue, ez edozein. Usurbilgo neska gazteek aukera izugarria dute eskubaloian barnean sartu, eta egunerokotasunetik at dauden detaile tekniko-taknikoak ikasi ahal izateko.

3. Bera Berak berriz Erreginaren Kopa eskuratzeko borroka abiaraziko du laster eta Koparen ekintzen baitan antolatu da saio hau. Ezer gehiago azpimarratuko al zenuke saio honen inguruan edo Koparen bueltan egingo dituzuen ekintzen inguruan?

Saio honetaz gain, beste hainbat saio dira jadanik martxan. Gipuzkoako klub guztiak izan dira gonbidatuak saio hauetan parte hartzera. Jokalari profesional ezberdinak izango ditugu hainbat zelaitan, hainbat gai eta arlo lantzen. Aberasgarria dela iruditzen zaigu federazioari. Badakigu egunerokotasunetik ateratze hori zaila dela, klub asko ari dira lanean bai entrenatzaile eta bai jokalarien hobekuntza landuz, eta guk horren parte izan behar dugu. Horregatik eta horretarako, sesio ezberdin hauek ikaskuntza eta irakaskuntza horri indar puntu bat ematen diotela uste dugu.  

4. Bera Berarekin jarraituz, Jon Begiristain usurbildarra baieztatu zuen datorren denboraldiko entrenatzaile gisa, eta Begiristainek Xabat Beloki (usurbildarra baita) hautatu du bere laguntzaile gisa. Usurbilgo entrenatzaileak indarrarekin datoz, ezta?

 Zorterik onena opa diet biei. Hara iritsita, bide polita egin dutela argi dago. Usurbilek harro egon behar du. Honek, etxeko beste guztiekin lanean jarraitzeko indarra emango duela ziur nago. 

5. Usurbilgo eskubaloiaren inguruan, nola ikusten duzue orokorrean Gipuzkoako Eskubaloi Federaziotik? 

 Usurbil Kirol Elkartea, Gipuzkoako klub erreferenteetako bat izan da beti. Gorabeherak izan arren, beti egin dute aurrera. Borrokatzeko sena dute, eta hori da indar handia ematen dietena Gipuzkoa mailan. Herri txikia izan arren, badira taldeak klubean, zerbait ondo egiten duten seinale. 

6. Nola eragingo du kirolaren profesionalizazio legeak Gipuzkoako eskubaloian? Eta Usurbilen?

 Oraindik ez dakigu nondik nora joko duen lege honek. Garbi daukagu zaila izango dela klub guztientzat, batez ere herriko klub txikientzat. Entrenatzaileak formatu eta aurrera ateratzeko tresna ezberdinak sortu beharko dira. Ez ditugu pausuak argi oraindik, baina Gipuzkoako Federazioak garbi dugu inguruko klubei laguntzeko gaudela, eta martxan gaude jada. 

7. Usurbilgo mutilen lehen taldeak aurten 1. Nazionalean jokatu du eta maila mantendu du. Maila horretako entrenatzaile ere bazaren heinean, nola ikusi duzu Usurbilgo taldea?

 Zaila da lehen nazionala. Kategoria semiprofesionala da, eta hortaz bizi diren talde eta jokalari asko daude, urtetik urtera gehiago. Herri txikietako taldeak beti dira berezi, fitxajerik gabe jokatzen duten horiek batez ere. Usurbil horietako bat. Kategorian mantendu da, eta ez da erraza. Zorterik onena opa diet datorren denboraldirako. 

8. Usurbilen aurten, beste denboraldietan ez bezala, sarritan ikusi ditugu gaztetxoen eskubaloiko topaketak. Neska-mutil eta guraso asko pasa dira Usurbildik denboraldi honetan eta giro bikaina egon da. Zer azpimarratuko zenuke topaketen inguruan?

Topaketak bereziak dira. Eskubaloi festa handi hauek, aukera ematen diete gaztetxoei kirol honetan murgildu eta gauza berriak ikasteko. Beraientzat hasiera bat besterik ez da, lagunekin jolastu, lehen ikasketak kirol honetan, eta abar. Usurbilek topaketa hauek antolatuta, aukera handia izango du eskubaloia herrira eramateko. Honek, eskubaloia bizirik mantentzen du, eta datozen urteei begira ateak irekitzen dizkie gaztetxo askori. 

9. Zer esango zenieke Usurbilgo eta Gipuzkoako haur eta gaztetxoei eskubaloia probatu ala ez dudan badabiltza?

Eskubaloia kirol xumea eta polita da. Azkarra, eta bizia. Taldeko kirola. Eskubaloiak mundu polit bat dauka atzean, jende ezagutza, ikasketak, herri izaera. Ez dezatela beldurrik izan kirol polit hau probatzeko. Are gutxiago Usurbilen, herri izaera mantendu eta lagunekin egoteko aukera paregabea da.