Saizar Usurbil KEk garaipen sendoa lortu zuen joan den larunbatean Donezteben, Erreka 28-37 mendean hartuta. Lehen zatiko azken hamar minutuetan markagailua alde jarri ondoren, bigarrenean errentari eutsi eta aldea handitu zuten usurbildarrek, etxeko taldeari erantzuteko aukerarik apenas emanda.
Hasieratik ondo zelairatu ziren bisitariak, baina erdiko aldean defentsako hutsune batzuk izan zituzten, eta erasoan ere ez zuten beti asmatu. Horren ondorioz, lehia parekatuta mantendu zen lehen zatiko tarte batean. Azken hamar minutuetan, ordea, Saizar Usurbilek martxa bat gehiago jarri zuen, aurretik jartzea lortu eta atsedenaldira 14-18ko emaitzarekin iristeko.
Aldageletatik bueltan, neurketaren gidoia ez zen aldatu. Usurbildarrek erritmoari eutsi zioten, eta Errekak ez zuen aurkariaren erasoa geldiarazteko modurik aurkitu. Pixkanaka, aldea handitzen joan zen, eta bisitariek hamar goleko errenta ere eskuratu zuten partida amaitzeko minutu baten faltan. Azken emaitza, 28-37, Saizar Usurbilen aldekoa izan zen.
Lau jardunaldi jokatuta, bi garaipen eta bi porrot dituzte usurbildarrek, eta bederatzigarren postuan kokatu dira sailkapenean.
Datorren larunbatean, urriaren 17an, beste erronka garrantzitsu bat izango dute Oiardon: Ereintza hartuko dute, 19:30ean. Errenteriarrek bost puntu dituzte, Saizar Usurbilek baino bat gehiago. Aurredenboraldian ere elkarren aurka aritu ziren Usurbilen, eta orduan etxeko taldeak irabazi zuen, bisitariak baja batzuekin etorri baziren ere.
Puntuak etxean geratzea izango dute helburu usurbildarrek, eta Oiardoko zaleen babesa funtsezkoa izango da beste garaipen bat lortzeko.