Auzoak ere une batzuetan urrun geratu bazaizkigu, pandemia aurretik kasik etxe azpian genituen ondoko udalerriak ia atzerriko lurretan kokatuak bailiran sentitzera ere helduko ginen. “Azkar batean” edonora, edonoiz joan eta itzultzen ginen, baina egun batetik bestera etxe ondora mugatu behar izan dugu bizimodua. Isolatzera behartu gaituztenean ondokoa, gertukoak ezinbestekoak bilakatu zaizkigu. Etxekoak ez baziren, etxe ondokoak. Etxe ondokoak ez baziren pareko bizilagunak. Edo teknologia berriek, Internetez nahiz telefonoz gerturatu dizkigutenak.
Ikusi da, nola gugandik 500 kilometrora diseinatutako plan homogeneoek, arau eta betebeharretan (tokian tokiko erakunde eta herritarren eskubideak bigarren edo hirugarren maila batean utzita) berdindu nahi gintuzten horiek, etxe ondora ekarrita ez duten, etxetik bertatik hartutako neurrien gertutasun bera.
Gertuen zuten errealitate latzenetik urrunera hedaturiko erabakiek sarritan ez dute etxe ondoko diagnosi ezagun eta zehatzetik abiatuta hartzen diren neurrien pareko eraginkortasun bera izaten. Tokian tokiko errealitatea ezberdina, anitza baita. Krisialdiak orokorrak izan arren, tokian tokiko berezitasunak izaten baitituzte.
Bizi dugun krisialdi sakon honi gertuagotik erantzunda, egokiago kudeatzen dela argi geratu da. Gertutasunean ematen da herritarren arteko hartuemana, herritarren eta haiengandik gertuen dauden tokiko erakundeena; udalena. Gertuen ditugunen behar eta egoerak ezagutzen ditugu, eta gertutasun handienekoa izaten da, horiei erantzuten ahalegintzen den lehen “sare soziala”. Ikusi bestela, herri honetan landu eta abian jarritako protokolo, laguntza eta egitasmo anitzak.
Gertukoak ez du pareko lehiakiderik izan bizi dugun krisialdi honetan. Ez kolektibo gisa, norbanakoentzat ezta ere. Auzokidea, ondoko balkoikoa, parez parekoa izan dugu aliatu. Eta kalera irtendakoan…
Kaleak hutsik, herri giroa itzalita, isilpean, lozorroan. Irudi benetan harrigarria. Egunerokoan, agendan begiratu edo ez, plazara jaitsi eta denetariko ekitaldi eta mugimenduetan murgiltzera ohituak ginen. Orain lehendik ere zaindu behar genituen, eta orain, arrazoi gehiagorekin babestu behar ditugunak mantendu dute herria bizirik; beti hurbil baina orain inoiz baino gertuago izan ditugun herri merkatariek. Jo eta su lanean ari ziren saltoki atarien ilaretako elkarrizketak izan dira konfinamendu asteetan kalean izan diren elkarrizketa bakarrenetarikoak. Herri bizitza bermatu diguten eta bizirik mantendu duten bakarrak.
Izena entzute hutsak hotzikara eragin eta “normaltasun berria” deitzen dioten hori bidean datorkigu. Urrun geratu zaiguna hurbilago dugun honetan, mundu mailako erronkei lokaletik erantzuteak duen garrantzia errealitate bilakatuta ikusi ostean, gertuen izan ditugunez oroitzeko garaia dugu. Gertuago ditugunengana gerturatzen segitzekoa.