Usurbil Kirol Elkarteak Amurrioko eskubaloi topaketan parte hartuko du: kirola eta euskara batzen dituen ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea 2026ko maiatzaren 21a

Eskubaloiari berriro bultzada eman nahi diote Amurrion, eta horren adibide izango da maiatzaren 23an egingo duten topaketa. Ekimenaren atzean Patricia Pinedo dago, eskubaloi jokalari ohia eta gaur egun ikastolako eta herriko ikasleen artean eskubaloia sustatzeko eta errotzeko ahaleginean dabil. Hemen Usurbil Kirol Elkarteak eginiko elkarrizketa:

Zer izango da maiatzaren 23an Amurrion egingo duzuen eskubaloi topaketa?

Topaketa hau eskubaloia gure herrira hurbiltzeko ekitaldia izango da. Horrez gain, ekainaren 14an gure ikastolak antolatuko duen Araba Euskaraz dela eta, kirola eta euskara Amurrion uztartzeko aukera ezin hobea izango da.

Nondik sortu zen halako ekimen bat antolatzeko ideia?

Araba Euskarazeko arduradunak eta Aresketa Ikastolak nirekin harremanetan jarri ziren, aurtengo Araba Euskaraz dela eta, ea zerbait antolatzera animatuko ginen galdetzeko. Ez genuen birritan pentsatu. Gainera, herriko kiroldegia utzi ziguten ekitaldia bertan egiteko; normalean ez dugu han jokatzeko aukerarik izaten. Horri gehitu behar zaio guraso talde bat batu zaigula maiatzaren 23ko topaketan laguntzeko prest. Halako topaketa erraldoiak antolatzeko laguntza handia eskertzen da. Beraz, espero dugu dena ondo ateratzea eta datorren ikasturtean berriro errepikatzeko aukera eta ilusioa izatea.

Azken urteetan eskubaloia berriz indartzeko mugimendua sumatu da Amurrion. Nola ari zarete lanean?

Aresketa Ikastolako gurasoak gara Unai Arrieta eta biok, eta azken urteotan gure ikastolako eta herriko ikasleen artean eskubaloia sustatzeko eta errotzeko ahaleginean gabiltza. Futbolaz harago, bestelako kirolak ere badaudela erakutsi nahi dugu.

Amurrio bezalako herri batek ez dauka kirol eskaintza handirik, eta neska-mutilen artean eskubaloia bezalako beste kirol bat izatea eta aukera abanikoa zabaltzea harrera ona izaten ari da.

Gure helburua eskubaloia ezagutaraztea eta umeak probatzera animatzea da.

Zer ematen dio eskubaloiak herri bati, kirol hutsetik harago?

Herria mapan kokatzen laguntzeaz gain, aisialdi osasuntsua, talde lana, parte hartzea eta joko garbia sustatzen ditu.

Zuk eliteko ibilbidea izan zenuen eskubaloian. Zerk bultzatzen zaitu orain herriko oinarrian lanean aritzera?

Seme-alabengan beti sustatu dugu kirola. Gainera, konturatu gara eskubaloia gustuko dutela. Herriko oinarriak jende konprometitua behar du lanean aritzeko, eta gaur egun ez da erraza halako jendea topatzea.

Oso gutxi inbertitzen da kirolaren hastapenetan —benjamin, alebin edo infantil mailan—, eta oso garrantzitsua da ume horiek gidatzeko jende kualifikatua eta formatua izatea.

Profesional mailan bizi izandako zer momentu edo balio gustatuko litzaizuke gazteei transmititzea?

Nire kirol ibilbidetik, tituluak baino gehiago, eramaten dudan altxorra lagunak dira. Bizipenak, jende oso ezberdina ezagutzeko aukera… eta batez ere balioak: erronkei aurre egiteko ahalegina, taldean lan egiteko gaitasuna, diziplina eta errespetua. Gaur egun irakaskuntzan ere praktikan jartzen ditudan balioak dira.

Atzera begiratuta, zer esango zenioke eskubaloian hasi berria zen Patri gazte hari?

Zorionez, gauzak nahiko garbi izan ditut beti. Eskubaloia eta ikasketak bateratzeko aukera izan dut, eta hori oso argi izan dut hasieratik. Zentzu horretan, ez nuke ezer aldatuko.

Gurasoei zer esango zenieke seme-alabak eskubaloira animatzeko?

Guraso askoren kezka da seme-alabek gustuko duten kirola aurkitzea. Horretarako, umeei aukera eman behar zaie kirol ezberdinak probatzeko eta euren tokia aurkitzeko.

Erreferenteak gertutik ikustea ere garrantzitsua da. Duela gutxi Erreginaren Kopa izan dugu Donostian, eta horrelako txapelketak ikustea oso interesgarria da umeentzat; identifikatuta senti daitezke eta eskubaloian jarraitzera animatu.

Usurbil bezalako herri batean ere eskubaloia aukera interesgarria izan litekeela esango zenuke?

Bai, noski. Edozein herrirentzat aukera paregabea iruditzen zait. Kirolak probatu egin behar dira; izan ere, ume askok sorpresa hartzen dute eskubaloia probatzean, “konpetente” sentitzen direlako. Gainera, oso kirol dinamikoa da, eta gustatu egiten zaie.

Usurbilek beti zaindu du eskubaloia, eta horren atzean dagoen jendeari eskerrak eman behar zaizkio, lan handia egiten dutelako.