Saizar Usurbil KEk hirugarren garaipena lortu du, Iruñean nagusituta (33-37)

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea

Saizar Usurbil KEk denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu zuen larunbatean, BM Loyolari Iruñean 33-37 irabazita. Lehen Maila Nazionaleko seigarren jardunaldian lortutako garaipenari esker, usurbildarrek sei puntu dituzte dagoeneko, eta sailkapeneko zazpigarren postuan daude. Etxetik kanpoko bigarren garaipena izan da denboraldi honetan. 

Usurbildarrak indartsu atera ziren kantxara, eta hasieratik hartu zuten aurrea markagailuan. Gol gutxiko aldeari eustea lortu zuten lehen zatiko minutu gehienetan, baina atsedenaldiaren atarian egindako defentsako akats batzuek berdinketa lortzeko aukera eman zieten etxekoei. Hala, 1717koarekin iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.

Bigarren zatian, ordea, Saizar Usurbil sendo itzuli zen kantxara, bai erasoan, bai defentsan, eta hiruzpalau goleko aldea hartzea lortu zuen. Abantaila hori mantentzen jakin zuten usurbildarrek ia partida osoan zehar, jokoaren bi aldeetan egindako lanari esker.

Azken bost minutuetan, Loiolak aldea murriztu zuen, baina Saizar Usurbilek eutsi egin zion markagailuari, eta lau goleko aldearekin nagusitu zen azkenean: 33-37.

Sei jardunaldiren ostean, hiru garaipen eta hiru porrot pilatu ditu taldeak. Nabarmentzekoa da, gainera, bi garaipenak aurkariaren kantxan lortu dituela. Iaz, etxetik kanpoko garaipen bakarra eskuratu zuen denboraldi osoan, hain zuzen ere Loiolaren aurka.

Datorren astean, Hondarribia Bidasoa hartuko du Saizar Usurbil KE-k Oiardo kiroldegian. Aimar Iraeta usurbildarra aritzen da Hondarribia Bidasoan; talde hondarribiarrak lau puntu ditu eta sailkapeneko hamaikagarren postuan dago, azken jardunaldian Trapagaranen aurka galdu ostean. Usurbildarrek, beraz, etxean beste garaipen bat lortu eta sailkapenean gora egiten jarraitu nahi izango dute.