Latza da gero. Egunotan ikusten ari garenak, Zaldibar eta Zubieta inoiz baino gehiago hurbildu ditu. Orain arte peajedun bideak, autopista batek lotzen zituen. Joan den ostegunaz geroztik bidegabekeriak. Hau ez da lan istripu soil bat izan. Erraustegiaren kasuan bezala, irregulartasunak egon badirela agerian utzi behar izan dute eragile zein hedabideek, zaintza lana egitea egokitzen zitzaien erakundeen aurretik. Agintariek beraiek guztion hondakin ezin publikoagoen kudeaketa esku pribatuen utzi eta negozio bilakatzen denean gertatzen denaren ispilu dira Zaldibar eta inguruak. Zubietan bezala. Negozioa lehenesten segitzea da helburu nagusia, gainerako guztiaren gainetik. Baita amiantoa pilatzen ari badira ere.
Baina estaltzen aritutakoa agerian geratu da. Eta orain, zaintza lana egitea zegokien agintariak gune hau esku pribatuek kudeatzea ahalbidetu ostean, haien aurka jo dezaketela diote. Desagerturiko langileak aurkitu ezinik, sutea, zer aireratzen ari den ez dakigun ke kutsakorra…
Baina bada gaurkoz estaltzen ari diren beste eztabaidarik ere. Hondakinak, erantzukizunez, modu jasangarrian kudeatuko balira, denetariko gaiak (arriskutsuak barne) nahastuan pilatzen ari zen gune baten beharrik izango al zuten Zaldibarren? Gogoan izatekoa da, bestelako irtenbide bat izan zezaketen lehengaiek desagerrarazi dituztela bi langileak.
Justizia, egia eta erreparazioa nahi badugu kasu honetan, desagertuak aurkitu, gertaturikoa eta erantzukizunak argitu, eta noski, berriz halakorik ez gertatzeko beharrezko neurriak hartzea ezinbestekoa litzateke. Baina horretarako hondakinen kudeaketa ereduaren gaiari sustraietatik heldu behar litzaioke eta gaurkoz, zaurien gainean sarritan egin izan den moduan, petatxuak jartzeko asmoa gailentzen ari dela dirudi.
Zabortegiari eraiki nahi dioten metroetako harresi berriak, altu askoa izanda ere, harresi ahula izango du. Segurtasuna, osasuna eta ingurumena lehenesteko harresirik sendoena, halako guneen desagerpena litzateke eta. Baina gaurkoz egoera hau kudeatzen ari diren agintariek bide luzea lukete egiteko norabide horretan, egun sustatzen ari diren ereduaren ispilu diren Zubietako erraustegia eta Zaldibarko zabortegia lotzen dituen autopistako bidea baino luzeagoa. Eta hori da kontua, agintean direnek ez dutela, herritarren osasuna, ingurumena eta alternatiba jasangarri zein merkeagoak aintzakotzat hartuko dituen konponbide adostuaren bidea jorratu nahi, ezta horretarako “peajerik” ordaindu nahi ere. “Hobe” zertxobait altxa den “alfonbra” ahalik eta azkarren berriz bere lekuan jartzea eta kiratsa darion gatazka hau ahal bezain laster estaltzea. Erraustegiarekin egiten ari diren moduan. Zaldibarkoak gogorarazten digu Zubietan zer gertatzen ari den.