Kinieletan badira aste gutxi barru berriz etxeratze bidean izango garela dioenik; hauteskunde eguna igarota neurri gogorragoak hartzen hasiko direla argi duenik.
Begirada birus agerraldietan jartzeko gonbita luzatzen digute egunero. Azken egunotan, besteetan baino gertuago ikusi dugu etxetik. “Positiboen” arrastoaren atzetik dabiltza, bistan den moduan, kontrolaezina den pandemia honetan; eta ia dena kontatzen digute. Pribatutasunaren muga gainditu du osasun krisialdiak, hainbat kasutan modu eskandalagarrian.
Egunotan inoiz baino biziago arduraz jokatzeko mezuak. Bistan denez, etxeko lanak ez gara fin egiten ari. Baina esango nuke asmatu ezinik gabiltzala nola egin, eta hor, “hau egin dezakezu baina era berean hauxe ez” eskema horrek edota “lasaitasun” giroan bizitzetik bapatean muturreko debekua aplikatzeak zenbateko eragina izango duen ikusteke da. Argi dena da ez dagoela zero arriskurik, gure osasuna eta ondokoarena zer neurritan arriskatzeko prest garen erabaki beharrean garela une oro.
Elkar zaintzera “kondenatu” gaitu pandemia honek. Baina elkar zaintzeak aliantzak eraikitzea dakar ezinbestean; ni zu gabe ezin nahiz babestu, zu ni gabe ezta. Elkar zaintzeko egoki harremandu behar ordea eta ez dakit ba zertan diren hartuemanok goitik behera agintzen ari direnen eta herritarron artean.
Erabaki gunea Madriletik Gasteizera gerturatu da, baina gugandik hamarnaka kilometrora egoten segitzen du. Eta eragina bidean galtzen duela dirudi. Oreka puntuak, tarteko bideak izaten dira zailenak jorratzen sarritan; baina harremana “agindu-obedientzia” eskeman mantentzea ez dirudi oso eraginkorra.
Batez ere agintzen duena herritarroi exijentziaz zuzentzen zaigunean, esku batean agindua, eta bestean agindu hori gauzatzeko baliabideak eskaini beharrean, esku hori hutsik duenean. Behin eta berriz ikusten ari gara osasun krisialdi honetan. Sistema honen miseriak azaleratu ditu covid19-ak, lehendik ere bazen baliabide falta areagotu du. Argi geratu da zaintza hitz potoloegia dela bizpahiru agindurekin egoki gauzatzeko, lehendik ere baliabideak falta zirenean. Ikusi da, egun batetik bestera bertan behera utzi behar izan diren udalekuetan isolamendu gogorretik zetozen haurrak zenbateraino hartu diren kontuan; agerraldi bat dagoen bakoitzean adinekoen egoitzei begira hartzen diren erabakietan benetan zenbateraino hartzen diren kontuan kolektibo honen beharrak; edota osasun zerbitzuekin gertatzen ari dena. Osasun arazoen kudeaketak zer neurritan izaten segitzen duen telefono bidezkoa; pazienteak telefonoz diagnostikatzera heldu gara, horrek duen larritasunarekin. Hiru zaintza adibide baino ez, hortik zehar istorio gogor eta bidegabe anitz daudelako. Pandemia honek lapurtu digun eta isiltasunik handienean bide bazterrean uzten ari den hainbat pertsonekiko gizatasun falta nabaria da. Onartezina eta salagarria. Kasuotan ere osasuna eta bizitza baitago jokoan.