Lau penalti huts eta 25-32: Anaitasunak ez du barkatu Oiardon

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea

Saizar Usurbil KEk ezin izan zuen punturik batu larunbat arratsaldean Oiardo Udal Kiroldegian. Anaitasunak 25-32 irabazi zuen Lehen Mailako Estatuko Txapelketako 3. jardunaldiko partida, hasieratik amaierara markagailuan aurretik izan ondoren.

Anaitasuna hobeto hasi zen eta lehen minutuetatik hartu zuen neurketaren kontrola. Usurbildarrak erantzuten saiatu ziren, baina erasoan ez zuten behar besteko eraginkortasunik izan. Jaurtiketa argietan hainbat huts egin zituzten, sei metroko marratik ere bai, eta lau penaltijaurtiketak ere ez zituzten baliatu.

Baloia azkar ateratzen eta kontraerasoan jokatzen saiatu zen Saizar, baina trantsizioetan ez zen nahikoa eraginkorra izan. Anaitasunak, berriz, bizkorrago igotzen zuen baloia eta behin baino gehiagotan harrapatu zuen etxeko taldea defentsara itzultzen. Aldea handitzen joan zen eta atsedenaldira 11-16 iritsi ziren.

Bigarren zatia aurrera egin zuen heinean, Iñigo Moreno entrenatzaileak neurketaren norabidea aldatzeko asmoz 7-6ko erasoa jarri zuen martxan, atezainik gabe. Apustuak, ordea, ez zuen espero zen emaitza eman, eta Anaitasunak egoera aprobetxatu zuen aldea handitzeko.

Saizar Usurbil KEk aukerak sortzen jarraitu zuen, baina ate aurrean asmatu ezinik aritu zen. Sei metroko marratik egindako jaurtiketetan akatsak pilatu ziren, eta Anaitasunako atezainak ere lan ona egin zuen, etxeko erremate ugari geldituz.

Defentsan ere zailtasunak izan zituzten usurbildarrek, batez ere bat baten aurkako ekintzak defendatzeko garaian. Anaitasunak egoera horiek baliatu zituen aldea mantentzeko, eta fisikoki ere hobeto iritsi zen azken minutuetara. Usurbildarrek aldaketak egin zituen arren, nekea nabariagoa izan zen partidaren amaieran, eta ezin izan zuen markagailua estutu.

Azken emaitza: Saizar Usurbil KE 25 – Anaitasuna 32.

Hobetu beharrekoak, argi

Julen Nazabal Usurbil KEko kirol arduradunak neurketak utzitako ikasgaiak nabarmendu ditu: “Ate aurrean eraginkorragoak izan behar dugu. Sei metroko marratik aukera asko izan ditugu, baita penaltiak ere, eta gehiago asmatu behar dugu. Defentsan, bat baten aurkako ekintzak hobeto defenditu behar ditugu”.

Hurrengo egunetako lana ere argi du: “Partidan egin ditugun akatsak aztertu eta entrenamenduetan zuzendu behar ditugu. Erasoan zein defentsan hobetu beharra dugu, eta hurrengo partidara begira prestatu”.

Donezteben, bi puntuak helburu

Saizar Usurbil KEk larunbatean izango du erreakzionatzeko aukera. Doneztebeko Erreka taldearen aurka jokatuko du, mailara igo berria den taldearen etxean.

Partida 20:00etan hasiko da, eta Usurbildik abiatuko den autobusa 18:00etan aterako da. Autobusa bete arte, zaleak doan etor litezke. Bazkideek izango dute lehentasuna.

Oiardoko porrotaren ondoren, beraz, helburua argia izango da: Doneztebetik bi puntuekin itzultzea.