Saizar Usurbil KEk garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Lehen Nazional Mailako 7. jardunaldian, Il Capo Hondarribia Bidasoa taldeari 32-30 irabazita. Hasiera oso zailari aurre egin behar izan zioten usurbildarrek, baina markagailua iraultzeko gai izan ziren, eta bigarren zatian sei goleko errenta ere eskuratu zuten. Amaieran, ordea, azken minutuko erlaxazioak neurketa estutu zuen.
Ez zuten neurketa behar bezala hasi usurbildarrek. Oso hotz kantxaratu ziren, eta lehen minutuetako zalantzak eta hutsuneak baliatu zituzten hondarribiarrek markagailuan 1-6 aurreratzeko. Hasiera zail horrek ez zituen, ordea, etsiarazi etxekoak. Pixkanaka, jokoan sartzen hasi ziren, eta markagailuan atzetik jarraitu arren, partidari buelta emateko lanean jarraitu zuten, Oiardoko harmailaren laguntzarekin.
Ahaleginak saria izan zuen 20. minutua inguruan: lehen aldiz aurretik jarri ziren usurbildarrak. Markagailuan parean edo aurretik egoteak konfiantza handia eman zion taldeari, eta lehen zatiko azken minutuetan hartutako dinamikari eustea lortu zuten. Hala, atsedenaldira bi goleko errentarekin iritsi ziren, 17-15.
Atsedenaldiaren ostean ere sendo jarraitu zuten etxekoek. Lehen zatian markagailua iraultzeak emandako konfiantzari esker, defentsako lana nabarmen hobetu zuten, eta erasoan ere jaurtiketetan asmatzen hasi ziren. Horren erakusgarri, 36. minuturako sei goleko aldea zuten alde.
45. minutu inguruan, ordea, neurketako unerik zailena iritsi zen. Defentsako intentsitatea apaldu eta zenbait akats egin ostean, hondarribiarrek aldea murriztu zuten, eta bi goleko desabantaila besterik ez zuten etxekoek. Partida berriro korapilatu zen, baina Saizar Usurbil KEko jokalariek ez zuten amore eman. Erreakzionatu eta berriro erritmoa hartuta, azken minutura bost goleko aldearekin iritsi ziren: 32-27.
Garaipena eskuetan zutela ikusita, azken minutu horretan erlaxatu egin ziren usurbildarrak. Hondarribia Bidasoak, ordea, azken ahalegina egin zuen, eta etxekoen azken hutsuneak baliatuta, markagailua 32-30era estutu zuen azken txistua entzun aurretik.
Zazpigarren postuan, igoera faseko postuetatik gertuago
Garaipenak sailkapenean ere aurrerapauso garrantzitsua emateko balio izan zien usurbildarrei. Zazpigarren postuan egonkortu dira, zortzi punturekin, sailkapenaren erdialdean. Zortzigarren sailkatua hiru puntura dute, eta seigarrena puntu bakarrera. Are gehiago, une honetan igoera faserako postuetatik lau puntura daude, eta jaitsiera postuekiko tartea, berriz, bost puntukoa da.
Zumaiako derbia, hurrengo erronka
Datorren astean, gainera, derbi berezia izango dute aurretik usurbildarrek: Sukia Pulpo EK-ren aurkakoa, Zumaiako Lubaki kiroldegian. Zumaiarrek liga hasiera kaskarra egin zuten arren, azken jardunaldietan dinamika positiboan sartzea lortu dute, bi garaipen jarraian pilatuta, Saizar Usurbil KEk bezala. Hala ere, lau punturekin eta hamahirugarren postuan daude zumaiarrak.
Usurbildarrentzat aukera polita izango da garaipen boladari eusteko eta sailkapenean pauso sendoagoa emateko. Zumaiarren aurkako garaipen batek konfiantza eta lasaitasuna emango lizkioke taldeari, eta datozen jardunaldietan egutegiak ekarriko dituen erronka eta aurkari gogorrei aurre egiteko puntu-koltxoi baliotsua osatzeko aukera izango lukete.
Derbirako, 40 sarrera eskuragarri
Pulpo EK-k 40 sarrera jarri ditu Usurbilgo zaleentzat, 5€-an bakoitza. Kiroldegia betetzea aurreikusten dute Pulpo EK-tik, eta beraz, sarrerarik ez duenak ezingo du partida ikusi Zumaian. Adi egon Usurbil Kirol Elkarteko sareei sarrerak eskuratzeko.