Hasiera ezinhobea lehen nazionaleko taldeak: hirugarren garaipena jarraian Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea

Pulporen 75. urteurreneko giro berezian, Saizar Usurbilek beste garaipen baliotsu bat eskuratu zuen Zumaian (27-29)

Hasiera ezinhobearekin jarraitzen du Saizar Usurbil KEk Lehen Nazional Mailan. Larunbatean Zumaian jokatutako derbian, Sukia Pulpo KE mendean hartu zuten usurbildarrek 27-29, atsedenaldian jada sei goleko errenta eraikia zutela (9-15). Bi puntu garrantzitsu baino gehiago izan ziren, sailkapenaren goialdean kokatutako taldeen aurka bakarrik galdu baitu orain arte Usurbilek, eta zortzi jardunalditatik bost garaipen lortuta, 10 punturekin seigarren postura igo baita.

Partidaren hasiera oso parekatua izan zen. Lehen hamabost minutuetan bi taldeak erritmo bizian aritu ziren eta aldeak txikiak izan ziren une oro. Oro har, usurbildarrak aurretik joan ziren markagailuan, baina gehienez ere gol bateko edo biko errentekin. Neurketak aurrera egin ahala, ordea, Iñigo Morenoren taldeak sendotasuna irabazi zuen bi aldeetan. Defentsan sendoago aritu ziren, erasoan gehiago asmatu zuten, eta etxekoen akatsak baliatzen jakin zuten atsedenaldira sei goleko abantailarekin heltzeko (9-15).

Bigarren zatia, ordea, guztiz bestelako joerarekin hasi zen. Pulpok indartsu ekin zuen eta usurbildarren hainbat huts baliatuta markagailuko aldea pixkanaka murrizten joan zen. Hala, 45. minutuan gol bakarrera gerturatu ziren zumaiarrak, eta Iñigo Moreno entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen taldeari arnasa eta argitasuna emateko.

Etenaldiaren ondoren, Saizar Usurbilek berriro aurkitu zuen behar zuen freskotasuna. Hiru gol inguruko aldearekin eutsi zioten neurketari eta partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean Pulpok ere hutsartea eskatu zuen azken ahalegina prestatzeko. Jokoa orekatuta mantendu bazen ere, markagailuaren kontrola usurbildarren eskuetan jarraitu zuen.

Azken txanpan etxekoak berriro ere gol bakarrera hurbildu ziren, baina ez ziren partida berdintzeko gai izan. Saizar Usurbilek buru hotzez jokatu zituen azken minutuak eta bi goleko abantailarekin itxi zuen neurketa (27-29).

Neurketak, gainera, osagai bereziak izan zituen kantxatik harago ere. Pulpo KEk bere jatorrizko elkartearen 75. urteurrena ospatu zuen elastiko berezi batekin, klubaren lehen kamisetaren erreplikarekin. Partida amaitutakoan, txaranga batek girotu zuen jaia, usurbildarren garaipenari azken ginga jarriz.

Harmailetan ere giro bikaina nagusitu zen. 50 eta 60 usurbildar zale artean bertaratu ziren Zumaiara taldeari babesa ematera, eta bi afizioen artean errespetua eta giro ona izan ziren protagonista. Bakoitzak bere taldea animatu zuen sutsuki, baina une oro kiroltasuna nagusitu zen harmailetan.

Banakako atalean, Iker Nazabal Aisak goleatzaile nagusien artean jarraitzen du, sailkapeneko hirugarren postuan finkatuta.

Denboraldi hasierako balantzea ezin hobea da Usurbilentzat. Zortzi jardunaldiren ondoren bost garaipen eta hamar puntu pilatu ditu taldeak, sailkapeneko seigarren postura iritsiz. Gainera, galdu dituen hiru neurketak goialdean dauden aurkarien aurka izan dira. Datorren astean, hala ere, benetako erronka izango dute Oiardon: Eibar liderra izango dute aurrez aurre. Zaila bada, ez da ezinezkoa.