Bazkalaurreko poteoa, online azken aldi luzean. Lagun eta senide arteko hitzorduak bezala, deiak elkar entzuteko soilik ez, ikusiz eta pantaila ukituz hurbilago sentitzeko.
2 metrok elkar banatzen gaituzte. Saltoki atarietan begi bistakoa da. Lehen lerroan lanean dabiltzan dendariak eta beste hainbat profesional. Orain arte ezkutuan aritzen ziren, baina “gure mundua” geratu den honetan, hainbatetan aipatu izan diren baina bazirudien ezkutuan ziren lanbide prekarizatuenetarikoak, errekonozimendu eskasa zutenenak, orain oinarri oinarrizko beharren berme ditugu: osasun alorreko langileak, zaintza lanez arduratzen direnak...
Hainbat lan eta bizi proiektu etenda geratu dira. Batzuk aldi baterako, itzultzeko zain dira beste hainbat, egoera berrira egokitzeko baliabide eta baldintza segururik ez askok. Aurrera egin ezinda geratu direnak, laguntza premia larrian dira. Osasuna, bizitza, inoiz baino gehiago ezinbestean erdigunean, baina sistema ero hau elikatzen segitzera behartuak oraindik. Kale izkinetan arimarik ez hilabeteotan, herri bizitza altxorra dela azaleraziz. Aire garbiagoa arnasten ari ote gara? Asteburuko isuriak kezka eragin du Zubietako errekan. Errekan gora, kea noiznahi. Probaldi fasean omen erraustegia, baina martxan. Eguerdiko 12:00ak sirena hotsak pizteko unea.
Alarma egoera anitz, premia larria hainbat etxeetan. Isilpeko istorioak orain arte, sentitu eta bizitakoa plazaratzeko beharrean. Etxetik atera gabe, erosketak egin ezin dituenarentzat, herritar bolondres sare bat laguntzeko prest. Itzela, Usurbilgo Prebentzio Mahaiak hasiera hasieratik, salbuespenezko egoera ezin konplexuagoa den honi emandako erantzun solidarioa. Ezin interesgarriagoak, landu diren protokolo, jarraibide eta beste hainbat neurri, etorkizunerako guztiz lagungarriak izango direnak ziur.
Eguneroko “partean” bidegabeki hildakoak eta diagnostikatuen kopuruak etengabe gorantz egin ostean, joera aldatzen orain. Bakarrik, inguru hurbila bildu ezinik, isilik joan dira azken aldian zendu direnak. Asko adinekoak; zaintza lanez badugu zer hausnartua.
Egoera latzak gozatzen laguntzeko eskaintza zabala sare sozialetan murgilduak direnentzat. Sare sozialak balkoi arteko komunikazio zubia. Kirola egin, meditatu, edota kultur hitzorduez gozatzeko eskaintza zabala.
Txalotzekoa, aste guztiotan Artixten Taldeak herri bizitzari, etxetik eusteko eginiko ahalegin itzela. Etxeak, balkoi eta leihoak izan ditugu eta, bizitza sozialaren gune bakarrak. Iluntzeko 20:00etan, gure osasuna eta bizitza zaintzen ari diren profesional guztiak txalotzeko unea. Txalo adina beharrezko baliabide jaso ditzatela ahal bezain laster.
Zenbat emozio, bizipen eta ikasgai hilabeteotan. Eta hau ez da amaitu.