Liderrari aurre egin zion Saizar Usurbil KEk, baina puntuak Eibarrera joan ziren (25-31)

Erabiltzailearen aurpegia Usurbil Kirol Elkartea

Lehen Nazionaleko liderraren bisita izan zuen larunbat arratsaldean Oiardok, eta Saizar Usurbil KEk aurkari sendo baten aurrean lehiakor izaten asmatu bazuen ere, ezin izan zuen ezustekorik eman. Azkenean, Eibar Eskubaloiak 25-31 irabazi zuen.

Erronka handia zuen aurretik Saizar Usurbil KEk. Lehen Nazionaleko liderra zen aurkaria, igoera fasea jokatu eta mailaz igotzea helburu duen taldea. Horri gehitu behar zitzaizkion etxekoen zenbait jokalariren lesioak eta beste batzuen egoera fisikoa, ez baitziren partidara baldintzarik onenetan iritsi.

Neurketa hasi eta berehala agerian geratu zen bisitarien sendotasuna. Eibartarrek 0-4ko partzialarekin ekin zioten partidari, eta usurbildarrei kosta egin zitzaien jokoan sartzea. Hala ere, etxekoek ez zuten amore eman eta minutuak aurrera joan ahala oreka handiagoa lortu zuten kantxan. Atsedenaldira 11-16koarekin heldu ziren bi taldeak.

Bigarren zatian ere saiatu ziren Iñigo Morenoren mutilak. Une batean errenta hiru golera murriztea lortu zuten, eta Oiardoko harmailak partidaren norabidea alda zitekeela sinesten hasi ziren. Baina hainbat aukera argi galdu zituzten etxekoek, tartean sei metroko jaurtiketa batzuk eta kontraerasoetan sortutako abaguneak. Lider baten aurrean, horrelako aukerak ezinbestekoak dira neurketa estutzeko.

Azken txanpan, Eibar Eskubaloiak bere kalitatea erakutsi zuen berriro eta aldeari eustea lortu zuen partida 25-31ko emaitzarekin ixteko.

Emaitzak porrota ekarri bazuen ere, sentsazioak ez ziren txarrak izan. Oiardon bildutako 300 zale inguruk taldearen ahalegina eta konpromisoa txalotu zituzten amaieran. Izan ere, usurbildarrek aurre egin zioten txapelketako talderik sendoenetako bati eta une askotan maila ona eman zuten.

Harmailan giro berezia ere izan zen. Aurretik infantil mailako Usurbil KE-Eibar Eskubaloia partida jokatu zen, eta horren ondorioz Eibartik etorritako jarraitzaile ugari geratu ziren gero seniorren neurketa ikusten. Oiardoko giro onari sareko ikus-entzuleak ere gehitu zitzaizkion; izan ere, 600 lagunetik gora konektatu ziren partida klubaren YouTube kanalaren bidez jarraitzeko.

Porrotaren ostean, Saizar Usurbil KEk sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du. Gainera, aurkari zuzenenak ere ezin izan zuen punturik batu, eta horri esker usurbildarrek euren kokapenari eutsi diote.

Begiak Loiuko hitzorduan

Datorren jardunaldian Urdanetaren kantxara bidaiatuko du Saizar Usurbil KEk. Bizkaitarrak aurten igo dira mailara eta hamaikagarren postuan daude sei punturekin, usurbildarrak baino lau puntu gutxiagorekin. Irteera zaila izango da, baina puntuak lortzea garrantzitsua izango da sailkapenaren goiko erdian sendotzen jarraitzeko eta postu onenei begira mantentzeko.

Asteburu berezia Oiardon

Urdanetaren aurkako neurketa prestatzerakoan aparteko zailtasun bat ere izango du eskubaloi klubak. Ostiralean ezin izango dute Oiardo kiroldegian entrenatu, larunbatean pailazoen emanaldia antolatu baitago bertan. Egoera horrek ez du Lehen Nazionaleko taldea bakarrik eragingo; eskubaloi eta boleiboleko dozena bat taldek ere entrenamendu saioak galduko dituzte, guztira 200 kirolari inguruk.

Horrez gain, pailazoen emanaldia dela medio, infantil, kadete, jubenil eta senior mailako hamar taldek ezingo dituzte asteburuko partidak Usurbilen jokatu.

Etxetik kanpo bada ere kirol jardunak ez du etenik izango. Hala ere hitzordu oso polit bat egongo da igande honetan: alebin eta benjaminen beste topaketa bat izango da Usurbilen, eta goiz osoan zehar gaztetxo ugari bilduko dira eskubaloi giroaz gozatzeko.