Urte berriak ere ekarriko digu ziur, nabarmendu beharreko albiste bat baino gehiago. Batetik finkoak eta urtean zehar barreiatuak izango ditugun ospakizun nahiz aldarrikapen egunak; tartean ez ahaztu, Euskaraldi urtea izango dugu 2020a. Bigarren edizioa lantzen hasia da herritarren batzordea. Denetariko entitateak (erakundeak, elkarteak, eragileak, taldeak…) inplikarazi nahi dituzte, euskara oraingoan modu kolektiboagoan ahotan hartzea sustatu nahi duen ekimenean. Ahobizi eta Belarriprestekin batera, aipatu guneotan elkartzen den jendartea Ariguneetan bildu eta euskara ahotan hartzen ikusi eta entzungo dugu urte amaieran.
Baina zalantza izpirik gabe, udalerri honen mugetatik kanpo oihartzuna izan duten bi gai pil-pilean izango ditugu, bereziki urteko lehen hiruhileko honetan. Batetik, Xua gurasoekin etxeratzeko aldarria; igandean beteko ditu 3 urte eta azken orduko ezusterik ez bada, aspaldi kalean behar izan arren, gugandik 600 kilometrora urrunduak dituzten guraso Olatz eta Patxirengandik bereiziko dute. Guraso bat edo biak espetxean urrunduak dituen ehunetik gorako 18 urtez azpikoen motxiladun haurren kolektibora batuko da Xua. Aipatzekoa, orain arte errealitate hau plazaratu eta familia honek bizi duen bidegabekeria plazaratzeko “Xua Gurasoekin Etxera” herri ekimenak eginiko lanketa.
Herri honi bete-betean eragin eta Gipuzkoan nahiz hortik kanpo ere, oihartzuna izan duen beste bidegabekeria baten lekuko izan gaitezke aurten, ezustekorik ez bada. Urte amaieratik kea darion erraustegia, ofizialtasun osoz eta ehuneko ehunean martxan ikusi ahalko dugu. Martxoaren 3tik aurrera diotenez. Fase berri bat ezagutuko dugu, 20 urtetik gora herri honetako eta Gipuzkoako milaka herritar kalera aterarazi dituen burugabekeria hau geratzeko borrokak. Aspaldidanik leiho askotatik begi bistakoa da azpiegitura, eta ohikoa bilakatzen ari da orain, edozein uneetan ke zutabeen bueltan ikustea. Esanak esan, ezin jakin zertan ari diren barruan. Baina begi bistakoa kanporatzen ari direna.
Aurrez bidegabeak ziren herri honetako zenbait errealite bidegabeago bihurtzen ikusi ditugu agurtu berri dugun urtean, eta hasi dugun 2020an ere are bidegabeago bilakatuko diren itxura dute. Gaion bueltan lerrootan eman nahi genukeen albistea argi dago zein den noski; momentuz emateko modurik izango ez duguna, baina sarritan nekatu gabe exijitzen segi beharko duguna, bidegabekerion behin betiko amaiera.