Ezin elkarbizi

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2019ko api. 8a, 15:41

Aldizkari hau inprenta bidean zihoala, ustekabean herritar bat agurtzera etorri zaigu. Herritik kanpo senideek duten etxe batera doa denboraldi baterako senideekin, egoera jasangaitza bizitzen ari baita bizilagunekin. Xehetasunetan sartu gabe, jasanezina da bizi lagunon jarrera (zin dagizuet, jasanezina hizki larriz idazteko moduko hitza dela kasu honetan), agurtu gaituen herritarrari eta gertukoei osasun egoeran eragin eta kaltetzeraino. 

Ezustean harrapatu gaitu bere agurrak, bagenuen bere egoeraren berri baina zer esan asmatu ezinik utzi gaitu. Bera joan orduko burura etorri zaiguna bota beharrean aurkitu gara, eta hitz bakarra gure ahotan; bidegabekeria. Bidegabekeria galanta nork bere etxea utzi beharra, jasanezina den besteen elkarbizitza arazo batengatik. Halakoetan ohikoena errudunak bilatzen hastea da, baina ez da zertan horraino heldu behar. 

Elkarbizitza berez ez da erraza izaten. Ez dator emana edo egina. Eraiki beharra izaten da egunez egun, eta hainbatetan erabili arren, kasu honetan ezin egokiago dagokigun kontzeptuaren bueltan, auzolanean, elkarlanean alegia.

Elkarbizitzak  berez baditu idatzi gabeko arauak, arauok egoki funtzionatzen duten artean, ziurrenik ez da asaldatzeko moduko arazorik izango. Beti ere, behar besteko konfiantza, errespetua, komunikazioa badago. Egoera nahasten hasten denean ere, aipaturiko kontzeptuotakoren batek zutik segitzen badu, deuseztatu ez bada, oraindik orain, modu prekarioan agian, baina zubiak eraikitzen jarraitu daiteke. 

Arazo nagusia, zubi guztiak hausten direnean etorri ohi da. Zubirik gabe, hartueman gutxi gatazkan murgildu diren pertsona, talde edo dena delakoen artean. Eta hor bitartekariak behar dira noski.

Maila pertsonaletik hasita ordea, halako gatazkak egoki bideratzeko behar beste baliabide ba ote ditugu? Eta ez baditugu, ba ote dakigu norengana jo? Halako gatazka batean murgilduak egon eta bitartekariren bat tartean sartzen hasten bada, edozein izanda ere, benetan ahalbidetu dezake konponbiderik? Elkarbizitza guztiek al dute irtenbideren bat? 

Idatzi honen hasieran aipatzen nuen kasura itzulita, momentuz behintzat badirudi ezetz. 

Halako arazoen konponbidera heltzeko ez dugu errudun eta biktimarik bilatu behar. Bidegabekeria guztientzako konponbide bat baizik. Baina dirudienez ez gaude prest elkarbizitza arazo guztiak kudeatzeko.

Maila pertsonalean sarritan eskura ez ditugun baliabide pertsonal zein ekonomikoak falta zaizkigu, eta baita araudi mailako baliabideak ere egoerok nola bideratu asmatzeko.

Elkar bizi ezina elkarbizitzea baino bideragarriagoa dirudi uste duguna baino sarriagotan.