Urrezko ezteiak

Erabiltzailearen aurpegia

Duela egun batzuk ospatu nituen apaiz urrezko ezteiak. 50 urte dira Baionako katedral gotiko dotore hartan apaiztu ginela hamabi gazte. Nik berez nirekin batera ordenatu ziren apaizekin ospatu behar nuen data seinalatu hori, baina Baionako bikario nagusiak esan zidanez hamabitik hiru bakarrik gelditzen gara: bat Afrikan dago eta han bukatu nahi du bere bizitza, bestea gaixo erresidentzia batean eta ni.  ”Ez zegok ezer ospatzekorik”, esan zidan. Orduan erabaki nuen Gipuzkoan 1969an ordenatuak izan zirenekin ospatzea.

Ospakizun xumea izan zen: meza eta bazkaria Donostiako seminarioan. Egun batzuk geroago Gazteluko elkartean bildu nuen familia osoa: guk esaten dugun bezala, ”espezial” pasa genuen. Opari ederrenetarikoa bi iloba bilobek dantzatu zidaten agurra. Zeharo hunkitu ninduten.

Nire apaiz ibilbideak hiru esparru izan ditu batez ere:

Erretore: 1995ean estreinatu nintzen parroko bezala. Artean Santo Tomas Lizeoan ari nintzen irakasten eta aldi berean parrokia koskor bat zuzentzeko gai sentitzen nintzen eta Aginaga proposatu zidaten. Baietz esan nien berehala. 2001a arte izan nintzen erretore. Gero Añorga eta Ibaeta zuzendu nituen. Orain Añorgako parroko jarraitzen dut eta Ibaetako kristau elkarteko laguntzaile.

Aginagan sarrera egin nuenean, meza ondoren Asisko San Frantzisko elkartera joan ginen eta esan zidan batek: ”ondo egin duk hona etortzearekin, gu ez gaituk hara (elizara) joango eta”. Ez al da ongietorri kuriosoa? Ez zela etorriko elizara, baina tarteka agertzen zen: lagunen hiletetara batez ere eta nire homiliak gustukoak zituen:  ”ondo aritu haiz”, esan zidan behin baino gehiagotan. Apaiz lanetan nire lema izan da Kalkutako Ama Teresarena:  ”zuregana datorrena etorri denean baino apur bat zoriontsuago joan dadila”.

Irakasle: Biarnon hamar urtez jardun nintzen; erlijioa kultura eta gaztelania irakasten nituen. Santo Tomas Lizeoan kultur erlijiosoa eta frantsesa. Bai Frantzian eta bai Donostian bi helburu zituen nire eginkizunak: gazteak kulturaz janztea eta zentzu kritikoa lantzea. Inposatu baino gehiago lagundu egin diet, tresnak proposatu dizkiet beren etorkizunari aurre egiteko gai izan daitezen. Gazteak berak izan behar du heziketaren protagonista. Eskola topaketa gune bat da. Biltzen gara elkar ezagutzeko, maitatzeko eta elkarrekin ibiltzeko. Filosofia horrekin saiatu naiz irakaskuntza lanetan.

Organista: Altsasun humanitateak estudiatzen nituela pianoa eta harmoniuma jotzen ikasteko lezioak proposatu zizkidaten. Gustura esan nien baietz, klaseak kirol orduetan ematen ziren arren. Hamabi urte nituen. Geroztik beti ikasten joan naiz. Hamazazpi urte dira Joan Mari Uriartek eskatu zidala Gotzain ospakizunetan organoa jotzea katedralean. Inoiz ez diot behar bezala eskertuko egin zidan fabore hori. Espainiako organorik handiena eta ederrenetarikoa daukagu Donostiako katedralean. Organistaren rola oso garrantzitsua da: gogoeta eta otoitz giroa sortzea batez ere. J.S. Bachek esaten zuen konposatzen zuen musika guztia zela “Jainkoa goresteko eta arimak  gozatzeko”.

Duela gutxi katedraleko eliztar batek esan zidan:  “Luis, hoy nos has alegrado el corazón”. Horrelako testigantzak animatu egiten zaitu zure betebehar hori hobetzen teknika landuz, errepertorioa zabalduz… “Noiz jubilatu behar duk?”, galdetu zioten nire apaiz lagun zahar bati. “Hilobiratzen nautenean”, erantzun zuen. Nik ere zerbitzutxo xume batzuk eskainiz jarraitu nahi nuke ordura arte.