Usurbilgo Oiardo kiroldegia berriro irekitzearekin batera, Usurbil Kirol Elkarteko taldeak pixkanaka ari dira 2026-2027 denboraldiari ekiten. Abuztuaren 17an hasi dira aurredenboraldiarekin hainbat talde, eta datozen egunetan gainerako taldeak ere batuko dira entrenamenduetara.
Azken asteotan, Oiardo kiroldegia itxita egon denez, 1. Nazional mailako taldeak Urnietako kiroldegian egin ditu aurredenboraldiko lehen entrenamenduak. Aste honetatik aurrera, ordea, Usurbilera itzuli da taldea eta Oiardo kiroldegian egingo ditu entrenamenduak.
Usurbil KEko kirol arduradun Julen Nazabalek azaldu duenez, «aurredenboraldiari ekiteko unea da orain, eta helburua talde bakoitza pixkanaka prestatzea da. Lehen aste hauetan entrenamenduetako erritmoa hartzea, taldeak osatzea eta jokalariak denboraldiaren erronketara egokitzea izango da garrantzitsuena».
Nazabalen arabera, «aurten ere talde askok izango dituzte aurredenboraldian zehar lagunartekoak eta txapelketak, eta horiek entrenamenduetan egindako lana probatzeko balioko dute. Pixkanaka lehiaketaren erritmora sartzen joatea izango da datozen asteetako erronka».
Lehen lagunartekoak asteburu honetan
Lehen Nazional mailako taldeak asteburu honetan jokatuko ditu aurredenboraldiko lehen bi partidak. Ostiralean, abuztuaren 21ean, Tolosara joango da Tolosaren aurka jokatzeko, eta larunbatean, berriz, Ereintzaren aurka arituko da Usurbilgo Oiardo kiroldegian.
Harrobiko taldeek ere izango dute lehian aritzeko lehen aukera. Larunbatean, Euskal Ligako kadete eta jubenil mutilek ZKE Uda Txapelketan parte hartuko dute Zarautzen. Bertan, Zarautz KE eta Pulpo KEko taldeen aurka jokatuko dute.
Horrela, Usurbil KEko taldeak pixkanaka ari dira 2026-2027 denboraldirako martxa hartzen. Talde batzuk dagoeneko hasi dira lanean, eta gainerakoak datozen egunetan batuko dira aurredenboraldira. Lehiaketa ofizialak hasi aurretik, aste hauek baliatuko dituzte prestaketa fisikoa eta taktikoa lantzeko, taldeak osatzeko eta lehen neurketetan sentsazioak hartzeko.