Galtzaile eta irabazleen eskemak gailentzen dira bozken zenbaketak aurrera egin ahala; ahobero eta zuhurrena. Testosterona gehiegi pilatzen zaie batzuei, proiektu politiko batzuen edo besteen atzean bozkak, herritarrak daudela ahazteraino. Baina ezin ukatu babesaren ikuspuntutik badela etxe batzuetatik besteetara aldea, hauteskunde gau guztietan gertatu ohi den moduan. Nagusitasuna dutenen galera eta herrien gorakada aipatu behar eta baita Vox-ekoen presentzia, joan den igandeko emaitzetan. Itzela, zer nolako naturaltasunez tratatua izaten ari den eta nola irentsi behar dugun urrunago joan gabe, herrialde osoan bezala, Usurbilgo hauteslekuetan hiru hizkiko “alderdi” honen bozka paperak daudela ikustea. Baina ez dira ezerezetik sortu. Vox-ek ez ditu hobeago egiten bere bidelagun politikoak; norberak sar ditzala bidelagun talde honetan egoki ikusten dituenak, bat baino gehiago baitira. Ez dira ezerezetik sortu, eta argi denez, ez dira bere kabuz (zergatik ez “Vox-eoan”?) disolbatuko. Alfonbra gorria jarri diete, eta doako makillatze prozesu kanpaina egin zaie.
Guztia egunero hamaika alditan modu nabarmenean urratzen duten legaltasunaren izenean. Vox-ekoa izan zaitezke eta legez kanporatzeekin mehatxatu, denetariko kolektiboen aurka egin, Franco goraipatu… Eta hori ez da terrorismoa goratzea. Independentista izan zaitezke baina adi, mobilizazioetan parte hartzeagatik isunak jaso, erasotua izan eta espetxean amaitu dezakezu, hori ere legaltasun espainiarraren izenean. Esan beharrik ez da ezta, aldea badela? Ikusi da eta sufritzen segi beharko dugu. Bere burua islatua ikusi nahi ez duen Espainia inposatzaile eta ukatzailea irudikatzen du; eta argi denez, Francok utzitako enkargua betetzen segitzeko, espainiar batu eta bakar hori kosta ahala kosta mantentzeko Vox arbitro ezinhobea du Espainiak.
Ez noski, Estatuak inposaketaz lotuta, agindupean izan nahi eta une oro ukatzen dituen herri anitz eta koloretsuek. Herri koloreek urrats ugari eman dituzte azken aldian. Interesgarria eta txalotzekoa benetan, herrien arteko aliantzen alde, Catalunya, Galiza, Valentzia, Baleareetako edo Euskal Herriko eragile ezberdinak jorratzen hasi diren bidea. Etor daitekeenaren aurrean, bide posible bakarra. Azaroaren 10eko hauteskundeen emaitzetan ikusi da herrion gorakada, herritarren apustu honen aldeko babesa. Gris ilunak bide zailagoa du, errekonozitu nahi ez baina lotuta haien esanetara nahi dituzten herri ilusionatu eta koloretsuen aurrean.
Herrien ilusioak, eta itxaropen zein etorkizuna irudikatzen duten koloreak urratsak eman ditu hauteskundeotan. Eta bozketen ondotik; herriei sistematikoki ukatzen zaien autodeterminazio eskubidea ez dutela errekonozitu nahi? Errekonozitua izateko zain egon gabe, nork bere burua aitortzea baino aukera hoberik ez. Kataluniako Parlament-ak arrotza zaion Auzitegi Konstituzionalaren presioei izkin eginez, autodeterminazio eskubidea modu zehatzean gauzatu eta herri katalana errespetatzearen aldeko mozioa onartu zuen aste hasieran. Urrats bat gehiago, Kataluniako nahiz beste herrien askatasunerantz.