Denboraldi berriari ahalik eta prestatuen ekiteko, Usurbil Kirol Elkarteko entrenatzaile eta monitoreek formakuntza-saioa egin dute irailaren 13an, Usurbilen. Klubaren kirolproiektuan entrenatzaileen prestakuntzak duen garrantzia azpimarratzeko eta denboraldia modu antolatuagoan lantzeko helburuarekin antolatu du jardunaldia Usurbil KEk.
Saioa Julen Aizpitartek, Zarautz Kirol Elkartekoak, gidatu du. Bere esperientziatik abiatuta, denboraldiaren plangintza, taldearen helburuak, entrenamenduen antolaketa eta denboraldiak aurrera egin ahala sor daitezkeen egoerei aurrea hartzeko moduak landu dituzte partehartzaileek.
Aizpitarte ez da bakarrik aritu, gainera. Mikel Alzaga usurbildarra ere izan da jardunaldian. Alzaga Aiala Zarautz taldeko entrenatzailea da, Zilarrezko Ohorezko Mailan, eta Euskal Selekzioko hautatzailea ere bada. Hala, parte-hartzaileek planteatutako zalantza eta galdera teknikoenei erantzuteko eta saioan zehar sortutako eztabaidak ikuspegi praktikoago batekin osatzeko aukera izan du.
Lehen saioa, ez azkena
Usurbil KEren balorazioa oso positiboa izan da. Entrenatzaile eta monitoreek parte hartze aktiboa izan dute, eta eguneroko entrenamenduetatik harago, denboraldi osoa ikuspegi zabalagoarekin planifikatzeko tresnak eskuratu dituzte.
Klubak argi du, gainera, entrenatzaileen prestakuntza ez dela egun bakarreko kontua. Horregatik, irailaren 13ko jardunaldiak jarraipena izango du, eta Usurbil KEk denboraldian zehar antzeko formakuntza-saio gehiago antolatzeko asmoa du.
Azken batean, jokalarien garapena ez ezik, entrenatzaileena ere zaindu nahi du Usurbil KEk. Prestakuntza hobetzea, esperientziak partekatzea eta kirolaren inguruko ezagutza zabaltzea izango dira klubaren apustuetako batzuk datozen hilabeteetan.
Usurbil KEk, beraz, denboraldi berriari kantxan ez ezik, prestakuntzan ere ekin dio.