Benjamin mailako hiru taldeek euren arteko neurketatxo xumea jokatu dute Oiardon. Lehen hartu-emana izan dute denboraldi berriarekin, eta argi geratu da jokatzeko gogoa badutela. Baloia esku artean, taldekideekin berriro elkartuta eta ilusioz, lehen urratsa eman dute.
Alebinen kasuan, berriz, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak antolatutako denboraldi hasierako Eskubaloi Festa izan da igandeko hitzordu nagusia. Usurbilgo hiru taldeek hainbat klubetako taldeekin jokatu dute, tartean Amara Berri Kluba, Bera Bera, Urola edota Mundarro.
Partidak ez dira izan eguneko protagonista bakarrak. Neurketa batetik bestera, talde bakoitzak mural bat egin du, eta Oiardo kolorez eta marrazkiz bete da. Ikusleen artean egindako aukeraketan, Usurbilgo alebin nesken taldearen lana izan da babes gehien jaso duena. Etxeko taldearen sormena, beraz, bertaratutakoen artean ere nabarmendu da.
Oso esaldi polita jarri zuten muralean:
“Eskubaloia sentimendu bat da guretzat. Oso ondo pasatzen dugu eta asko dibertitzen gara. Asko maite dugu eskubaloia eta partidetan oso ondo jolasten dugu.”
Festa giroari eusteko, Federazioak baloiak zozketatu ditu parte-hartzaileen artean eta argazki saioa ere antolatu du. Horrela, goizari eskubaloi hutsetik haragoko osagaiak gehitu zaizkio, haurrek jolasean eta elkarrekin gozatzeko aukera izan dezaten.
Lehen jardunaldia atzean utzita, sei taldeak —hiru alebin eta hiru benjamin— prest dira denboraldiari ekiteko. Lehenengo pausoak emanda, orain entrenamenduekin jarraituko dute urriko hurrengo topaketara arte.
Eta datorren asteburuan, infantil mailakoen txanda izango da. Larunbatean infantil mutilek izango dute Eskubaloi Festa Elgoibarren, eta igandean infantil neskena ospatuko da Usurbilen. Eskubaloia, beraz, beste astebetez izango da protagonista Oiardon.