Etxekoak indartsu iritsi ziren neurketara, aurreko jardunaldian 21 goleko aldearekin garaipena eskuratuta. Usurbildarrak ere garaipenaren bultzadarekin heldu ziren hitzordura, nahiz eta gureek aurreko astean gol bakarraren aldeagatik lortu zituzten bi puntuak.
Asteak, ordea, ez zuen prestaketarik errazena ahalbidetu. Taldeko jokalari askok ezin izan zituzten ohiko entrenamendu saioak normaltasunez burutu, arratsaldeko lan-txandek baldintzatuta. Ez da aitzakia, noski, baina horrelako neurketa zorrotzetan xehetasun txikienek
ere pisu handia izan ohi dute.
Hasieratik bertatik ikusi zen partida aldapan gora jarriko zitzaiela usurbildarrei. Defentsan nahi baino erraztasun gehiago eman zituzten eta erasoan ere gauzak ez ziren espero bezala atera. Baloiari jarraitasuna emateko zailtasunak izan zituzten, eta horrek markagailuan aldea handitzen joatea ekarri zuen.
Atsedenaldira zazpi goleko desabantailarekin iritsi ziren usurbildarrak, eta bigarren zatian egoera iraultzen saiatu baziren ere, ez zuten aurkitu partidari buelta emateko modurik. Aurrean oso talde sendoa izan zuten, erasoko nahiz defentsako lanean maila handia erakutsi zuena. Gainera, fisikoki ere koska bat gorago agertu ziren une askotan, erritmo biziari eutsiz eta neurketaren kontrola eskuetatik askatu gabe.
Partidaren amaieran, Iñigo Moreno entrenatzaileak autokritika egin zuen: "Ez dugu gure mailarik onena eman. Defentsan ez gara sendo aritu eta erasoan ere ez dugu asmatu. Baina hau ez da denboraldia markatuko duen partida. Burua altxa, akatsak zuzendu eta lanean jarraitu behar dugu."
Moreno berak aurkariaren maila ere azpimarratu zuen: "Oso talde indartsua iruditu zaigu. Gaur erakutsi dute zergatik egongo diren denboraldi osoan igoera postuengatik borrokan."
Baina eskubaloiak badu alde ona: beti dator hurrengo aukera. Eta Saizar Usurbil KEk aukera hori etxean izango du.
Datorren larunbatean, urriaren 3an, 19:30ean, Anaitasuna B izango da Oiardo kiroldegian. Nafarrek azken jardunaldian eskuratu zuten garaipena, Trapagaranen aurka azken bost segundoetan sartutako gol bati esker. Usurbildarrek, ordea, badakite Oiardo oso kantxa zaila dela bisitarientzat. Iazko denboraldian argi nagusitu ziren usurbildarrak etxean jokatutako neurketan, eta aurten ere bi puntuak etxean uzteko erronka izango dute.
Horregatik, dei argia luzatu nahi zaie zale guztiei. Taldeak harmailetako indarra behar du, Oiardoko giroa behar du eta zaleen bultzada behar du denboraldiko lehen porrotari erantzun onena emateko.
Denboraldia hasi besterik ez da egin. Larunbatean beste aukera bat izango dute, eta Oiardon denon artean sukaldatuko da erantzuna.
Urriaren 3an, 19:30ean, denok Oiardora. Aupa Usurbil!