Harriet Bengoetxea eta Paul Arruti: "Bi taldeok argi dugu: Usurbil Kirol Elkarteak Euskal Ligara igo behar du"

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko maiatzaren 7a

Asteburu erabakigarriak datoz Usurbil Kirol Elkartea klubarentzat. Kadete mutilek Usurbilen eta jubenilek datorren astean Gasteizen jokatuko dute Euskal Ligara igotzeko fasea, Tolosa CF, Corazonistas eta Muskiz taldeen aurka. Paul Arruti eta Harriet Bengoetxea eskubaloi jokalariekin hitz egin dugu denboraldi bikainaz, taldearen hazkundeaz eta datozen erronka handiez

Paul Arruti (Usurbil, 2008) eta Harriet Bengoetxea (Usurbil, 2010) Usurbil Kirol Elkarteko jubenil eta kadete mutilen taldeetako partaide dira hurrenez hurren. Asteburu honetan Usurbilen kadeteek eta datorren asteburuan jubenilek Gasteizen, igoera fase bateratua jokatuko dute, Tolosa CF, Gasteizko Corazonistas eta Muskizen aurka. Lau kluben artean bi igoko dira Euskal Ligara.

Paul eta Harrietekin elkarrizketa bat izan dugu nola dabiltzan jakiteko eta datorren igoera fase honen inguruan hitz egiteko.

Denboraldia hasi zenean bi taldeok erronka handiak zenituzten, eta badirudi denboraldi borobila izaten ari zaretela. Zein da zuen balorazioa?

Harriet Bengoetxea: Denboraldi ona egin dugu, bai. Orain arte genituen helburu guztiak betetzea lortu dugu eta orain igoera fase honetan dena ematera goaz datorren urtean Euskal Ligan lehiatzeko hasiera-hasieratik. Datorren astean, Espainiako txapelketan ere gure onena emateaz gain, esperientzia bera disfrutatzea ederra izango da.

Paul Arruti: Guk, jubenilak, izan dugun denboraldia ez da kadeteek izan dutena bezain borobila. Hala ere, denboraldi hasieran jarritako helburua lortu dugu: fasea jokatzera iritsi gara eta Gipuzkoako txapeldunorde gelditu gara.

Iazko denboralditik bi taldeok eboluzio oso positiboa izan duzue. Zein uste duzue izan direla hobekuntza honen arrazoiak?

Harriet Bengoetxea: Eskerrak eman nahi dizkiot klubaren staff tekniko guztiari, euren inplikaziorik gabe bi taldeen hobekuntza nabarmena ez bailitzake posible izango. Gure kasuan, garrantzia handia eman diogu parte fisikoari, baina baita tekniko-taktikoari ere denboraldi osoan zehar, eta lan guztiak fruituak eman ditu. Azken finean, eskubaloian bereziki jokatuz, akatsak eginez eta horietaz ikasiz hobetzen da, eta denbora beraz, lagun izan dugu.

Paul Arruti: Aurten emaitzak hasieratik lagundu digute eta horrek taldekideen motibazio maila handitzea ekarri duela uste dut. Entrenatzaile berria dugu aurten eta gure arteko giro onak eta jarrerak ere lagundu digu. Taldeak izugarrizko lana egin du, denboraldi guztian zehar %100eko konpromezua erakutsiz eta astean zehar lan asko egin du. Horren erakusle denboraldian zehar lortu ditugun emaitzak. Egia esan, taldea oso harro dago egin duen denboraldiarekin. Orain, denboraldiari amaiera ezinhobea emateko, klub bezala Euskal Ligarako igoera lortu behar dugu.

Datorren denboraldian 6 klubek daukate oinarrizko eskubaloiaren elitean egoteko txartela kadete eta jubenil mailan (Zarautz, Irungo Bidasoa, Loiuko Urdaneta, Barakaldo, Zumaiako Pulpo eta Eibar). Eta igoera fasea jokatuko duzuen lau klubak zarete hurrengoak. EAEko 10 klub onenen artean zaudetela esan daiteke beraz. Ez zen bide erraza izango, ezta?

Harriet Bengoetxea: Ez, noski. Egia da belaunaldi ona garela eta taldekide guztiak asko inplikatu garela, baina atzean lan asko dago, noski. Gako garrantzitsu bat dago hemen: Gure belaunaldiko talde sendo bat hasi ginen eskubaloian, eta gogo eta esfortzuarekin batera, emaitzak etorri dira. Ez gara lehenak Usurbilgo eskubaloian hau lortzen, eta ondorengoak ere egongo dira gu bezala inplikatzen badira.

Paul Arruti: Ez, ez da ibilbide erraza izan baina aldi berean izugarria izan da. Orain arte gure ibilbide guztian ez dugu faserik jolastu eta aurtengoan bi fase jolastuko ditugu, bat talde bezala Euskadiko 8 talde hoberenen artean sailkatzeko eta bestea klub bezala Euskal Ligara igotzeko. Izugarria aurtengoa. Emaitzak laguntzen ez gintuztenean eta amore ematea errazagoa zenean, hala ere, kirola egiten jarraitu dugu eta taldea aurrera ateratzea lortu dugu, partidu bakoitza borrokatuz. Hurrengo urtean bigarren senior mutilen taldea osatuko dugu, territorial mailan. Kirolari esker lagun talde bat eraiki dugu.

Fasea Corazonistas, Tolosa eta Muskizen aurka izango dituzue. Nolako aurkariak espero dituzue? Mailaz igotzeko aukerak dituzuela uste al duzue?

Harriet Bengoetxea: Badakigu ez dela erraza izango, baina aurkari guztien aurka jokatu dugu denboraldi honetan eta irabazteko aukerak izango ditugu, eta beraz, mailaz igotzeko Kadeteok zehazki abantaila dugu etxean jokatzeko aukera dugulako eta jubenilek Gasteizera bidaiatu beharko dute. Bi taldeok nola nahi ere argi dugu bion artean igoera lortu behar dugula eta horretara goaz.

Paul Arruti: Aurkari gogorrak espero ditugu, batez ere Tolosako taldea. Beraz, zaila izango da, baina bukaera arte gogor borrokatuko dugu.

Kadete mutilek datorren astean Espainiako txapelketa duzue, eta tartean Iruñeko Anaitasuna edo Barça bezalako aurkariak izango dituzue. Usurbilen gutxik esan dezakete Barçaren aurka neurketa ofizial bat jokatu dutela… 

Harriet Bengoetxea: Egia da. Zortea izan dugu. Hemendik urte batzutara nostalgiaz izango dugu gogoan momentu hau ziurrenik, askok izango ez duten esperientzia izango dugu. Zaila izango da, dudarik ez. Barçak 12 jokalari ditu Kataluniako selekzioan, iazko Espainiako txapeldunak dira... Eta hala ere, nahiz eta oso zaila izan ahal dugun guztia egingo dugu ahalik eta emaitzarik onena lortzeko. Bai zelaian, bai zelaitik kanpo disfrutatu egingo dugula ziur naiz. Kadeteak garenok jubenil mailara igoko gara. Ez da erraza izango, gu baino zaharragoak direnen aurka jokatu beharko dugulako, baina borrokarako izpiritua ez zaigu faltako, hori ziur!

Paul Arruti: Nire partetik, zoriondu nahi ditugu kadeteak egin duten denboraldiagatik eta etorkizunean ziur lortuko dutenagatik.

Zer esango zeniekete gaztetxoei eskubaloia probatu dezaten?

Harriet Bengoetxea: Eskubaloiak historia asko du Usurbilen. Kirol bat osotasunean disfrutatzeko baliabide asko ditugu, txiki-txikitatik. Ni alebin mailan hasi nintzen, futbola eta eskubaloia egiten genuen orduan. Hasieran futbola nahiago nuen, baina pixka bat eskubaloia ezagutu ondoren lagunen artean konturatu ginen eskubaloian gauza politak egin genitzakeela. Eta gaztetxoak ez dira gu baino gutxiago izango. Gure aurrekoek egin zuten (eta orain 1. nazionalean dabiltza), guk egin dugu, eta ondorengoek ere egiteko aukera izango dute... Eta egingo dute!

Paul Arruti: Kirol bezala oso polita dela eta gainera lagunekin ondo pasatzeko aukera ematen duela. Ez edukitzeko probatzeko beldurrik.