Muga artean

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Gorriti 2020ko uzt. 1a, 08:13

Muga artean bizitzera ohituak ginen lehendik baina hilabeteotan inoiz ezagutu gabeko muga askoz zorrotzagoen artean bizitzea tokatu zaigu. Euskal Herritik irten gabe jakin izan dugu betidanik Bidasoa igarotzea ez dela Oria zeharkatzea. Hainbat uneetan nortasun agiria erakutsi beharra zegoela, egun zehatz batzuetan gerarazi edo bidean aurrera egitea eragotzi zezaketela. Bazirela “peajeak”. 

Baina oraingoan probintzia arteko mugak ezagutu ditugu, udalerri artekoak, baita auzokoak edota portalekoak ere. Bi metroko distantziak mugatu du pertsonon arteko hartuemana; asteotan metro erdi murriztu dute muga. Negoziazio politikoen ondorioa izan omen da. Kantabriara joateko “muga irekiera” bezala. 

Osasuna eta ekonomiaren arteko muga non? Teorian argi da bietan zein den lehenetsi beharrekoa. Erdibidea aurkitu beharra dagoela argi da, oreka puntu bat bilatu behar da, nahiz batzuetan balantza muga zehatz baterantz gehiago doala dirudien.

Osasuna eta ekonomiaren artean bezala, baietza eta ezetzaren arteko muga gatazkatasu eta kontraesankorrak ere horixe, mutur batean jarriko gintuen inoiz hilabeteotan; hau egin zitekeen, baina beste hura ez. Hau hemen, orain eta horrela bai, baina hemengoaren oso antzekoa den hauxe hementxe, oraintxe eta horrelaxe ez. Eta hala ikusi ditugu ulertu ezin ziren egoera asko; maskaren erabilera ez gomendagarria pandemiaren lehen egun gordinenetan, aholkagarria gero, ezinbestekoa “deseskalatzea” hasi zen unetik. Debekuaren muga zorrotzak ikusi ditugu gure artetik joan ez den covid19 garai honetan. Edo joan ote zaigu koronabirusa? Arriskuaren ikuspuntutik martxoan bezala gaudela dioten arren, egutegiak egoki adierazi moduan uztailean gara, igaro dira ia lau hilabete testuinguru ezberdin honetan murgilduak garenetik. 

Hilabeteotako muga dezente gainditu, desegin edo eraldatu dira, baina begi bistakoak izaten segitzen dute beste batzuk. Ilarak denda atarietan eta osasun-etxera ezin sartu baimenik gabe, hein handi batean osasuna ere telematikoki artatua izan den hilabeteotan. Pazientearen ahotsa bilakatu da diagnosirako baliabide nagusia. Koronabirus garaian, koronabirusa lehentasun, osasun eta bestelako arazoek jira-biran segi duten arren, munduak bezala.

Urrunetik heldu dira mugak; gugandik ehunka kilometrotara dagoen gobernu batetik. Mugatzea, kontrola eta debekuaren bidetik. Agian ez zegoen beste aukerarik, ez denborarik. Agian ez dakite beste modu batean jokatzen. Agian, muga argiak behar ditugu sarritan, faltsutasunez bada ere seguruago sentitzeko. Debekua, kontrola, zigorra, errua… Sarritan entzun ditugu hilabeteotan. 


Askoz gutxiagotan, konfiantza, lasaitasuna, erantzukidetasuna. Kontrol zorrotzak ezarritako mugek baino gutako bakoitzak dugun erantzukizunaz kontzienteago egiten gaituen baliabiderik badugula ahazteraino. Kanpoko gobernua baino askoz eraginkorragoa izan daitekeena, beti ere egoki baliatzen ikasita. Gurekin daramagu nahiz agian askotan ez jabetu; zentzutasuna bere gordinean. Pandemia garai honetan sakonago garatu beharreko beste estrategietako bat. Aurrera begirako gida perfektua.