Donostian jaioa zen 1928an. Txikitandik sumatu zuen kaputxino izateko bokazioa eta 14 urterekin Altsasura joan zen Humanitateak ikastera. 1953an apaiztu zen. Iruñeako San Antonio izan zuen lehen destinoa. Haur abesbatza sortu zuen bertan. 1960an Zaragozara bidali zuten eta han ere koro bat lantzeko aukera izan zuen. 1966an Errenteriara etorri zen eta Andra Mari koro ospetsua sortu zuen. Musika zaletasuna txikitandik zetorkion; bere familian tradizio handia zuen musikak; hain zuzen ere, bere aita Isidro Euskal Herriak eman duen txistularirik handienetakoa izan zen. Donostiako Udal txistulari Bandako zuzendari postua lortu zuen. Bederatzi seme-alaba izan zituen eta denek egin zituzten musika ikasketak. Bere ustez haurraren heziketa integral batean musika lantzea ezinbestekoa zen. Arrastorik handiena Errenterian utzi zuen J. L. Ansorenak. Lehen aipatutako Andra Mari koroa sortzeaz aparte, 1973an Musikaste edo euskal musika astea eraiki zuen; horrela euskal konpositoreen obrak herritarrei gerturatzen zizkien. Egungo konpositoreen obrak kantatzen zituen askotan, nahiz eta batzuetan entzuteko gogor samarrak izan. Armonia berriekin ez baitzeuden ohituta garai hartako belarri musikalak. Handik urtebetera Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa fundatu zuen. Ordurako jabetuta zegoen Jose Luis gure herrian azpiegituretan zeuden hutsuneez eta horiek bete nahi izan zituen. Batez ere musikaren ondare aldetik ez zuen nahi ezer galtzerik eta horretarako obra guztiak katalogatu, garbitu eta zabaldu nahi izan zituen. Jon Bagues, egungo Eresbilgo zuzendariaren esanetan, Ansorenak ahalegin handia egin zuen goi mailako obrak eta egungo euskal musikagileen lanak gizarteratzeko. Sari ugari ere jaso zuen bere bizitzan zehar: 2006an Donostiako Orfeoia-EHU saria eman zioten. 2011. urtean, berriz, euskal kultura sustatzen eginiko lana aitortu zion Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria emanda. Bere herrian bertan ere jaso zuen aitortza: Errenteriako Udalak eta Eresbil– ek omenaldia egin zioten iaz, 90 urte bete zituen egun berean. Musika Plaza izandakoak Ansorenaren izena darama geroztik. Bere profila azaltzerakoan Baguesek honela dio: “nortasun irekia zuen, eraginkorra eta ekipoak antolatzeko gaitasun handikoa. Kultur zabalekoa, jakingura handikoa, giza harremanetarako oso liberala. Konfiantza handia ematen zuen eta horrek ekipo lana asko errazten zuen. Benetan lider sendoa izan zen”. Kaputxino ohi bati esan zion: “zuk ez duzu belarri txarra, heziketa falta zaizu”. Horrela animatzen zituen kantatzeko gogoz zeudenak, nahiz eta iaioak ez izan agian abesteko. Maria Jose Canoren ustez, Ansorena “ameslari ausarta izan zen”. Ez dut aurkitzen definizio egokiagorik. Joan Sebastian Bachek esaten zuen berak konposatzen zuen musikak helburu bikoi– tza zuela: Jainkoari eskerrak ematea eta arimak gozatzea. Adiskide Jose Luis, lan horretan jardun zara zure bizitza osoan. “In paradisun” antifona gregoriano zaharrak dioen bezala, aingeru taldeek jaso zaitzatela musikaren hegaletan eta eraman betiko atsedenera eta bakera. Egun handira arte. Goraintziak hor.