Cafarnaúm

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2019ko ots. 26a, 18:13

Lehengo astean ekarri zuten Donostiara “Cafarnaúm” pelikula. Oscar sarirako izendatua dago atzerriko film onenen artean. Lehen emakume arabiarra izango litzateke saria eskuratuko balu. Bere zuzendaria Nadine Labaki libanoarra da, aktorea eta produktorea. Donostiara lehen aldiz etorri zenean 2007an Zinemaldiko publikoaren lehen saria irabazi zuen “Caramel” filmagatik. Cafarnaúm deitu du pelikula antzinatean herri bibliko honek Yavé Jainkoaren madarikazioa jaso zuelako eta horren ondorioz kaosaren eta nahasmenaren sinbolo bihurtu zelako. Cannesko azken festibalean epaimahaiaren lehen saria irabazi zuen pelikula honek.

Bi alderdi azpimarratuko nituzke:

1-Drama: protagonista 12 urteko mutiko bat da, Zain libanoarra eta gurasoak auzitara eramaten ditu. “Zergatik salatu dituk aita-amak?”, galdetzen dio epaileak. Gaztetxoaren erantzuna: “Ni sortzeagatik”.Hitz batez, familian eta gizarte osoan bizi duen miseria gorriaren kontra matxinatzen da mutikoa.

Pelikula filmatu aurretik lau urtez prestatu zuen Labaki zuzendariak: ehunka kaleko haur eta gaztetxorekin hitz egin zuen, Beiruteko periferiako auzo pobreetako bazter guztiak miatu, aktore eta aktoresa ez profesionalak aukeratu, behar gorrian bizi diren haur eta beren gurasoen giroa ahalik eta ondoen islatuko zituen irudiak hartu… Beiruteko auzo txiro horietan txabolak besterik ez daude eta milaka errefuxiatu siriar eta etorkin bizi dira, eta ez Libanok eta ez Europak ez du nonbait ia ezer egiten egoera tamalgarri horri erantzun bat emateko.

Zain protagonistaren familiako giro patetikoa oso ondo deskribatua dago: bere gurasoak, nahiz eta egoera desesperatu batean bizi diren txabola zikin batean denak pilatuta, mirariak eginez  zerbait jaten emango badie seme-alabei, Alak agindutako haur guztiak ekartzen dituzte noski, jaiotzatik behar gorrira kondenatuz denak. Seme zaharrena kartzelan dago, 11 urteko alabatxoa dirudun zoro batekin ezkontzeko saltzen dute, beste semeak ahal duen guztia lapurtzen du txikienei jaten emateko… Zainek alde egiten du etxetik eta etiopiar andre gazte batek bere haurtxoa zaintzen jartzen du erresidentzia agiria lortzen duen bitartean.

2-Esperantza: egoera beltz, ilun eta negargarri honetan argi izpi bat, itxaropen apur bat. Zain eta haurtxoaren arteko samurtasunak ez du parekorik. Ikusi egin behar da umetxoa marmita gisako ontzi zabal batean sartu, patinete antzeko ibilgailu baten gainean jarri eta nola eramaten duen hara eta hona hirian barrena. Ez dakit inoiz ikusi ote nuen eszena hain hunkigarririk. Aldi berean umore ederra dario une batzuetan odisea hori kontatzerakoan. Haurtxoaren eta gaztetxoaren artean harreman oso estua sortzen da. Zalantzarik gabe egoera latzetan ere bada itxaropenik, Martin Iturbe apaiz lagun poetak esaten zuen bezala: “gau ilunak ere badu bere poza egunsentiaren esperantza galtzen ez duen bitartean”. Carlos Boyero zinema kritiko ezagunak honela dio: “Zainen begiradak arima harramazkatzen dizu. Cannesko festibal osoan ez dut ikusi horren interpretazio zirraragarri, magnetiko eta egiazkorik”. Mutikoaren azken irudia ere oso polita da: nortasun agirirako ateratzen dioten argazkian agertzen duen irribarrea. Azkenean nortasun agiri baten jabe izango da, ordura arte ez zen inor, zomorroak bezala, animalia gisa tratatzen zituzten bere esanetan. Hura poza gaztetxoarena!

Kritika zorrotzak ere egin dizkiote filmari: ”pornomiseria” besterik ez dela, Labaki  zuzendaria sentimenduak manipulatzen besterik ez dakiela… Horrela ari direnei esango nieke:  “zoazte Beiruteko extraradio horietara eta ikus. Pelikulan agertzen dena adibidetxo bat besterik ez da. Erraza da kritikatzea zure bulegoan lasai eserita idazten duzun bitartean”.

Donostiako Festibalean esan zuen: “Egia haurren ahotik irteten da beti, hauek ez baitira kode jakin batzuen arabera mintzatzen, bihotzean sumatzen dutenak eraginda baizik. Horixe izan da nik aditzera eman nahi izan dudana filmaren bidez”.