Herri guztietan eta betidanik izan da dantza emozioak espresatzeko bidea, bizitzako gertakizun garrantzitsuenak ospatzeko modua: jaiotzak, heriotza, ezkontza, gerra garaipenak, ongietorriak, agurrak… Dantzaren jatorria kokatzea denbora eta leku konkretu batean ezinezkoa da. Badirudi gizonaren barne muinetan dagoen joera dela sentimenduak, bizipenak eta naturarekiko lotura adieraztea dantzaren bitartez. Horren adierazgarri dela esango nuke Dantza pelikula. Hain zuen ere, pelikula hasten da, koreogafia bikain batekin nekazariak aitzurrean ari direlarik. Hori da lan xume bat arte bihurtzea. Hori da imajinazioa eta abilezia. Ni aitzurrean aritua naiz Gazteluko gure soroetan artajorran, baratzean (aginagatar batzuek barre ironiko bat egingo dute agian hau irakurtzean, baina jakin dezatela Bach, Chopin edo Aita Donostia jotzen baino lehenago ikasi nuela aitzurrean)… eta inoiz ez nuen pentsatuko aitzurren metalezko buruak eta egurrezko kirtenak kolpatuz sor zitezkeenik filmean entzuten diren perkusio erritmoak eta musikak.
Telmo Esnalek zuzentzen du; lehen ere ba zuen esperientzia zinema munduan, hain zuzen ere “Aupa Etxebeste” arrakastatsua zuzendu zuen duela hamairu urte. Alderdi artistikoa Alkizako Koldobika Jauregiren esku utzi zuen Esnalek. Pelikulan islatzen den unibertso estetiko eta bisuala berari zor zaio. Juan Antonio Urbeltz ikertzaileak berriz filmean agertzen diren koreografiak koordinatzen ditu. Leitzan egiten duten dantzan bera agertzen da dotore asko jantzita, emanaldia presidituz eta erritmoa jarriz.
Pelikularen egileek azpimarratu dutenez, bizitza zikloari buruzko istorio bat kontatzen dute. Gai unibertsalak sinbologia berezi batez jantziak ageri dira. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kanta poetiko bat da. Duela zazpi urte abiatu zen proiektua eta 2018ko urtarrilean bukatu zen. Erakunde askoren babesa izan du. Doinuak osatu dituzte Marian Arregi zenak eta Mikel Urbeltzek. Pieza bakoitzak behar zuen tonu zinematografikoa lortzeko arduraduna Pascal Gaigne izan da. “Handia” pelikularen musikarengatik Goya saria irabazi zuen.
“Urteak neramatzan pentsatzen dantzaren munduarekin zerbait egin behar genuela”, adierazi zuen Esnalek. Lanean hasi bezain pronto konturatu ziren dantzaren atzean dagoen unibertso sinbolikoa oso aberatsa dela. Arazoetako bat izan zen zein dantza motak aukeratu behar zituzten pelikularako, izan ere beren dantza errepertorioa oso zabala da eta filmean dantza gutxi batzuk agertzen dira.
Dantzaren filmaketa leku askotan egin dute: Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian, Lapurdin, Zaragozan… Eta dantzari dagokionez berriz, Euskal Herriko dantza taldeetako berrehundik gora dantzarik hartu dute parte filmean.
Greenpeace erakundeak Lurra saria eman zion dantza pelikulari Donostiako festibalean “oso ondo islatzen dituelako herri dantzez baliatuz, gizakia eta naturaren arteko harreman estuak”. Esnal, Jauregi eta Urbeltz, artearen mago hauek, a zer erregalia egin ziguten Gabonetan!