Usurbil Kirol Elkarteko gizonezkoen Lehen Nazionaleko taldeak aurredenboraldia martxan jarri du dagoeneko. Urnietako Udal Kiroldegian elkartu dira jokalariak lehen entrenamendu saioetarako, eta taldean aurpegi berri ugari ikusi ahal izan dira lehen egunetan.
Horien artean daude senior mailan lehen urtea egingo duten bi jokalari gazte: Eneko Sanchez lasarteoriatarra eta Enaitz Manterola usurbildarra. Azken horrekin batera, haren anaia Manex ere ari da talde dinamikan parte hartzen; oraindik jubenila bada ere, lehen taldearen entrenamenduetan bere tokia egiten saiatzen ari da. Fitxaketa berrien artean aipatzekoa da, halaber, Ander Zulaika zarauztarra. Eskubaloitik kanpo denboraldi bat eman ondoren, berriro pistara itzuli da eta Usurbil KEren elastikoa jantziko du datorren denboraldian.
Lehen entrenamenduetan ez da jokalari guztien presentzia izan, ordea. Mikel Villafafila atezainak lesio baten ondorioz ezin izan du oraindik taldearekin lanean hasi. Hala ere, Urnietan izan da taldekideei babesa ematen eta prestaketa saioak gertutik jarraitzen.
Denboraldi berria hasteko gogoz eta ilusioz bildu dira jokalariak eta Iñigo Moreno entrenatzaile berria. Lehen saioetan, gainera, giro bikaina nagusitu da taldearen barruan, bai beteranoen eta bai gazteen artean. Urnietako Udal Kiroldegiko pistan, ordea, ez zuten baldintza errazik izan: beroak eta sargoriak gogortu egin zituzten lan saioak, baina horrek ez zuen jokalarien jarrera eta lanerako gogoa lausotu.
Denboraldi berrirako lehen urratsak ematen ari da, beraz, Usurbil KEko Lehen Nazionaleko taldea. Aurpegi berriak, gazteen presentzia eta talde barruko giro ona izan dira Urnietan abiatutako prestaketa fasearen lehen egunetako protagonista nagusiak.
Lehen Nazionaleko taldea izan da aurredenboraldia hasten lehena, baina datozen egunetan klubeko gainerako taldeak ere lanean hasiko dira. Hala, jubenil mutilen Euskal Ligako taldeak abuztuaren 17an ekingo dio prestaketari, eta kadete nesken taldeak, berriz, abuztuaren 24an, adibidez. Txikienek pixka bat gehiago itxaron beharko dute: alebinak eta benjaminak ikasturte berriaren hasierarekin batera itzuliko dira entrenamenduetara, oporraldiari amaiera emanez eta beste denboraldi bati ilusioz heltzeko prest.
Lehen Nazionaleko taldearen aurredenboraldiko lagunartekoak:
Abuztuak 21, 19:00tan Usabal Kiroldegian (Tolosa), Tolosa Eskubaloia C.F. vs Saizar Usurbil K.E.
Abuztuak 22, 11:00tan Oiardo Kiroldegian (Usurbil), Saizar Usurbil K.E. vs Ereintza Aguaplast
Abuztuak 29, 16:00tan Pabellon Anaitasuna (Iruñea), Anaitasuna B vs Saizar Usurbil K.E.
Irailak 4, 17:00tan, Oiardo Kiroldegian (Usurbil), Saizar Usurbil K.E. vs Txikipolit
Irailak 12, 11:45tan, Indurain Kiroldegian (Atarrabia), Beti-Onak vs Saizar Usurbil K.E.