Argazki muntaia ikusgarria argitaratu du Diputazioak, egoitzari dizdira dario. Etxean sentiarazi nahi ditu erabiltzaileak, arkitektura behar hauetara egokitu. Argazkietan erreparatuta, ezin ukatu ordea; begia, falta den “elementu” horretara joan zait. Argazkietako batean, Zubieta gaina ageri da etorkizuneko egoitza berritzaile honen atzealdean, mendi berdeez josia.
Mendi artean ezkutatu nahi izan arren, jada txoko askotatik begi bistakoa dugun erraustegia falta da noski “dekoratu” horretan. Ez dute argazkiotan txertatu. Bai, egia da, egoitza berriak izango duen itxura aurkezteko, egitasmo honen kokagunetik kanpo geratzen dena islatu beharrik ez dago argazki muntai batean.
Egokitu egin dute. Arkitektura erabiltzaileak etxean bezala sentiaraztera moldatu nahi dute. Ingurua ere ordurako nabarmen aldatua izango da. Kalezarko egoitza proiektu estrategiko eta erreferentzial gisa aurkeztu duen erakunde berak, Foru Aldundiak, aurrez aurre kokatuko baitio zentroari, eraiki eta martxan jartzerako, ke toxikoa etengabe eta kontrolik gabe isurtzen aritu litekeen erraustegia.
Nola saldu adinekoen egoi–tza, zentro berritzaile eta eredugarri gisa, erabiltzaileek kea darion erraustegi bat muturraren aurrean izango dutenean? Aparteko bi egitasmo izango dira bai, baina herri honek aurrez aurre, elkarri begira izango ditu. Eta biak, aurrez aurre, erakunde berak kokatu eta aurkeztu dizkigu. Errioaren alde batean, bizi-kalitatea hobetzeko proiektu bat sustatzen ari denean, Oriaz bestalde, guztion osasuna, baita noski Kalezarko egoitzako erabiltzaileena arriskuan jar dezakeen azpiegitura bultzatzen. Erraustegiak eta adinekoen egoitzak tartean izango dituzte N-634 errepidea, errioa, Zubieta, baina zentroko erabiltzaileak esnatzen direnetik lokartu arte aurrez aurre izango dute erraustegia ke betean, lehenago geratzen ez bada behintzat.
Errealitate hau ezingo da ezkutatu, estali edo desitxuratu. Une hori ez bizitzea espero dut, baina gertatuko balitz, nola defendatu adinekoen bizi kalitatea, aurrez aurre halako munstroa dutenean? Irudikatu ezazue, egoitza honen inaugurazio eguna. Adinekoen bizi-kalitatea ahotan hartu eta defendatuko den ekitaldi horretako argazkiaren atzealdean, erraustegia ke betean.
Baina estaltzen ahaleginduko dira guztia, ahaleginean behintzat inbertitzen ari dira. GuraSOSek egunotan argitara emandako dokumentu konfidentzialak ikusi besterik ez dago. Baina hobe ez segitzea, guraso taldeak plazaraturiko erraustegiaren sustatzaileen komunikazio-plana eskutan, kontrolatu eta isilpean eduki beharreko zerrenda horretako “elementuetako” bat izan nahi ez badut. Isilarazi eta kontrolpean izan nahi gaituzten guztiontzako hitzordua larunbatean; GuraSOSen manifestazioa Donostian, adostasunaren eta benetako demokrazia hobeago baten alde. Eta etorkizun hobeago baten alde baita, kerik gabeko adinekoen egoitza berriaren alde.