Antza, beste ehunka (edo gehiago) lagunen artean-hala esan baitzidaten Donostialdeko hauteskunde batzordera deitu nuenean-alegazioa aurkeztu nuen, egun horretan lan egin beharra nuelako. Ezezkoa espero nuen, baina herritar gisa dagokidan eskubidea baliatuz, alegazioa ustez nahiko argi azaldu nien, eta euskaraz. Maiatzaren 9an bidali nien, erantzuna, jasotzea ere espero ez nuenean, hilaren 20an jaso nuen. Hauteskundeetarako 6 egun baino falta ez zirenean. Ezezkoa, erdaraz heldu zen. Interesdunak, alegia nik, ez omen dut inolako ogibiderik informazio orokorreko hedabide batean (zer da ba NOAUA!?) eta maiatzaren 26an egin beharrekoak, Usurbilgo udal hauteskundeen berri emateak alegia ez zuela mahaian ez egoteko bezainbesteko berebiziko garrantzirik.
Sutan jarri ninduen; ezezkoak ez. Bigarren aldia zen mahai batean lehendakari izatea egokitu, alegazioa aurkeztu eta ezezko borobila jasotzen nuena. Sutan jarri ninduena, mezua eta argudioak izan diren. Euskaraz bidalitakoa erdaraz jaso. Eta ogibideaz gezurra esan. To. Erantzuna berraztertzeko eskatu nien, eta erantzuna euskaraz berbidaltzeko. Frantsesez bidali izan banie italieraz erantzuteak zentzurik ez baitu ezta? Euskararekin berdin. Susmoa banuen gainera, hainbeste alegazio artean, nirea ez zutela irakurriko, edo okerragoa zena, erdaraz erantzun zidatenez, ulertzeko gaitasunik ere ba ote zuten zalantza nuen. Handik egun gutxitara bigarren erantzuna. Emaila oraingoan bai, euskaraz. Agian, tartean haserrea adierazteko egin nuen telefono deiagatik. “Igandean mahaira aurkezten ez banaiz zer gertatuko zait?” galdetu nien. Erantzuna argia; hauteskunde delitutzat joko litzateke. Gutxienekoz isuna eta okerrenera jota espetxe zigorra.
“Eta hauteskunde batzorde bat gezurretan aritzeak zer ondorio ditu?” galdetu nien. Isiltasuna telefonoz bestalde. Buelta nadin, kexaren erantzunera. Honatx erantzuna: “EAE-ren Estatutuko 6.1 artikuluaren arabera, euskara zein gaztelera ofizialak dira Euskadin, eta bertako herritarrek eskubidea dute bi hizkuntzak ezagutu eta erabiltzeko. Bestetik, Euskadiko Eskualdeko Hauteskunde Batzordea osatzen duten Epaile eta Magistratuei hizkuntzaeskakizun zehatzik eskatzen ez zaienez, euren ebazpenak lurraldean ofizialak diren hizkuntzetatik edozeinetan eman ditzakete, gaztelaniaz zein euskaraz”. Hemen tranpa, bai edozein hizkuntzetan, baina zergatik ez orduan nik hala bidali badiet euskaraz? Hemen xehetasunak: “dena dela, interesatuak bere aitzakiaren ebazpena euskaraz izapidetzea nahi bazuen, eskatzea besterik ez zuen eta bere eskaera kontuan hartuko zen, epaitegiei lotutako Itzulpen Zerbitzuen bidez”. Alegia, nik euskaraz aurkeztutako alegazioa euskaraz tratatua eta erantzuna izateko eskatu egin behar nuen gainera, “itzulpenen sailean”. Harrapazank! Erantzun lotsagarria ez da hor amaitzen. “Kasu honetan ez zen eskaera hori egin, eta horregatik ez zen euskarara itzultzea erabaki. Gainera, aitzakien inguruko ebazpenetarako epea laburra da eta interesdunari ahalik eta azkarren jakinaraztea garrantzitsua da”. Bai maiatzaren 9an aurkeztu alegazioa, eta 20an jaso erantzuna. To azkartasuna! Begi bistakoa egoera; egunerokoa. Euskara itzulpen sailerako dute. Eta larriena dena, inkontzienteki eskubidetzat jotzen dute EAEk bi hizkuntz ofizial izan arren, bat, betikoa, gurea, euskara baztertu eta gutxiestea. Eta hori era berean eskubide urraketa bat da, legea haustea, ilegala. Eta Justiziak badaki. Eta lotsa izpirik gabe agertzen dute gainera. Justiziarik ez antza euskaldunontzat.