1. Zuzendaritza batzordea berritzea beti da albiste. Nola daramazue lehen denboraldia amaitzekotan denean?
Maialen Saizar: Egia esan, oso gustura eta ilusio handiz. Hasiera batean beti izaten da egokitzapen fase bat, klubaren egunerokoa barrutik ezagutzea, dinamika berriak hartzea eta ardura berriei neurria hartzea, baina jende askoren laguntza izan dugu bidean. Aurretik lanean aritu den jendeari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, klub sendo bat utzi digutelako.
Leire Unanue: Gainera, lehen denboraldi honetan bertan momentu oso politak bizitzea tokatu zaigu, eta horrek are gehiago motibatzen gaitu lanean jarraitzeko.
2. Une berezian heldu zarete gainera. Mutilen lehen taldea 1. nazional mailan jardun da aurten eta maila mantentzea lortu du.
L.U.: Bai, eta hori oso garrantzitsua da klubarentzat. Lehen Nazionala oso maila exijentea da, bai kirol aldetik bai antolakuntza aldetik ere, eta taldeak erakutsi du bertan lehiatzeko gaitasuna baduela. Mailari eustea ez da kasualitatea.
M.S.: Gainera, lehen taldeak egiten duenak eragin zuzena dauka harrobian ere. Gaztetxoek erreferenteak dituzte gertutik eta ikusten dute hemengo jokalariek maila altuan jokatu dezaketela. Horrek ilusioa eta motibazioa sortzen ditu.
3. Herrian errotuta zaudetela argi dago. Garagardo Azoka antolatu duzue eta herritarrek asko eskertu dute.
L.U.: Oso pozik gaude izan duen erantzunarekin. Azkenean, klub bat ez da soilik asteburuko partidak edo entrenamenduak; herriko bizitzaren parte ere bada. Garagardo Azokaren helburua hori zen: giro polita sortzea, jendea elkartzea eta klubaren inguruko komunitatea indartzea.
M.S.: Gainera, boluntario pila batek lagundu zuen eta hori da benetan baloratzen duguna. Horrelako ekimenek erakusten dute klubak herriaren babesa duela.
4. Harrobiari begira ere urte paregabea izan duzue...
M.S.: Bai, harrobiko taldeek sekulako denboraldia egin dute eta oso pozik gaude. Jubenil mutilak Gipuzkoako txapeldunorde izan dira, kadete mutilak Gipuzkoako txapeldun eta Euskadiko hirugarren, eta kadete nesken bi taldeek ere oso urte ona egin dute, bata Gipuzkoako Kopako txapeldun eta bestea txapeldunorde.
L.U.: Horrek guztiak erakusten du urte askotako lana egiten ari dela klubaren barruan. Emaitzak garrantzitsuak dira, baina are gehiago baloratzen dugu jokalariak hazten ikustea, talde giro ona edukitzea eta eskubaloiaren inguruko zaletasuna sendotzea.
Senior nesken kasuan belaunaldi aldaketa handia izan da eta trantsizio urtea izan dute, baina uste dugu etorkizunerako oinarri polita jartzen ari direla. Eta eskubaloi-eskolatik ere oso albiste onak datoz. Azken urteetan ume asko gerturatu dira eskubaloira eta hori da klub baten etorkizunerako albisterik onena.
5. Asteburu honetan kadete mutilek Espainiako txapelketa jokatuko dute Iruñean, eta tartean Barça izango dute aurkari. Usurbilen gutxik esan dezakete Barçaren aurka partida ofizial bat jokatu dutela.
M.S.: Sekulako esperientzia izango da haientzat. Barça bezalako talde baten aurka jokatzea ez da egunero gertatzen, eta jokalariek merezitako saria dute. Azkenean, urte osoan egindako lanaren ondorio da. Estatuko 34 talde onenen artean dago Usurbil. Uste dut gurea baino herri txikiago bakarra dagoela, beste guztiak herri (edo batez ere, hiri) handiagoak dira. Beste zein kirolean lor dezakete Barça bezalako talde baten aurka jokatzea?
L.U.: Emaitzatik harago, horrelako txapelketek asko ematen dute: esperientzia, ikaskuntza eta motibazioa. Gainera, Usurbil bezalako herri txiki batentzat ere oso berezia da horrelako lehiaketa batean egotea. Neska-mutil gero eta gehiago konturatzen ari da Usurbilen etorkizun oparoena eskubaloian izan dezaketela.
6. Jubenil mutilek ere asteburu honetan Euskal Ligara igotzeko fasea jokatuko dute eta igotzeko faborito zarete.
L.U.: Bai, baina oinak lurrean izan behar dira. Egia da taldeak denboraldi oso ona egin duela eta ilusio handia dagoela, baina fase hauek oso gogorrak izaten dira. Dena den, taldeak erakutsi du maila baduela eta aukera handiak ditu.
M.S.: Euskal Ligan egotea oso pauso handia izango litzateke klubarentzat eta jokalarientzat ere bai. Horrek erakutsiko luke harrobiko lana bide onean doala.
7. Denboraldi honetan ez duzue infantil mailako talderik eduki. Datorren denboraldian ere ez duzue infantil mailako talderik izango?
M.S: Ba albiste onak ditugu. Badirudi, bai mutiletan bai nesketan datorren urtean taldeak ateratzeko neska-mutil nahikoa izango dugula. Nola nahi ere, lanean gabiltza horretan eta eurei zuzendutako entrenamendu bereziak prestatuko ditugu.
L.U.: Bai, adin honetan egongo direnak bereziki adi egon daitezela gure deialdiei, prestakuntza saioetara joateko. Horrez gain, urtero bezala, Julen Lejardi kanpusa antolatuko dugu ekainaren 22tik ekainaren 26ra Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2 mailako neska-mutilentzat. Denei irekia da eta momentu ezinhobeak biziko dituzte seguru!
8. Herrian ere klub bakarra osatzeko proiektuaren inguruan eztabaida hasi da. Zer duzue esateko honen inguruan?
M.S.: Gai konplexua da eta naturaltasunez hartu behar da. Guk uste dugu herriko kirolaren inguruan elkarrizketa egotea positiboa dela, eta denon helburua izan behar dela herriko eskubaloiaren etorkizunik onena bilatzea.
L.U.: Momentu honetan gure lehentasuna klubaren egunerokoa eta dauzkagun talde guztiak ahalik eta ondoen kudeatzea da. Horrelako proiektuek denbora, lasaitasuna eta adostasuna behar dituzte, eta ikusiko da etorkizunean zer bide hartzen duten. Sukalde lana dagokigu orain.
9. Gainontzean, zein beste erronka dituzue aurrera begira?
L.U.: Erronka asko ditugu. Batetik, harrobia gehitzen eta sendotzen jarraitzea eta jokalariek klubean jarraitzea lortzea eta urte luzez egotea hemen. Bestetik, entrenatzaile eta boluntario gehiago erakartzea ere oso garrantzitsua da, klubaren egunerokoa aurrera ateratzeko jende askoren lana behar delako.
M.S.: Nik bereziki aipatu nahiko nuke emakumeen eskubaloia indartu nahi dugula. Beheko mailetan neska asko ari dira hasten, eta orain erronka da urteekin kirola ez uztea eta goiko mailetara iristea. Azken batean, nahi duguna da Usurbilek eskubaloiaren inguruan daukan ilusio hau mantentzea eta klubak hazten jarraitzea, baina herriko izaera eta gertutasuna galdu gabe.